
Antonia Pozzi eta Nazim Hikmet biak dira goi klaseko familietan jaioak, nahiz beraien bizi ibilbideak eta poesia moldea ere oso ezberdinak diren bata bestearengandik. 1912ko otsailean jaio zen Pozzi. 26 urte zituela hil zen bere buruaz beste eginda. Hamar urtean bizi izan zen poesia sokuntzari emana.
Bere heriotzaren ostean, aita izan zen literatur lanak argitara emateaz arduratu zen, hori bai, bere galbahe propiotik pasata. Ondorioz, nekeza da originalak nolakoak ziren zehatz mehatz jakitea. «Badira idazle batzuk, poeta batzuk (Yukio Mishima, Anne Sexton, Silvia Plath...), zeinen heriotzari garrantzi gehiago ematen zaion askotan bizitzari baino. Pozziren kasuan niri heriotza baino interesgarriagoa iruditzen zait heriotza ondoren gertatu zena. Familiak egin ahalak egin zituen alabaren suizidioa ukatzeko, bertsio ofiziala inposatu zuen, esanez pulmoniaz hil zela. Aita Mussoliniren sokakoa zen. Bestetik, hil eta berehala, Pozziren testamentua suntsitu zuen aitak eta gerora haren poesia argitaratu gabea –poesia asko zeukan idatzia kuadernoetan–, haren poesia editatzen, eskua sartzen, hasi zen. Ez dakigu beraz noraino eraldatu zuen berak bere alabaren ahotsa», esan du Jauregik.
«Hasieratik interesgarria iruditu zaidana da Antonia Pozziren memoria borrokatua iritsi zaigula, azken finean haren heriotza ondoren ezarri zitzaion indarkeria guzti horrek ezinbestean eraldatu du gure pertzepzioa. Hala ere, aitaren interbentzio hori gorabehera, ahots propio oso berezia etorri zait, argitaratu eta gerora oso estimatua izan zena», gaineratu du.
Pozziren obran mendiak duen pisua nabarmendu du itzultzaileak: «Oso mendizalea zen. Eta, Antonella Aneddak dioen bezala, mendian izandako esperientzia horiek guztiak idaztea ez zen hasiera batean ematen duen bezain autobiografikoa. Bere poesia erabat autobiografikotzat hartu da, baina mendia ez da postal huts bat, ez da zerbait turistikoa, ez bada egotearen beraren fenomenoaren gaineko ikerketa. Lurra bera oinarri duen fisikotasun baten analisia, gauzek barrura iritsi nahia dago bere begirada poetikoan».
Argazkilaritza ere landu zuen Pozzik. «Argazki gehiago utzi zituen poemak baino», zehaztu du Jauregik. «Mendira joan eta mendiko argazkiak eta naturarenak egin zituen eta badauka lotura Gustave Flaubertekin. Apetatsua ematen du loturak, baina Flaubert ikertu zuen unibertsitate garaian eta Flaubert bezain behatzaile fina dela esan genezake», jarraitu du.
Hikmet, maite zituenetatik urrun
Gabriel Arestiren oihartzunak aurkitu ditu Gotzon Barandiaranek Nazim Hikmeten olerkian. Hausnarketarako bi kontu aipatu ditu: «Batetik, nire ustez Hikmeti gertatzen zaion tragediarik handiena da gehien maite duen horretatik oso urruti idatzi behar izan zuela». Munduko Poesia Kaierak bilduman euskarara ekarri den lehen autore turkiarra da.
«Bere poemetan behin eta berriz agertzen den maitalea, maitea, herritarrak, Turkiako herri xehea, zapaldua, ia esklabo bizi dena berak esaten duen bezala, oso urruti dauka bere bizitzaren parterik handienean. Izan ere, 13 urte kartzelan ematen ditu, jazarria da etengabe kanpoan zegoenean ere eta Errusian egin zituen bere bizitzako urterik gehienak», gaineratu du.
«Bere helburua zen ordura arteko Pertsiako poesia klasikoarekin haustea eta irakurtzen ez zekiten horiei idaztea. Semearekin ere ezin du egon eta nik somatzen diot izugarrizko min bat, ezintasun bat, urruntasun horrek eraginda. Bihotzekoak jota hil zen. Eta niri etortzen zait Aresti etengabe. Horrenbeste sufritzen zuen herriagatik, gaixotu egin ere egin zela. Antzekotasun handiak ikusi dizkiot eta oso hurbila egin zait Hikmet. Alderdi Komunistaren menpeko aitortu zuen sarritan bere luma. Idazle militantea zen beraz, herriari mintzatzea helburutzat zuen militantea, zehazkiago herria kontzientziatzea», azaldu du.
Isabel Etxeberriak Hikmeten liburuari eta Maialen Berasategik Pozzirenari –biak bildumaren editoreak– osatutako hitzaurreak goraipatu dituzte bi itzultzaileek. «Arantxa Urretabizkaiak ‘Lau gartzelak’ libururako hitzaurrea egin zuen eta Gabriel Arestik itzuli zuen, nork bestela? Eta hitzaurre hartan ez du egiten liburuari berari buruzko hitzaurrea, Hikmeten poetika osoari hitzaurrea egin zion Urretabizkaiak, oraindik ere oso argigarria dena edozein poetari lan bat egiteko orduan», nabarmendu du.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

