NAIZ

Antxoa gaztearen kopurua hazi egin da Bizkaiko Golkoan, batez besteko historikoa bikoiztuz

Antxoa gaztearen kopurua nabarmen hazi da aurten Bizkaiko Golkoan, Lakuako Gobernuak eta AZTIk egindako ikerketaren arabera. Orotara, antxoa gazteen biomasa 544.781 tonatakoa da, batez besteko historikoaren bikoitza.

Antxoa gaztea neurtzen.
Antxoa gaztea neurtzen. (AZTI)

Bizkaiko Golkoan antxoa gaztearen kopurua nabarmen hazi da, batez besteko historikoa bikoiztuz, Lakuako Gobernuak eta AZTI zentroak Juvena 2025 kanpaina zientifikoan egin duten ikerketaren datuen arabera.

Lortutako estimazioek ugaritasun maila handia berresten dute, eta antxoa gazteen biomasa 544.781 tonatan kokatzen dute. Kopuru horrek igoera nabarmena dakar 2024an erregistratutako 255.344 tonekin alderatuta.

Arrantza kanpainarako aurreikuspen ona

Irailaren 5etik urriaren 10era bitartean garatutako Juvena kanpainaren emaitzek 2026ko kostako arrantza kanpainarako erreklutamendu ona aurreratzen dute, eta maiatzean Bioman kanpainak markatutako aurreikuspenak berresten dituzte. AZTIk berak gidatutako beste kanpaina horrek biomasa heldu handia eta arrautza ekoizpen altua estimatu zituen.

Lakuako eta Estatuko gobernuen jarraipen programen esparruan kokatutako bi azterlan hauek espeziearen bizi-ziklo osoaren argazki osoa eskaintzen dute; funtsezko informazioa, Kantauri itsasertzeko baliabiderik baliotsuenetako baten kudeaketa moldakor eta iraunkorra bermatzeko.

«2025eko datuek argi erakusten dute espeziearen egoera ona, eta berriro ere azpimarratzen dute arrantza kudeaketan ezagutza zientifikoan oinarritzea zein garrantzitsua den», adierazi du Leandro Azkue Lakuako Gobernuko Arrantza eta Itsasertzeko Garapeneko sailburuordeak.

Juvena eta Bioman serieen konbinazioari esker, erreklutamendua eta izakinaren (stockaren) bilakaera zehaztasunez estima daitezke; funtsezko informazioa da hori Itsas Ikerketarako Nazioarteko Kontseiluak (CIEM) egiten duen ebaluazio zientifikorako.

Baldintza ozeanografiko onuragarriak

Aurten Juvena kanpainak estimatutako ugaritasunak —38.160 itsas milia karratuko azalera hartu du aztergai— udaberrian jaiotako ale gazteen biziraupen bikaina berresten du, eta larba eta gazte faseen garapenerako baldintza ozeanografiko eta ekoizgarri oso onuragarriak egon direla erakusten du.

«Antxoa europarra bizi-ziklo laburreko eta urtez urteko aldakortasun handiko espeziea da, Bizkaiko Golkoaren baldintza ozeanografikoen oso mende dagoena. Bi eta hiru urte arteko bizi-zikloa du, eta bere ugalketa faktore hauen menpe dago: uraren tenperatura, elikagai eskuragarritasuna eta ozeano korronteak, besteak beste. Horregatik alda daiteke horrenbeste bere biomasa urtetik urtera», azaldu du Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiak (CEO).

Aztertutako antxoa gazteen batez besteko luzera 6,3 zentimetrokoa izan da, seriearen batez bestekoaren azpitik; eta hori ohikoa da errunaldiaren biziraupen handiko urteetan.

«Kanpaina hauek funtsezko informazio zientifikoa ematen jarraitzen dute, eta argi erakusten dute zientziaren, administrazioaren eta arrantza sektorearen arteko lankidetza eraginkorra dela antxoaren kudeaketa jasangarri eta arduratsua bermatzeko», gehitu du Pozok.

2025eko antxoaren kosteraren emaitzak

2025eko antxoaren kosterak harrapaketa maila altua izan du, eta merkatua egonkor mantendu da. Estatu mailako kuota erabilgarria 28,6 milioi kilokoa izan da. Eginiko harrapaketa osoak 21,3 milioi kilo izan dira (Estatuko kuotaren %74). Hego Euskal Herriko arrantzaleei esleitutako kuota 8,05 milioi kilokoa izan da. Bizkaia eta Gipuzkoako flotak egindako harrapaketa: 7,2 milioi kilo (esleitutako kuotaren %90). Lonjako batez besteko prezioa 2,05 euro kiloko izan da, 2024koaren gainetik (1,5 euro kiloko).