
Bi gizonezko ezpata eskuan borrokan eta beste lau inguruan begira. Hauxe da ‘Biba gorriac!’ liburuaren azalak erakusten duena. «Marrazkiak harrapatzen du ezpataz batak besteari lepoa zulatzen dion unea. Erasoan ageri den ezpataria Charles Floquet da (1828ko - 1896), Frantziako lehen ministro euskalduna. Donibane Garazin jaioa, Etxeberri anderearen semea eta berarekin ezpataren ziztada jasotzen ari den beste ezpataria George Boulanger 1837 - 1891) da, garai hartan Frantzia osoan politikari ezaguna, eskuindarra, militarra, populista eta oposizioko burua. Zer egiten zuten Parisko lorategi horretan ezpata duelua egiten? Bezperan eztabaida parlamentario istilutsua eduki zuten, eta oposizio buruak, Boulangerrek, Floquet ministroari gezurti deitu zion. Honek garai hartako moldean erantzun zion, duelurako desafioa eginez. Eta hurrengo egunean hantxe zeuden, elkarrekin borrokan», azaldu du.
‘Le Reveil Basque’ astekariak gertaerari euskaraz eskainitako kronika da Muruak bere ikerketan aztertu duen testuetako bat. «Biak bizirik atera ziren, baina Floquet lehen ministro euskaldunaren garaipenarekin, ‘Le Reveil Basque’ aldizkariaren pozerako, hain zuzen ere aldizkaria sortu zelako Floquet bezalako politikari gorrien alde egiteko».
‘Biba gorriac!’. Imanol Murua Uriak (Zarautz, 1966) XIX. mendera egin du atzera ‘Le Reveil Basque’ astekariak euskaraz landutako albisteak eta kronikak aztertzeko. Argitalpen errepublikazale elebiduna izan zen ‘Le Reveil Basque’. Frantsesez zen informazioaren zatirik handiena baina euskaraz ere argitaratzen zuen euskaldunek euren hizkuntzan jaso zitzaten berriak. Pauetik Euskal Herri osoarentzat idatziak. Frantsesezko pieza asko handik aste batzuetara ‘Californiako Eskual Herria’-n euskaraz irakur zitezkeen.
«Badaude monografia akademikoagoak, baina dibulgazioaren aldetik ez daude hainbeste testu liburu dendetara iristen direnak publiko zabalarengana horrelako gaiekin. Zentzu horretan nik uste badela garrantzitsua liburu hau ez genekizkien gauza asko dagarkizkigulako», esan du Lander Majuelo Pamielako editoreak. «Imanolek lortu du irakurtzen oso erraza den testu sakona, eta ez da erraza», gaineratu du.
«Iturrien bidez oso ongi dago zehaztuta nondik datorren kontu bakoitza. Eta saiatu gara garaiko argazkiekin kontestua ematen gaur egungo irakurleari», esan du.
XIX. mende amaierako mundu aldakorraren argazkia
XIX. mende amaierako mundu aldakorrari ‘Le Reveil Basque’-ek astez aste egindako argazkiari begira aritu da Murua. Xurien eta gorrien arteko konfrontazioak Euskal Herrian, Frantziako III. Errepublikako borroka politikoak, Sadi Carnot presidentearen hilketa eta haren hiltzailearen gillotinatzea, Eiffel dorrearen eraikitzea, aurreneko Maiatzaren Lehenak, Kaliforniako euskaldunen gorabeherak... Makina bat kontu aurkituko ditu irakurleak Pamielaren argitalpenean. «Informazio politikoa zen bere indargunea, sestra politikoen berri ematen zuen», esan du.
‘Le Reveil Basque’ editatzen hasi eta handik urtebetera, 1887an ekin zion bere bideari ‘Eskualduna’-k. «Biek launa orrialde ateratzen zituzten astero, garai hartako egunkari eta aldizkari gehienek bezala, eta biek kazetaritza guztiz ideologikoa egiten zuten. Propaganda gehiago egiten zuten kazetaritza baino. Iritzi gehiago informazioa baino», kontatu du.
Euskarazko prentsa modernoaren aitzindaritzat jotzen da ‘Le Reveil Basque’. «Ez ziren izan euskarari leku egin zioten lehenengo hedabideak, baina bai gaurkotasun informatiboari astez-asteko segimendua euskaraz egin zioten lehenak, eta horregatik euskarazko kazetaritza informatiboan aitzindariak izan ziren. Aitzindari anonimoak esan beharko dugu, zeren garai hartan testu gehienak sinadurarik gabe ziren, sinatzen zena inizialekin edo pseudonimoekin egiten zen. ‘Le Reveil Basque’-ren kasuan behintzat testu anonimo horien atzean noren eskuak zeuden ere ez dakigu».
Astez-aste kazetaritza euskaraz egin zuten lehen kazetari anonimo haien aitortza ere izan nahi du liburuak.
EHUn irakaslea da egun Murua eta aurretik ere ikertuak ditu euskarazko kazetaritzaren hastapen garaiak. 2023an euskarazko lehen kroniken berri eman zuen, ‘Californiako Eskual Herria’-ren kazetaritza ereduari erreparatu zion segidan eta iaz ‘Le Reveil Basque’-ren informazio politikoari jarri zion fokua. Beste hainbat libururen egilea ere bada: ‘Suetena Belfasten’ (1996, Humberto Unzuetarekin batera), ‘Palestina zauritua’ (1998) eta ‘Loiolako hegiak’ (2010), bestek beste.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

«Dirigiremos Venezuela hasta que haya una transición», proclama Trump tras secuestrar a Maduro

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

