Arnaitz Gorriti

Aurreneko zati bikaina alperrik galtzen utzi du Kaunasen Baskoniak azken laurdenean (82-67)

Zalgiris hankapean erabili du aurreneko 20 minutuetan, baina neurketa luzetxo egin zaio eta talde lituaniarrak hirukoz hiruko buelta eman dio neurketari. Gasteiztarrek talde jokoa bertan behera utzi dute markagailuan atzetik jarri direnean.

Luwawu-Cabarrot oso bakarrik geratu da azkenerako.
Luwawu-Cabarrot oso bakarrik geratu da azkenerako. (@SASKI BASKONIA)

ZALGIRIS KAUNAS 82 - KOSNER BASKONIA 67

Betiko moduan, etxetik kanpo galtzaile atera da Kosner Baskonia. Baina ezin da esan «betiko moduko» porrota izan denik. Aurreneko 20-25 minutuetan gasteiztarrak Zalgiris Kaunas menpean erabili du eta Sylvain Franciscoren puntuei eta Brazdeikisen hirukoei esker eutsi dio talde lituaniarrak arabarren joko bolada bikainari.

Tamalez, partidak aurrera egin ahala, luzetxo eta astun egin zaio partida talde gasteiztarrari eta azken laurdena 54na berdinduta iritsi baldin bada ere, azken hamar minutuetan erabat desagertu da Paolo Galbiatiren taldea. Nekeak jota akaso, baina era berean, markagailuan bere burua atzetik ikusi duelarik, talde jokoa albo batera utzi du talde arabarrak, eta kolpez kolpe partidaren agintea berreskuratzen ahalegindu denean, egurra jaso du. Hain zuzen, azken laurdeneko partziala 28-13 izan da, Baskoniaren aurka.

Alde ederra neurketaren hasierarekin! Ia akordatzerako 2-10 aurretik jarri dira Paolo Galbiatiren mutilak. Francisco antolatzaile frantsesaren eskutik erreakzionatzen saiatu da Zalgirs Kaunas, baina talde jokoaren eraginez, Kurucs bikain uztaipean eta Luwawu-Cabarrot beste behin taldeko buruzagi kanpotik, Baskonia unetxo batez 12-24 aurreratu da. Erasoan jokalarien talentuak egin duenak, gainera, defentsako lanean taldeak eman duen maila ere aipagarria izan da, errebotea ere kontrolpean izan baitu.

Alabaina, Zalgirisek hirukoetan ohi baino gehiago asmatu dute eta horri esker bizirik iraun duten norgehiagokan. Eta hori sufritu egin duela talde lituaniarrak jaurtiketa libreen marratik! Hala, atsedenaldian gasteiztarren aldea merezi baino askoz eskasagoa izan da: 37-42.

Lainoak begietan

Hasiera baten eutsi dio Zalgirisen erantzun nahiari Kosner Baskoniak hirugarren laurdenean ere. 40-49 aurreratu direlarik hirugarren laurden hori aurrerantz zihoala, Luwawu-Cabarrot buru dela eta Kobi Simmonsen lan bikainarekin –Markus Howard Gasteizen geratu da aurpegian kolpe gogorra jaso baitzuen asteleheneko entrenamenduan–. Baina talde lituaniarrak Tubelis, Sirvydis eta Sliva aurkitu ditu partida berriz ere berdintzeko, azken laurdenera iristerako markagailua 54na jarriz.

Laugarren zatia ongi hasi da Baskoniarentzat, Frischek hirukoa sartu baitu: 54-57. Baina Zalgirisen erantzuna erabatekoa izan da: 15-2ko partziala. Erregai fisikorik gabe geratu dira gasteiztarrak azken minutu horietan eta. lainoa sartu zaie begietara.

Bata bestearen atzetik, baloiak galtzen hasi dira Galbiatirenak eta kontraerasoan, Francisco, Tubelis eta Brazdeikisen eskutik partida erabakita laga du Zalgirisek, Zalgirio Arena bete duten 15.000 zaleen zoramenerako.

Ez du «betiko moduan» galdu, baina azken emaitza «betiko modukoa» izan da, are mingarriagoa minutu bikainak jokatuta iritsi delako.

PARTIDAKO FITXA:

ZALGIRIS KAUNAS: Sylvain Francisco (23), Ulanovas (5), Brazdeikis (13), Tubelis (15) eta Wright (4) –hasierako bostekoa–, Madolo Lo (9), Sirvydis (8), Sleva (5), Birutis eta Rubstavicius.

KOSNER BASKONIA: Kobi Simmons (12), Rodions Kurucs (8), Hami Diallo (3), Khalifa Diop (2) eta Rafa Villar –hasierako bostekoa–, Markquis Nowell (6), Matteo Spagnolo (4), Tadas Sedekerskis (3), Mamadi Diakite (8), Tim Luwawu-Cabarrot (18) eta Clement Frisch (3).

Epaileak: Mogulkoc, Konstantinovs eta Attard. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 18-24, 19-18, 17-12, 28-13.

Gorabeherak: Markus Howardek ezin izan du Zalgirio Arenan jokjatu, aurpegian jasotako kolpe baten erruz.