
Athleticek zazpi eguneko maratoiari ekingo dio bihar. Lehenik, Real Madrilen bisita jasoko du astebarruan, urtarrilean bi taldeek jokatuko duten Superkopagatik aurreratu baitute dema. Ondoren, Atletico Madril izango dute aurkari larunbateko partidan. Eta, amaitzeko, datorren asteazkenean, PSG-ren aurka jokatuko dute, hain zuzen, pasaden edizioko Txapeldunen Ligako irabazlea.
Ez da erronka makala izango lehoientzako, baina taldearen gaitasun lehiakorra aztertzeko balio izango du. Zaletuentzako, ilusioz beteriko astea izango da, hiru partidak San Mamesen jokatuko baitira.
Izan ere, Levanteri irabazi izanak bultzada bat suposatu du taldean lehen aldapari heltzeko. Lehoiek abuztuaren 31tik ez zuten etxetik kanpo irabazten, eta, balentziarren gainetik pasa ondoren, bolada txarra eten zuten. Gainera, Nico Williamsek distira egin zuen, eta jokoan hobekuntza bat nabaritu zen.
Konfiantza berreskuratzeaz gain, Valverdek Laporte eta Galarreta sartuko ditu deialdian, Levanteren aurka kanpoan geratu ostean. Haatik, Sancetek dema galduko du, zigortuta.
Oroitzapen onak datorkizkie burura lehoiei Real Madrilen aurkako azken partida gogoratzean. 2024ko abenduko lehen asteazkenean jokatu zuten pasaden denboraldiko partida San Mamesen, eta talde bilbotarrak mendean hartu zuen Madril, Berenguerren eta Guruzetaren golei esker. Mbbapek huts egin zuen 11 metrotik, Julen Agirrezabalek asmatu baitzion jaurtiketa.
Demaren bezperan, hitza hartu du entrenatzaile zuri-gorriak eta Madrilen handitasuna azpimarratu du: «Aldaera asko dituzte, baina guk gure jokoa egin behar dugu. Azken unean, jokatzeko moduaren arabera, moldatu beharko gara, baina egingo dugunaren ideia globala dugu».
Zalantzak Madrilen
Xabi Alonsoren proiektuak oraindik ez du karburatzen ezta konbentzitzen Madrilen. Izan ere, entrenatzaile tolosarrak kolpe latzak jaso ditu azken hilabeteetan: Atletico Madrilen aurkako derbian (5-2) eta Liverpoolen kontra (1-0).
Hain justu ere, Ingalaterran jasotako porrot horretatik aurrera, Madrilek ez du garaipena ezagutu Ligan; Rayo Vallecano, Elx eta Girona izan ditu aurkari eta denetan berdindu du. Horren ondorioz, lehenengo postua galdu egin du, Bartzelonaren mesedean.
Defentsa-lerroan ditu arazo handienak Alonsok. Mendy, Carvajal, Huijsen, Alaba eta Asencio, denak min hartuta, ez dute bidaiatuko Bilbora.
Hori gutxi balitz, erasoko postuetan, kalitate handiko jokalari ugari izanda ere, tolosarrak ez du asmatu nola kolokatu puzzle-ko piezak. Bestalde, jokalari horiek beren mailatik urrun daude oraindik. Esaterako, Rodrygo Goesek ez du golik sartu azken 30 partidatan, azkena martxoaren 4an.
Beste estropezu batek kolokan jarriko luke entrenatzaile euskaldunaren proiektua; izan ere, astelehenean bere talde teknikoa bildu zen jokalariekin, egoera irauli egiteko asmoz.
Izan daitezkeen hamaikakoak:
Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Laporte, Adama Boiro; Jauregizar, Galarreta; Berenguer, Selton, Nico Williams; eta Guruzeta
Real Madril: Courtois; Alexander-Arnold, Militao, Rüdiger, Carreras; Tchouaméni, Valverde, Güler, Bellingham; Vinícius eta Mbappé.

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción
