NAIZ

Raisa Alava artistaren horma-irudi oniriko bat erosi du Artiumek

Raisa Alava (Zuatza, 1990) ilustratzaileak tamaina handiko horma-irudi koloretsu bat ekoitzi du Gasteizko Artium museoarentzat. Kontsultarako irakurketa-espazio berri baterako propio sortuta, ‘Nomen Omen’ izeneko lanak publiko gazteeneei sormenarekin jolas dezaten gomita luzatzen die. 

Raisa Álava ilustratzialea eta artista, aurkezpenean.
Raisa Álava ilustratzialea eta artista, aurkezpenean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, ‘Nomen Omen’ aurkeztu du asteazkenean. Lana Raisa Alava (Zuatza, 1990) artistaren horma-irudi bat da, publiko gazteenentzako irakurketa-espaziorako propio sortua.

Espazio horretan, gazteak irakurketaren, esperientziaren eta ikaskuntzaren bidez hurbil daitezke artera, eta Artium Museoak han ezartzeko obra bat sortzeko gonbita egin zion artistari, honako helburu honekin: harreman hurbilekoa eta nabarmena sortzea arte garaikidearekin eta haren protagonistekin, artistekin.

Gonbidapen haren emaitza da paper margotuan inprimatutako ‘Nomen Omen’ marrazkia, espazio horretan instalatu eta museoak bere bildumarako erosia.

Marrazketak eta gertuko beste praktika batzuek, hala nola ilustrazioak, gero eta presentzia nabariagoa dute arte garaikidearen barruan. Diziplinarteko arte-adierazpen gogoetatsu eta kritikoak museoaren bildumako funtsetan duen presentzia indartzera dator Raisa Alavaren pieza hau, beste artista batzuenak bezala. Hildo honetan, Alavaren zeramikazko bi lan ere baziren aurretik bilduman, 2021ean eskuratuak Jaurlaritzak bultzatzen duen Bilduma Partekatua programaren bidez.

Irakurketa eremu berrian ezarri da horma-irudia.(Enrika PORTILLO / FOKU)


Raisa Alavak komikitik hurbileko egitura narratibo –apenas hautemangarri– batetik abiatuta egituratu du obra, eta egoera eta espazio surrealistak aurkeztu ditu, eta, pertsonaia neurrigabeez eta hain bereizgarri dituen kolore biziez bete du aretoa.

Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta teknika grafikoetan espezializatu zen. Ilustrazio eta komikigintzako masterra egin zuen ELISAVAn, Bartzelonako Diseinu eta Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolan. Zeramikako masterra ere egin zuen, eta San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiaren lehen saria irabazi zuen Arte Grafikoaren arloan. Artistak marrazkia, grabatua, serigrafia, ilustrazioa eta zeramika lantzen ditu. Bakarka eta taldean egin ditu erakusketak Rekalde aretoan (Bilbo), La Taller galerian (Bilbo) edo Montehermoso Kulturunean (Gasteiz), eta artista egoiliarra izan da AirWro programan (Wroclaw, Polonia), Maison des Auteurs programan (Angulema, Estatu frantsesa) eta BilbaoArte Fundazioan.

‘Nomen Omen’ lana kontsultarako eremu batean instalatu da; museoko espazio berri bat da, artea publiko gazteenei hurbiltzeko asmoz sortua. Argitalpen-sorta zaindua dago bertan bilduta: begiradaz eta eskuez ukitu, behatu eta aztertu daitezke liburu horiek, eta haien testura, kolore eta formek kontakizunetan eta artisten bizitzetan murgiltzen gaituzte. Abenturak bizitzeko, istorioak esploratzeko, artera modu ludikoan hurbiltzeko eta jolasaren eta esperimentazioaren bidez sormena garatzeko sortutako obrak dira.

Bilduma horren barruan, gainera, Raisa Alavak berak gomendatutako zenbait argitalpen daude eta, hala, haren begiradak espazioaren espiritua aberasten lagundu du.