Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskalgintzaren Kontseiluak «euskararen desofizializazioa» ematen ari dela salatu du

Euskalgintzaren Kontseiluak protesta egin du astelen honetan Bilbon eta Donostian, euskara eskakizunen aurkako azken sententziak tarteko. Salatu dute «euskararen desofizializazioa» ari dela gertatzen eta ordezkari politikoei ardura eskatu diete.

Bilbon Epaitegien aurrean egin dute protesta. Irudian, Estibaliz Ealo.
Bilbon Epaitegien aurrean egin dute protesta. Irudian, Estibaliz Ealo. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Elkarretaratze bikoitza egin du Euskalgintzaren Kontseiluak, Donostian eta Bilbon, Foru Aldundiaren eta Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, hurrenez hurren. Euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatu dute eta oldarraldi euskarafoboari aurka egiteko beharra berretsi. LAB eta ELA sindikatuekin batera egin dituzte protestak.

Bizkaiko Foru Aldundiko enpresa komiteko Estibaliz Ealok hartu du hitza Bilboko agerraldian. Adierazi duenez, «sententziaz sententzia euskararen ofizialtasuna bera deseraikitzen ari da botere judiziala». Izan ere, gogora ekarri du Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen aurkako sententziak onartzen duela herritarren herenari ukatzen diotela zerbitzuan euskaraz artatua izateko aukera eta beraz, hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen direla. «Hala ere, urraketa horri konponbidea jarri asmo zion lan deialdia bertan behera utzi du epaileak», deitoratu du.

Gaineratu duenez, jada arazoa ez da bakarrik euskararen normalizazioan aurrera egin ezina, baizik eta «orain arte izandako zorua bera dagoela kolokan». Ohartarazi du 40 urte atzera egiteko arriskua dagoela.

Azaldu du une historikoak aukera ematen dela administrazioa euskalduntzeko, erretiroa hartzear daudenen ordezko izan daitekeena «inoizko belaunaldi euskaldunena» baita. Aurreikuspen horrekin egin zuten elkarretaratzea deitu duten eragileek, hots, Euskalgintzaren Kontseiluak, LABek eta ELAk, administrazioa 15 urtean euskalduntzeko proposamena.

Horregatik, ordezkari politikoei galdegin diete «dagokien arduraz» joka dezatela, «ezinbestekoa» baita «euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea». Izan ere, azpimarratu du «hizkuntza eskakizunen paradigma» gainditu beharra dagoela eta langile publiko guztiek euskararen ezagutza izan dezatela bermatu.

Aitortu du «asko» dela orain arte aurreratu dena, baina «dena gero eta azkarrago doan mundu honetan» euskararen normalizazioa ere azkartu beharra aldarrikatu du. Horregatik, orain arte baliatutako bideez gain berriak urratzeko deia egin du: «Hizkuntza larrialditik indarraldirako hauzia emateko pizkunde berri bat eragin behar dugu».