
Zaintzaren profesionalizazioa bultzatzeko tokiko esperientzia aitzindari gisa sortu dira ZainSare guneak, Amurrion, Arrasaten eta Ermuan. Grupo SSIk eta Lakuako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak sustaturiko ekimen hau «zainketen eremuan enplegua eta trebakuntza lortzeko tokiko erreferentzia guneak» dira, zaintza eredu justuago, duinago eta iraunkorragoa lortzeko.
«Partikularrei etxean zaintzak ematen dizkieten milaka langileren lana aitortzeko eta profesionalizatzeko beharrari erantzun nahi dio ekimen honek, horien lana duintzeko eta beraien ongizatea bermatzeko, eta, aldi berean, pertsona nagusiei eta mendekotasun egoeran daudenei ematen zaien arreta hobetzeko»; horrela jasotzen dute proiektuaren funtsa eta zainketa lanei modu integralean erantzuten diela diote.
Amurrioko, Ermuko eta Arrasateko udalekin sinatu dute oraingoz hitzarmena, eta Arrasateko alkate Maider Morrasek ZainSare proiektuaren lehen urratsak arrakastatsuak izaten ari direla nabarmendu du: «Zaintzen gaituzten pertsonen lanaren kalitatea eta duintasuna hobetzea helburu duen ekimen guztietan Arrasateko Udalak bere babesa eta konpromisoa eskaini nahi du. Bereziki, emakumeen lan baldintzak duintzeko eta prekaritatea murrizteko bidean laguntzen dutenetan».
Prestakuntza oinarri
Abian jarri zenetik, hiru udalerriak kontuan harturik 200 pertsona baino gehiago artatu direla jakinarazi dute eta zerbitzuen eskaintza ere zabaltzen hasi dela: «Prestakuntza, prospekzioa, orientazio soziolaboral espezializatua eta laguntza pertsonalizatua eta autozaintza sustatzeaz gain, elkarri laguntzeko sareak ere bultzatzen ditu».
Etengabeko elkarlanean aritzea; egitasmo honen oinarrietako bat hori da, tokiko espazioetatik abiatuta eragin globala lortzeko helburuarekin. Zaintzako langileek zainketa arloko enplegurako gaitasunak eskuratu, enplegu premiak ase, beren burua zaindu eta elkarri laguntzeko sareetan parte har dezakete.
Bestetik, horiek kontratatu nahi dituzten pertsona eta familiek informazioa, orientazioa eta aholkularitza jaso ditzakete, enplegatzaile gisa dituzten eskubide eta betebeharren inguruan. Hirugarrenik, administrazioei, prospekzioan sortutako informazioari esker, politika, jarduera eta bestelako egitasmo eraginkorragoak bultzatzeko aukera emango die.
Ekimenaren sustatzaileek diotenaren arabera, zerbitzuak eskaintzeaz gain, zeharkako lana ere egiten dute: «Zaintza-eredu berrien azpian dauden premiei eta eskaerei erantzuteko gaitasun egokiak dituzten profesionalak prestatzen dira horrela».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon
