Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Unai Lasok egurra eman eta sua piztu du Lizarrako Remontival pilotaleku hotzean (6-22)

Aurrelari nafarrak era guztietako tantoak egin ditu lesioa ostean jokatzen zuen txapelketako bigarren partidan. Gainera, atzean, Jon Ander Albisuk erakustaldia eskaini du pilotakada bortitzak joz eta Iztuetari lanak zailduz. Jaka ezinean ibili da, pilota ezin usainduz.

Unai Lasok era guztietako tantoak egin ditu Lizarran.
Unai Lasok era guztietako tantoak egin ditu Lizarran. (Jon URBE | FOKU)

Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk aurtengo Binakako Txapelketako bigarren puntua eskuratu dute bigarren jardunaldian Jaka eta Iztuetari errazegi gailenduta (6-22). Lizarrako Remontival pilotaleku hotzean, aurrelari nafarra izan da sua piztu duena eta bere bikotekide Albisuk bikain eutsi dio atzean, kolpe ikaragarriak joz eta atzeko koadroetako aurkaria atzean mantenduz.

Bitik bi. Bikain hasi dute Lasok eta Albisuk aurtengo txapelketa, eta Bizkarreta-Gerendiaingo eta Ataungo pilotariek oso bikote sendoa osatzen dutela erakutsi dute berriro ere larunbat honetan. Lehen jardunaldian Larrazabal-Mariezkurrena II.a bezalako bikote gogor bat 22-21 menperatzeko gai izan ziren Jaka-Iztueta, berriz, ezinean aritu dira gaur.

Lasori gogotsu ikusten zaio. Iazko txapelduna zen Lau eta Erdiko txapelketari uko egin behar izan zion lesioa eta ebakuntzagatik ez baitzen guztiz osatu, baina behin berriro kantxetara itzuli dela, badirudi, debutariek bezala, mundua jan nahi duela.

Gaurko neurketan bera izan da protagonista handiena. Hamar tantorekin –sakez beste bi egin ditu– amaitu du lehia eta norgehiagokaren erritmoa berak finkatu du.

Erakustaldi latza

Era ezberdinetako tantoak egin ditu nafarrak –sake errematean, ezker gantxoz, ezker airez txokoan...–, beti ere aurkariak –Jakak ia ia ez du pilota usaindu– lekuz kanpo utziz. Atzean, gainera, konfidantza handia duen Albisuk bikain erantzun dio –errebote bat jo du– eta gaurkoan oso deseroso aritu den Martxel Iztuetak asko sufritu du aurkarien pilotakadei erantzuten eta pilota jotzen. Egia esan, tolosarrari kosta egin zaio pilotak kentzea aurreko koadroetan, eta Lasok inork baino gehiago aprobetxatu du.

Hala, urdinak 0-12 aurreratu dira eta orduan egin dute gorriek lehen tantoa. Hain motibatuta zegoen Laso, zeinek sartu behar ez zuen pilota batean huts egin duen. Hala ere, Jaka-Iztuetak ezin izan dituzte bi tanto jarraian egin. 3-20koan eta 4-20koan lortu dute hori, baina beranduegi zen jada.

PARTIDAKO FITXA:

Jaka-Iztueta: 6

Laso-Albisu: 22

Pilotakadak: 302. Iraupena: 44 minutu. Markagailua: 0-12, 1-12, 1-17, 2-17, 2-20, 4-21, 6-21 eta 6-22. Sakez egindako tantoak: 1 Jakak eta 2 Lasok. Jokoan egindako tantoak: 2 Jakak, 0 Iztuetak, 10 Lasok eta 1 Albisuk. Galdutakoak: 2 Jakak, 7 Iztuetak, 1 Lasok eta 2 Albisuk. Gertakariak: Giro eta sarrera bikaina Lizarrako Remontival pilotalekuan, Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partida ikusteko. Hotza nabaria izan da jaialdian zehar eta atsedenaldietan pilotariak, eserita egon beharrean, pilota jotzen aritu dira gorputza gehiegi ez hozteko.