Marcel Pena
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Uriola eta Prest! hedabideek agur esan dute: «Prekarietatetik eteterako bidea hartu dugu»

Uriola digitalak eta Prest! aldizkariak abenduan agur esango dute, BLB Komunikazioaren egoera ekonomiko «sostengaezinak» behartuta. Urteetako lanaren ondoren, proiektua ixtea erabaki dute, diru sarrera nahikorik gabe eta euskarazko hedabideak sendotzeko apustu falta nabarmenduz.

Uriola eta Prest! hedabideen ordezkariek emandako prentsaurrekoa, Bilboko Kafe Antzokian.
Uriola eta Prest! hedabideen ordezkariek emandako prentsaurrekoa, Bilboko Kafe Antzokian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

BLB Komunikazioa Kooperatiba Elkartea osatzen duten Uriola agerkari digitalak eta Prest! aldizkariak hurrengo abenduan urte hauetako ibilbideari amaiera emango diotela jakinarazi dute. «Sostengaezina» den egoera ekonomikoak behartu ditu erabaki hori hartzera.

Bilboko Kafe Antzokian asteazken honetan egindako prentsaurrekoan, Iurre Villanueva Prest! aldizkariaren zuzendariak eta Jone Gartzia langile ohiak eta gaur egungo kolaboratzaileak agur horren arrazoiak azaldu dituzte. «BLB Komunikazioa –Prest! eta Uriola biltzen dituen egitasmoa– etete bidean dago. Azken hilabeteotan lan handiko ibilbidea egin dugu kooperatibaren egoera azaltzeko eta funtsean proiektua bideragarria den ikusteko. Egoera ekonomikoa sakonki aztertu ostean, behin betiko erabaki bat hartu behar izan dugu», azaldu du Villanuevak.

Beraz, aurten, 2025eko abenduan, Uriola eta Prest! proiektuei amaiera emango diete «BLB Komunikazioa sostengaezina bihurtu» delako. Nahiz eta kooperatiba osatzen duten Berbaizu euskara elkarteari eta Hor dago Abante! Konpartsari esker «zuloa murriztea lortu», ixteko erabakia «saihestezina» izan da. Era berean, kooperatibako gainerako eragileen eta urteetan aritu diren kolaboratzaileen babesa ere eskertu ditu Villanuevak.

Dirulaguntza publikoei dagokienez, gaineratu du ez direla «behar bestekoak izan proiektuan duintasunez jardun ahal izateko»: «Azken urteotan ahalegin bat egon den arren, uste dugu ez dela benetako apusturik egin Deustun euskarazko hedabideak sendotzeko. Horrez gain, guk ere ez dugu diru sarrera berririk lortu eta prekarietatetik eteterako bidea hartu dugu». Hala ere, Prest!-eko zuzendariak onartu du bazkideei bidalitako gutunean «hainbat errata egon direla» administrazioari dagokionez. Hain zuzen, aipatu du «diru laguntzetan ez dela murrizketarik egon».

Bere partetik, Gartziak gogoratu du bi proiektuen asmoa izan dala «informazioa %100ean euskaraz eskaintzea» eta horretarako Prest! aldizkaria «2.000 ale baino gehiago inprimatzen aritu da urte luzez hilero-hilero, abuztuan izan ezik, eta Uriolak astero eduki digitala ekoizten du online argitaratzeko». Zentzu honetan, nabarmendu du inprimatze edota banaketa gastuak «nabarmen» igo direla, «diru sarrerak, aldiz, ez».

«Dena dela, uste dugu Bilbok orain arteko baino apustu sendoagoa behar duela euskarazko hedabideen alde. Gauzak horrela, Deustualde zein Bilbo euskaraz kontatzen dituen hedabideak ixtea erabaki dugu. Nolanahi ere, nabarmendu nahi dugu proiektu komunikatiboaren helburua ez dela sekula diru sarrerak sortzea izan. Helburua beti izan da nagusiki erdalduna den Bilbon euskarari bultzada ematea. Funtsezkoa ikusten baitugu euskaldunok aukera izatea informazioa gure hizkuntzan kontsumitzeko», esan du Gartziak.