NAIZ

Palestinako genozidioak hogei urteko aurrerapen ekonomiko eta soziala ezabatu du

Nazio Batuen Erakundearen Merkataritza eta Garapenari buruzko Konferentziak zabaldu duen txosten baten arabera, Israel Palestinan burutzen ari den genozidioaren ondorioz historiako krisi ekonomiko larriena pairatzen ari da lurraldea.

Palestinar desplazatu bat hondakinen gainean zutik, azaroaren 10ean Gazan, Bureij errefuxiatu kanpalekuan.
Palestinar desplazatu bat hondakinen gainean zutik, azaroaren 10ean Gazan, Bureij errefuxiatu kanpalekuan. (Eyad BABA | AFP)

Palestinan okupatutako lurretan pairatzen ari diren krisiak bi urtean ezabatu ditu bi hamarkadatan nazioarteko komunitatearen babesarekin lortutako gizarte eta ekonomia aurrerapenak. Horrela, Israel burutzen ari den genozidioak inoizko krisi ekonomiko larriena eragin du.

Nazio Batuen Erakundearen Merkataritza eta Garapenari buruzko Konferentziak (UNCTAD) azaroaren 25 honetan argitaratu duen txosten batek azaleratu du egoera. Halaber, azterlanetik ondorioztatu dute laguntza handia jasota ere, 2023ko urriaren aurreko egoerara itzultzeak hainbat hamarkada hartu ditzakeela.

«2024an, Gazako BPGa %83 murriztu zen 2023arekin alderatuta, aurreko urtean beherakada handia izan ondoren. 2023 eta 2024 artean, BPGa %87 murriztu zen metatuta, eta per capita BPGa, berriz, 161 dolarrera jaitsi zen, munduko txikienetakoa, hau da, Zisjordaniako per capita BPGaren %4,6», UNCTADeko adituen arabera.

Horrek esan nahi duena da palestinar BPGa 2010eko mailara itzuli zela, per capita BPGa duela 22 urtean zegoen tokira arte jaitsi zelarik. 1994an Gazako eta Zisjordaniako per capita BPGa parekoa zen ia.

Gazaren kasuan, azpiegituran suntsitzeak, ekoizteko gaitasuna galdu izana eta biztanleriaren bortxazko desplazamenduak «giza kapitalean kalte iraunkorra» eragin dute, txostenaren egileen arabera.

Era berean, Israelek agintari palestinarrei dagozkien eta oinarrizko zerbitzu publikoei eusteko ezinbestekoak diren transferentzia fiskalen atxikipenengatiko diru-sarreren beherakada eman da.

Diru hori, halaber, beharrezkoa da palestinarrak, oro har, errekuperatu daitezen inbertitzeko, Gazan bi urteko genozidioa eta Zisjordanian indarkeria maila handia izan ondoren. «Gazan, herritar guztiak dimentsio anitzeko pobrezia egoeran daude. Zisjordania bere historiako atzeraldi ekonomikorik larriena jasaten ari da, segurtasun ezak, mugimendu- eta sarbide-murrizketek eta ekonomiaren sektore guztietan produkzio-aukerak galtzeak bultzatuta», dio txostenak.

Egin izan diren beste estimazio batzuekin bat dator UNCTADek argitaratutako txostena, kalkulatu baitu 70.000 milioi dolarretik gora beharko direla Gaza berreraikitzeko.