
Nola garatzen da Estatu gabeko nazioen subiranotasuna garai digitalean? Eta zein papera du adimen artifizialak (AA) joko-zelai horretan? Galdera horiek jarri zituzten mahai gainean ostiralean “Adimen artifiziala eta estaturik gabeko nazioak. Euskal kasua” izeneko hitzaldian, Emergent Sovereignties nazioarteko kongresuaren bosgarren edizioan. Digitalizazioak eta AAren hedapenak sortu duten testuinguru berrian, hizkuntza, azpiegitura teknologikoak, datuen kontrola eta komunitatea antolatzeko moduak subiranotasunaren dimentsio erabakigarri bihurtu dira.
Hitzaldiko parte hartzaileak Igor Calzada Ikerbasque/EHU eta Wiserd/Cardiff University-ko ikertzailea, Asier Amezaga Etxebarria (EHU) eta Olatz Arbelaitz Gallego (EHU) izan ziren, eta Joseba Permach izan zen moderatzailea. Permachek adibide argigarria ekarri zuen solasaldira: AA bati «subiranotasunaren inguruan» euskaraz galdetzean modu batean erantzuten du, eta, gaztelaniaz galdetzean, beste modu batean. Euskaraz, AAk nabarmentzen du «burujabetza askatasunarekin lotuta» dagoela, baina baita «ardura kolektiboarekin» ere: «erabakiak hartzea bai, baina horien ondorioak onartzea ere bai». Aldiz, gazteleraz, botere politikoaren kudeaketan zentratzen du erantzuna AAk, hala nola, «legeak sortzeko gaitasuna, justizia administratzea, zergak biltzea eta defentsa antolatzea» aipatuz. Joseba Permachek nabarmendu zuenez, adibide horretatik «ondorio desberdinak atera daitezke. Hain zuzen ere, lehenengoa da AA eta burujabetza digitala borrokatzeko espazioak direla».
«LOVE NATIONS, HATE BORDERS»
Igor Calzadak arreta nazioaren eta mugek duten esanahi politiko eta digitalaren birformulazioan jarri zuen. “Love nations, hate borders” (Nazioak maitatu, mugak gorrotatu) ideiak adierazten du komunitateen zilegitasuna eta sormen-ahalmena aldarrikatzen diren bitartean, mugen logika zatitzaileak gero eta desegokiagoak direla mundu konektatu batean. Ildo horretan, «geografia politikoa eta geografia digitala» uztartzearren beharra aldarrikatu zuen Calzadak.
Calzadaren ustez, gaur egungo AAren eta plataformen aroan, galdera nagusia honakoa da: nork kontrolatzen du «kaxa beltza»? Datuak, algoritmoak eta azpiegiturak korporazio gutxi batzuen esku badaude, estaturik gabeko nazioek -eta estatu txikiek- zail dute beren burua modu autonomoan antolatzea. Euskal Herrian, bere ustez, badago «laborategi» moduko ekosistema bat, baina guztia «lotu» eta ikuspegi bateratu bat artikulatzeko premia dago.
Halaber, Calzadak ohartarazi zuen nazioarteko testuingurua ez dela aldekoa: mendekotasun teknologiko handia dago AEBk eta Txinak markatutako ereduarekiko, eta Europak ez du oraindik azpiegitura sendo eta bateraturik. Horregatik, Estoniaren eredua aipatu zuen inspirazio iturri gisa, nahiz eta haren ahultasun geopolitikoak ere nabarmenak diren, batez ere Errusiarekiko daukan mendekotasunagatik.
AA GIZARTE-HARREMANEN MAKINA GISA
Amezagak AAren definizio sozial batetik abiatu zuen bere ekarpena: AA ez da gizakiaren adimen biologikoa imitatzeko makina, baizik eta lan-harremanen, ekoizpenaren eta gizarte-dinamikaren inteligentzia harrapatzeko eta eraldatzeko sistema. Horregatik jarri zuen arreta AA osatzen duten oinarrizko makinetan, hardware-software arteko loturan eta eguneroko objektu digitalek (hala nola mugikorrek, sentsoreek, plataformek) sortzen dituzten datu eta kontrol dinamiketan.
Egungo sakelako mugikor batek ehunka parametro jasotzen ditu etengabe: kokapena, mugimendua, konexioak, jokabide patroiak... Horrek, jakina, indibiduoa objektu bihurtzen du ekonomiaren eta gobernantzaren ikuspegitik. Amezagaren arabera, horrek subiranotasunaren kontzeptua bera aldatzen du: norbanakoek eta komunitateek ez badituzte ulertzen eta kontrolatzen datu horiek, ez dago subiranotasunik, ez politikan, ez ekonomian, ez kulturan.
EUSKARATIK ERAIKI
Olatz Arbelaitzek euskaraz dauden tresnak nabarmendu zituen -Mastodon, Labur.eus, Tori.eus edo Gandik.eus, besteak beste-, eta horiek guztiak komunitateak eta euskarak ekosistema digitalean presentzia izatea ahalbidetzen dutela azaldu zuen. Bereziki azpimarratu zuen .EUS Fundazioaren eginkizuna: euskal nortasuna sarean kokatzea, segurtasuna eta inklusioa indartzea, eta euskararen erabilera bultzatzea. Arbelaitzen ustez, algoritmoek -batez ere enpresa handietakoek- baldintzatutako munduan burujabetza digitala komunitatetik eta euskaratik eraiki behar da.
2024ko datuek argi erakusten dute .EUS domeinuen banaketa tipologikoa eta geografikoa: webguneen %43 enpresenak dira, eta horien atzetik datoz euskararekin eta kulturarekin lotutakoak (%12), hezkuntzakoak (%10), administrazio publikokoak (%9), kirol arlokoak (%4) eta komunikabideetakoak (%2). Banaketa geografikoari dagokionez, webguneen %40 Gipuzkoakoak dira, %34 Bizkaikoak, %10 Arabakoak, %5 Nafarroakoak, %3 Iparraldekoak eta %8 kanpokoak.
Datu horien bidez azpimarratu zuen .EUS-ek ez duela soilik komunitate kultural edo instituzionala biltzen, baizik eta ekosistema ekonomiko eta profesional baten isla dela, eta horrek euskararen burujabetza digitala sendotzen duela.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

