NAIZ

Patrikako saila eta logo berria dakartza Alberdania argitaletxeak

Norabide berria hartu du Alberdania argitaletxeak. Horren isla dira logo eta patrikako sail berria. Autore-saiakera literario laburrak hartuko ditu bildumak, garai bateko Zerberri sailari jarraipena emanez. Santi Leone, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartuak emango die hasiera Patrika sailari.

Alberdaniak asteazken honetan aurkeztu ditu logo eta sail berria.
Alberdaniak asteazken honetan aurkeztu ditu logo eta sail berria. (Jon URBE | FOKU)

«Alberdania argitaletxeak, hogeita hamar urte luzez, helburu nagusi bat izan du: literatura ona publikatzea (han eta hemengo literatura, euskaraz nahiz gaztelaniaz). Literatur testu ona, hala ere, erabat alferrikakoa litzateke biltzen duena ere, babesten duena −paper, tipografia, portada, diseinu− eskasa izango balu. Horretan ere saiatu da Alberdania azken hiru hamarkadatan, liburuek barrua eder baina kanpoa ere halakoa izan zezaten. Adin bateko irakurle literaturzaleen artean gogoratzen dira oraindik 90eko hamarkadan argitaletxeak kaleratu zituen liburuen zerrenda, eta liburuon diseinu erakargarria», adierazi dute.

Liburuaren sektoreak bizi dituen aldaketei egin diete erreferentzia eta testuinguru horretan argitaletxeak garai berria bizi du. «Jorge Gimenez Bech sortzailea 2023an zendu zenetik, etapa berria jarri du martxan, garai bateko izpiritua berreskuratu eta XXI. mendeko irakurleari literaturarik onena eskaintzeko. Azken bi urteetan Oier Etxebestek hartu du argitaletxearen gidaritza eta, oinarriak beti presente, norabide berri bat ematen ari zaio», esan dute.

Norabide berri horren lehen emaitza da argitaletxearen logoaren berritzea. «Argitaletxea 1993an jaio zenetik logo berdina izan du, Antton Olariagak diseinatutako irudi jada klasikoa. Baina garai berriek apustu berriak eskatzen dituzte, baita estetikoak ere. Eta logo berria eramango duten lehen bi liburuak dakartzagu orain: logo beltz, klasiko, atenporal, elegantea, liburu ireki bat izan daitekeena, edo eguzkia sortzen egun berriaren aurrean».

Logoa inauguratuko duten bi liburuek sail berri bat ere inauguratuko dute: Patrika. «Autore-saiakera literario laburrak hartuko ditu bildumak, eta pixka batean Alberdanian bertan argitaratu zen Zerberri sailaren segida hartu nahi du, 1998tik 2006ra martxan egon zen bilduma, guztira 40 titulu bildu zituena (izenburu gogoangarriak bildu ere: Ramon Saizarbitoriaren ‘Aberriaren alde (eta kontra)’, Arantxa Iturberen ‘Ai, ama!’, edota Jokin Muñozen ‘Atlantidara biajia’, hiru bakarrik aipatzearren). Saiakerak izango dira, beraz, ez fikziozko lanak, autore batek gai jakin bati buruz zer iritzi duen ezagutzeko ezinhobeak, informazioz betetako mundu honetan, eta idazle den jendeak idatziak, alegia. Esku pixka batekin, ez saiakera akademiko sarri asperramorragarri horietakoak», jarraitu dute.

Hiru idazle

Saila abiatuko duen aleak hiru autore dakartza: Santi Leone, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartua. «Jon Miranderen jaiotzaren ehungarren urtemuga betetzen den honetan, haren obra eta figura aztertu dute hiru idazleok, bakoitzak bere prismatik, baina oro har literatura eta moralaren arteko auzia agerian jartzen duen autorea den neurrian. Sailaren bigarren alea ere ez da nolanahikoa, Markos Zapiainek idatzi baitu, eta bere autobiografia erlijiosoa dela esan genezake, hau da, Zapiainek erlijioarekin, sinesmenekin eta, batez ere, laikotasunarekin izan duen esperientzia kontatzen digu, pasarte biografikoak hausnarketa filosofikoekin nahastuz, anekdota ustez hutsalenak hausnarketa politiko zorrotzenekin».

Urtean lau bat Patrika ateratzeko asmoa dute, bi udaberrian, beste bi udazkenean, eta, izenari ohore eginez, liburu eramangarriak izango dira, prezioz ere merkexeagoak, poltsiko guztien eskura egon daitezen.

Diseinuari dagokionez, hain justu, Alberdania argitaletxearen lehen urteetako diseinuaren erreplika izango dute liburuok, baina XXI. mendera egokituta: portada bertilkaki moztua, alde bakoitzean kolore bana, eta berritasun nagusi, liburuaren izenburua nahiz autorearen izena bertikalean. Behean eskuinean Alberdaniaren logo berria.

Logo eta sail berrien diseinua aurrerapen bat baino ez direla argitu dute. «Bilduma klasikoetan ere (euskarazko nahiz gaztelaniazko narratiba, poesia, saiakera) diseinua berritu egingo dugu. Baina diseinu berri hori ikusteko udaberrira arte itxaron beharko dugu, orduantxe kaleratuko ditugu-eta bilduma klasikoen diseinu berria eramango duten lehen liburuak. Gauza onek bere denbora eskatzen dute. Eta benetan da ona berrikuntza hauetan guztietan, logoa, saila, diseinu orokorra, Hondarribiko Bibat estudioak egin duen lana».