NAIZ
Donostia

‘Moebiusen ertzak’ eta ‘Bazter utzietan’, aurtengo Irun Hiria sariko uzta

Garazi Kamio transexualitatea eta zahartzaroa ditu ardatz ‘Moebiusen ertzak’ nobelan eta Karlos Linazasorok, aldiz, bakardadeari eta bizitzako gai unibertsalei heldu die ‘Bazter utzietan’ poema liburuan. 

Garazi Kamio eta Karlos Linazasoro, argitarati berri diren haien bi liburuekin.
Garazi Kamio eta Karlos Linazasoro, argitarati berri diren haien bi liburuekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Transexualitatea eta zahartzaroa. Garazi Kamio idazle andoaindarrak aktualitate handia duen gai bati heldu dio Irun Hiria saritara aurkeztu duen nobelarekin. Aurretiaz ere literaturgintzan eskarmentuduna, Igartzarekin ‘Beste norbaiten zapatak’ ipuin liburua eta Augustin Zubikarairekin ‘Orube abandonatuak’ argitaratu ondoren, nobelaren generoari bete betean heldu dio ‘Moebiusen ertzak’ lanarekin. 

Angel, jaiotzez Angela izan zen gizasemearen bizitza aletzen du Kamiok bertan. Bere jaioterritik hiri handi baterako bidea nola hartu zuen –«ez dut Bartzelonan edo Madrilen kokatu nahi izan, Bilbora eraman dut pertsonaia», azaldu du idazleak– agertzen da liburuan eta, era berean, itzulerako bidea egitera behartuta ikusiko du protagonistak bere burua, zahartzaroak hala behartuta. «Moebiusena bada ertzik ez duen banda bat eta nik ertzak jarri nahi nizkion kontakizun honi. Angelen historia kontatzen da, Angela bezala jaio zena, baina ezentrizismora eta muturrera jo gabe», adierazi du. 

Umezurztasuna

Karlos Linazasoro idazle tolosar beteranoa izan da poesiaren alorrean aurtengo saritua, hain zuzen, ‘Bazter utzietan’ poema liburuagatik. Bigarren aldia da Linazasorok Irun Hiria saria eskuratzen duela, 1992an irabazi baitzuen lehenengoz ‘Apunte eta ahanzturak’ lanarekin. Genero desberdinetan lan ugari argitaratutakoa, poesia da ziurrenik idazle honen gotorleku kutuna eta hantxe hartu du babes ‘Bazter utzietan’ bilduman ere. 

«Uste dut bazterrean uzten ditugula gero eta gauza inportante gehiago, gauza txikiak, xumeak. Daramagun martxa honetan oso bide galduetara goaz eta aldarrikatzen dut gauza txikiei begiratu egin behar zaiela, ahaztu egin zaigula gauza txikiei begiratzen, ez dugu zuloetan begiratzen, gauzen atzekaldean begiratzen, hutsarteetan, arrakaletan, naturaren atzean zer dagoen. Uste dut poesiak erakusten duela gauzak ez direla aldebakarrekoak, esanahi gehiago dutela azpian, ezkutuan, eta liburuak hori aldarrikatzen du, nola galdu dugun gauza esentzialei begiratzeko patxada eta ohitura», nabarmendu du idazleak. 

Nolanahi ere, ohikotasun literarioan heltzen dien gaiei erreparatu die oraingoan ere, gai unibertsalei, izan maitasuna, bizitza, heriotza edo gero eta gehiago arduratzen duen denboraren joana. «Uste dut denak umezurtzak garela, oso bakarrik gaudela munduan. Momentu berezietan, eta bizitzaren parterik handienean, nahiz eta familiaz inguratuta egon, askotan bakarrik sentitzen naiz, eta umezurtz geratze hori oso presente dago liburuan. Denborak aurrera egin ahala galtzen ditugu gauza asko. Malenkonia hori badago, baina bestalde poza ere bai, atzean geratu diren gauza horiek bizitu egin ditugulako».