Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Mendi Film prest da hemezortzigarren edizioaren ateak zabaltzeko

Mendiko kirolak eta natura ardatz dituen kultur ekimen horrek abenduaren 5ean izango du inaugurazio ekitaldia. 45 pelikula lehiatuko dira sail ofizialean eta, denera, hamar sari banatuko dira. Hortaz gain, antolatzaileek egitarau oparoa aurkeztu dute.

Mendi Film jaialdiaren aurkezpena, Bilbon.
Mendi Film jaialdiaren aurkezpena, Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

International Alliance for Mountain Film (IAMF) erakundeak urtero antolatzen duen zirkuitua amaiera aldean dago. Azken mendi zinemaldi horien artean Mendi Film azaltzen da. Astearte honetan aurkeztu dute Bilbon hemezortzigarren edizioa, hain zuzen ere, abenduaren 5etik 14ra egingo dena. Hortaz, hamar egunez, Bizkaiko hiriburua mendiko kiroletan eta naturan oinarritutako ekoizpenen aterpe bihurtuko da.

Gaurko aurkezpenean lagun izan dituzte jaialdiko babesleak eta jaialdian estreinatuko diren euskal pelikuletako zuzendariak. Agerraldiak mami asko eta sakonak izan ditu. Adibidez, lasai asko esan daiteke urteko hitzordu nagusiari begira hauspotuta iritsiko dela jaialdia. Mendi Filmek bere eragin ekonomiko, soziala eta kulturala neurtzeko ikerketa bat eskatu du azken urtean zehar. Ikerketa Euskal Herriko Unibertsitateak eta Cultumetria enpresak egin dute, Alvaro Fierro irakaslearen koordinazioarekin.

Mendi Filmeko zuzendari Jabi Baraiazarrak ikerketaren nondik norakoak aipatu ditu, eta horren inguruan balorazioa ere egin du. Oro har, balorazioetan gehien agertu diren kontzeptuak honakoak izan dira: festibalaren edukien kalitatea eta inpaktu bisual eta emozionala, antolakuntza ona, euskal kultura eta nortasunarekin lotura, komunitatea sortzeko eta mendiaren garrantziaz sentsibilizatzeko gaitasuna eta kultur ekimen horrek denbora luzean jarraitzeko gogoa.

Ohi den bezala, pelikulak izango dira protagonistak; batez ere sail ofizialean lehiatuko direnak. Iazko kopurua berdinduz, mundu zabaleko bazter ezberdinetatik 226 lan aurkeztu dira. Baina «garbiketa» lanak egin eta gero, 45 izango dira lehia nagusi horretan parte hartuko dutenak. Horiei guztiei beste hamar eduki gehituko zaizkie; guztiak ala guztiak lehiaz kanpoko Zabalandi sailekoak dira.

Estatu espainiarra da pelikula gehien dituena, 17rekin. Ekoizpen frantsesak dira hurrenak, 12rekin, eta Erresuma Batua, Austria, Alemania, Suitza, Italia, Eslovenia eta Belgikako pelikulak gehituz, Europako mendi zinemagintza da jatorrietan ordezkatuena, guztira 44 pelikularen ekoizpenetan parte hartuz.

Baraiazarrak gehitu nahi izan du film asko deigarriak direla eta puntako zuzendarien «sinadura» daramatela. Horien guztien artean Mendi Filmeko zuzendariak honakoak aipatu ditu: ‘Girl climber’, ‘Champions, of the golden valley’, ‘Beste day ever’, ‘Trango’, ‘Climbing for life’ eta ‘Itsasora’.

Mendi Filmeko zuzendariak ez ditu ahantzi egin nahi izan hiru euskal ekoizpen: ‘Harri, Orri, Arkatz’, ‘Sustraiak’ eta ‘Oiarzabal, entre Juan y Juanito’.

Baraiazarrak ere sail ofizialean parte hartuko duten zuzendarien zerrenda aletu du: Ben Sturgulewski, Bertrand Delapierre, Lapied familia, Yannick Boissenot, Ben Knight, Iara Lee, Jochem Schmoll, Marco Zingaretti, Javier Alvaro Palomares, Junji Sakamoto eta Rodolfo Montero.

Gogora dezagun 24.800 euro banatuko dituela Mendi Filmen palmaresak, 12 saritan banatuta. Eta sariak aipatzen jarrita, ezinbestean azpimarratu behar da aurtengo WOP Mendi Film Saria. Mendiko balioak transmititzen izan duen arteagatik, alpinista eta eskalatzaile bezala, eta baita liburu editore eta dibulgatzaile bezala ere, Catherine Destivelle frantziarrak jasoko du The Walk On Project eta Mendi Filmek eskutik egiten duten aitortza.

Berrikuntzak ere bai

Bestalde, Bilboko agerraldiak puntu berezi bat izan du. Mendi Filmen aurtengo berrikuntza nagusietako bat egoitza bakarrarena da: Euskalduna jauregian egingo dira emanaldi eta jarduera guztiak. Hortaz, jaialdiaren kanpaleku nagusia bihurtuko da areto hori. Girotzeko, atrezzo berezia ere izango du, Kantabriako Europako Mendietako Liebana eskualdeko hainbat erakusmahai promozionalekin atonduko baita ingurua.

Berrikuntza da, baita ere, hasiera ekitaldia larunbatean egitea, ostiralean beharrean. Abenduaren 6an, 19.45etik aurrera, hitzordu berezia izango da: Juanito Oiarzabali buruzko pelikula estreinatuko da orduan, Javier Alvaro Palomaresek ondu duena.

Azken urte luzeotan bezala, mendiko euskal zinemak protagonismoa izango du; beste behin, Mendi Filmek erakutsi du Euskal Herriko ekoizpenen aldeko apustu sendoa egiten duela. Euskal egiletzako hamabi pelikula aurkeztuko dira aurten Bilboko jaialdian, eta, ezustean ala ez, egileak aurkezpen ekitaldian bildu dira: Jesus Mari Lazkano, Jon Herranz, Luis Arrieta, Julen Elorza, Alfonso Garcia, Mikel Urdangarin, Haizea Huegun, Ibon Gaztañazpi, Nagore Eceiza, Iñigo Lamana, Unai Jaureguibeitia eta Jon Mendizabal.

Amaitzeko, gaurko agerraldian Mendi Filmeko arduradunek zinemaz harago dagoen egitarau oparoa aurkeztu dute: erakusketak, hitzaldiak, liburuak, mahai-inguruak… Adibidez, mendiko zinemagintzaren industria ardatz izango duen Mendi Pro jardunaldian Ben Sturgulewski eta Katie Stjernholm arituko dira. Emakumea eta mendiaren arteko lotura islatzen duten hainbat pelikula aurkeztuko dira aurten ere Mendi Filmen, eta mahai-inguru berezi bat antolatu da. Etxeko txikienentzat eta familientzat saio berezia da ‘Mendi Magikoa’: film laburrak, antzerkia Les Bobe Bobe konpainiaren eskutik, Eriz magoa…

Bestalde, bi erakusketa nagusi eskainiko dira: CVCEPHOTO eta Poloniako Tatra Museoaren ‘Natura eta Kultura. Mendiak inspirazio iturri’, EMMOA euskal mendizaletasunaren museoarekin elkarlanean.

Eta egitarau luze horrekin amaitzeko, aurtengo edizioak kutsu literario handia izango du; izan ere, zortzi liburu aurkeztuko dituzte.