Bizkaiko Bertsozale Elkartetik jakinarazi dute Arantza Plaza izango dela 2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako garaileari txapela jarriko diona. Modu honetan, Plazak bertsolaritzaren transmisioan egindako lanari eskertza egin nahi zaio elkartetik, astero bertsolaritza irakatsi izan baitu herrietako ikastetxeetan, ‘Mundu bat bertso’ programaren barruan.
Arantza Plaza Zamorak (Gizaburuaga, 1958) 2004an hasi zen lehen eskoletan bertsolaritza irakasten eta 2022ra arte behar horretan aritu da. Bertsozaletik azaldu dutenez, Bizkaiko elkartean laneko erretiroa hartu duen lehenengo langilea izan da.
«Garai bakoitzeko errealitateari erantzun behar izan dio bi hamarkada luzeetan. Hain zuzen, hainbat errealitate ezagutu ditu Arantzak: egoera soziolinguistiko desberdinak, eskola handi zein txikiak, hiriburua eta herriak... Kasu guztietan ederto moldatu da. Bere esanetan, bertsoak asko laguntzen du euskarara gerturatzeko; baita kantuak ere, umeekin konektatzeko altxorra delako», gaineratu dute.
Bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza izatea eta zaletasuna piztea ez ezik, euskararekiko jarrera positiboa indartzeko egindako ahalegina ere balioan jarri dute elkartetik: «Euskara guztiak onak direla azpimarratzen zien ikasleei, euskalkiak, batua, aberatsak eta ez hain aberatsak: egiten dena da balio duena».
Hezkuntza arautuan soilik ez, elkarteko beste proiektutan ere egin du bere ekarpena: Bizkaiko bertsolaritza lantzeko eta elikatzeko dokumentazio beharretan ibili da hamaika elkarrizketa eginez; tartean, Bizkaiko Bertsogintza IV liburuko dokumentazio beharretan.
Txapelketa ere gertutik bizi izan du Plazak. Bizkaiko Txapelketetan boluntario beharrak egin ditu, eta etxekoak eta lankideak ere izan ditu oholtza gainean. Laneko erretiroa hartu badu ere, azaldu dute «oso lotuta» jarraitzen duela bertso munduari, «eta esan beharra dago lankide, ikasle, eta elkarteko kideek asko maite dutela».
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 20an izango da Bilboko Casillan. «Hantxe ikusiko dugu Arantza txapeldunari txapela jazten», amaitu dute.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

El Supremo confirma las condenas a Zulueta y Enparantza y reduce las de Zuriarrain y Sarriegi

EH Bildu volvería a ganar en Gipuzkoa y PNV y PSE necesitarían un apoyo para gobernar
