
Yosemiteko udazkeneko denboraldiak beti izaten du foku berezi bat, eta aurtengoan ere hormatzar ezberdinek makina bat bisita jaso dituzte. Jakina, Kapitainek leku berezia hartzen du. Iaz bezala, Mikel Inorizak ez du hutsik egin munduan sona handia duen haran horretan. Aurreko denboraldian, adibidez, eskalada bikaina egin zuen Kapitaineko 'Golden Gate' ibilbidean. 900 metroko eta 8a mailako duen ibilbide hori era askean igo zuen. Hortaz gain, Half Domeko 'Regular' bidea zazpi orduko kronoarekin egin zen.
Eskalatzaile arabarrak urrian finkatuta zituen oinak Yosemiten. Lagun batzuekin batera bidaiatu eta, besteak beste, Kapitaineko hormatzarrean jardun zuen. Gainera, bi estilo ezberdinetan. Eta aurtengo bisitan ere, etxera emaitza eder batekin itzuli da. Jon anaiarekin, adibidez, Kapitaineko 'Freerider' (7c+, 900 m) librean eskalatzeko aukera izan zuen. Murru horretatik irten gabe baina beste estilo batean 'The Nose' (5.9, C2 edo 8b+, 900 m) mitikoan sartu zen. Speed climbing edo abiaduran oinarritutako eskaladaren aldeko apustua egin zuen. Nil Alcubilla katalanarekin 10 ordu eta 12 minutuko denbora egin zuen.
Lehen jarduerari dagokionez, aurreratu dugu bi anaia arabarrek soka gerrira lotuta eskalatu zutela 'Freerider'. Ibilbide hori klasiko batean bihurtu da, batez ere era askean eskalatzeko. Eta hain zuzen ere, Inorizak esan digunez biek ala biek helburu hori izan zuten: «Iazko bidaian Nilek marra hori eskalatu zuen, eta Jon anaiak ilusioa zuen librean ekinaldi bat egiteko. Animatu zen eta oso motibatuta sartu ginen. Ibilbide ederra da. Nik lehen zatia iaztik ezagutzen nuen; izan ere, Cap Spire-ra arte 'Golden Gate' ibilbidearekin partekatzen ditu luzeak. Goiko sekzioa ere erakargarria da; kalitate handikoa. Boulder problem, Enduro corner diedro perfektua, Monster offwidth… argazki oso fotogenikoak eskaintzen ditu. Azken luzeek badute xarma berezia. Gu ez gaude artesi zabalekin edo offwitdh-ekin ohituta, eta bada gogor bat guretzat bidearen giltza izan daitekeena. Badakizu teknika kontuak dira».
Urriaren erdian ekaitz latz bat lehertu zen Yosemiten: hormak zein zelaiak elurtu zituen. Baina, oro har, eskalatzaileok hilabete egin zuten eguraldi epelarekin; bero puntu bat ere. Era egokian eskalatu ahal izateko, egoera hori oztopoa izan zen. Lehen bi egunak nahiko lainotuak izan zituzten. Hirugarrenean, berriz, euria egin zien eta baldintza horietan atseden hartzea erabaki zuten, besteak beste, Monster offwidth zain zutelako. Beste egunak epelak izan ziren, eta logistika aldatu behar izan zuten: goiz eskalatzen hasi beroa saihesteko.

Eskaladari dagokionez, bi anaia arabarrek bost egun egin zituzten 'Freerider'-en. Mikelek lehen luzeak ezagutzen zituenez, Jon sokaburu joan zen: «Era askean igotzeko xedea nuenez, urduritasunarengatik lehen zati horretan energia ez xahutzea zen garrantzitsua. Hirugarren egunean, adibidez, Boulder problem-era iritsi ginen. Eguzkia egiten zuen, eta arroka bero zegoen. Probatu eta Cap Spire-ra jaitsi ginen. Biharamunean, sona handia duen luze hori kateatzeko gai izan nintzen. Enduro corner-en ere egoera berarekin topo egin genuen. Osasunez ez geunden oso ondo eta hamaka antolatu genuen. Hurrengo egunean luze horretan sartu eta erorikorik gabe kateatu nuen. Sona duen zeharkaldia patrikan sartu eta azken luzeak zain genituen. Eskaladaren bosgarren egunean gailurrera heldu ginen. Jon anaiak ia luze guztiak librean igo zituen; besteak beste, zintzilik utzi zituen Boulder problem eta goiko besteren bat. Nik, berriz, 'Freerider' osorik era asekan igo nuen».
Inoriza anaiak oso gustura daude Kapitaineko ibilbide horretan bizitako eskarmentuarekin. Bidea oso ona izateaz gain, luze ederrak eskalatzeko aukera izan dute: «Bost egun eta lau gau izan ziren 'Freerider'-en. Euria, beroa, luze gogorretan estutzen, estrategia zein logistika ondo kudeatzen saiatzen… Hortaz gain, bitxikeriaren bat edo beste izan genuen. Cap Spire-n utzitako petatea ez genuen ondo itxi. Beleak horrekin konturatu ziren, eta han ibili ziren janaria lardaskatzen».
'The Nose'
Ibilbide mitiko hori ere Mikelen helburua izan zen. Alabaina, aurreratu behar dugu 'The Nose' beste era batera hartu zuela. Speed climbing edo abiaduran oinarritutako eskalada izan zen indarrean jarritako estiloa. Eskalatzaile estatubatuarren artean estilo hori oso barneratuta dago; Yosemiteko kulturaren zutabe nagusi bat da. Europarrentzat, aldiz, ez da hain ohikoa. Horregatik azpimarratzekoa da Alcubillak eta Inorizak 'The Nose'-n eginiko eskalada. Sokada horren denbora: 10 ordu eta 12 minutu.
Inorizak esan digunez iaz Half Domeko 'Regular'-en (7 ordu) izaniko eskarmentuak bultzatu zituela 'The Nose'-n estilo horretan jarduteko. Denboraldi honetan ibilbide horrek bisita ugari izan ditu; ilara batzuk ikusi dira. Halere, Alcubillak eta Inorizak zorte handia izan zuten: «Onartu behar dut erabat harrituta geratu ginela: marra osoan bakar-bakarrik geunden! Jakina, egoera horrek azkar eskalatzeko lagundu zigun. Gu ez gaude estilo horrekin ohituta, baina, iaz Half Dome-n egin genuen bezala, ausartu ginen. Ez genuen sokarik finkatu eta, gainera, ibilbide horren luzeak ez genituen aldez aurretik eskalatu. Estatubatuarrak ez bezala, ez gaude teknika horrekin eroso, baina gustatu zitzaigun ziztu bizian eskalatzea. Estilo zaindua ez dugunez, esan behar dut arrisku berezirik ez genuela hartu».

Estrategiari dagokionez, blokeka eskalatu zuten. Eskalatzaile bakoitzak sei-zapi luze igotzen zituen, eta, ondoren, sokaburua aldatzen zen. Balizko jaitsiera bat (rappelak) egiteko 60 metroko soka fin bat edo kordino bat eraman zuten: «Badakigu gauza asko hobetzeko dugula estilo horretan. Batez ere, jumareatzen ez gara batere iaioak. Baina argi esan behar dut topera joan ginela, hots, den-dena ematen. Jakina, gu ez gara errekor baten atzetik jardun; ezta gutxiagorik ere. Gure asmoa zen ahalik eta azkarren igotzea eta estilo horretan eskarmentu berri bat izatea. Horregatik uste dugu ere europarrak izanik denbora duina egin genuela».

Azken sanferminetako txupinazoan izandako errepresioa salatu dute zenbait eragilek

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai
