Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Angel Garcia nagusitu da Mariren Kobak Trail lasterketan, iaz bezala

Orientazioa, euskal mitologia eta korrika uztartzen dituen kirol ekimen honek 21 parte-hartzaile izan zituen. Soilik bi sartu ziren antolatzaileek ezarritako 7,5 orduko mugan: Hanot Echevarria eta Garcia. 61 kilometroko ibilbidean hiru leize igaro zituzten: Iruatzietako begia, Leze eta Elurzulo.

Angel Garcia Lezeko haitzulotik lehena igarotzen; Mariren Kobak lasterketa irabazi zuen.
Angel Garcia Lezeko haitzulotik lehena igarotzen; Mariren Kobak lasterketa irabazi zuen. (MARIREN KOBAK TRAIL)

Mariren Kobak Trail lasterketaren hirugarren ekitaldia joan den azaroaren 29an jokatu zen. Gogoratu behar dugu hitzordu hori berezia dela oso, izan ere, orientazioa, euskal mitologia eta korrika uztartzen ditu. Ibilbidea ez dago markatuta. Telefono mugikorrik gabe edo zigilatuta, parte-hartzaile bakoitzak nahi duen ibilbidea egin dezake; jakina, antolatzaileek ezartzen dituzten kobetatik igaro eta bertan dauden egiaztagiri harriak hartu behar dituzte.

Hirugarren edizioari dagokionez, ordu laurden bat irten aurretik ibilbidearen berri eman zitzaien Irantzuko monasteriotik abiatu ziren 21 korrikalariei. Hots, mapa edo GPS bat erabili behar zuten Iruaitzetako begia (Urbasa), Leze (Altzaniako mendilerroa) eta Elurzulo (Aratzeko tontorraren ondoan) igarotzeko eta Zegaman zegoen helmuga puntura heltzeko. Denera, 61 kilometro. Eta helmuga zeharkatzeko denbora muga: 7 ordu eta erdi.

Izaera horretako hitzorduetan korrika ondo egitea garrantzitsua da, baina are gehiago mapa behar bezala irakurtzea eta orientatzea. Angel Garciak erakutsi du gai horietan guztietan espezialista handia dela. A Coruñan bizi den salamancarra bikain moldatzen da raid, BTT eta orientazio lasterketetan, eta iaz bezala Zegaman lehena izan zen. Hanot Echevarria bizkaitarra bigarrena izan zen; bi kirolari horiek zazpi ordu eta erdiko muga jaisten bakarrak izan ziren.

Goizeko zortzietan abiatu zen Mariren Kobak Trail lasterketaren hirugarren edizioa Nafarroako Irantzu monasterioko aparkalekutik. Eguraldia ez zen inondik inora aitzakia izan, eta aurreko astean egindako elurrak ez zuen traba handirik egin.

21 parte-hartzaileak taldetxotan iritsi ziren Urbasako Parke Naturalean kokatzen den Iruaitzetako begira. Leize horretatik igaro (halabeharrez, antolatzaileek uzten dituzten harriak hartu behar dira) eta hurrengo kobarako bidea hartu zuten. Kirolari bakoitza bide ezberdinak hautaturik lehen asistentzia gunera abiatu zen; Urbasa eta Andiako Parke Naturaleko bisitarientzako arreta zentroaren inguruan kokatua zegoena. Hiru orduz azpitik igaro zen buruan zihoazen bost partaideko taldetxoa, besteak beste, Garcia, Echeverria eta Ruben Marc Cano. Bost minutura beste taldetxo bat iritsi zen. Den-denak, euskal korrikalari gazteak: Aitor Zunzunegi, Erik Arozena eta Beñat Aizpuru.

Bigarrenez

Ondoren, Andoingo lepora abiatu ziren korrikalariak; sekzio hori derrigorrezko igarobidea zen bigarren kobarako bidean. Iazko edizioan soilik bi iritsi ziren Lezeko haitzulora; aurten, berriz, hamahiru. Bertan Mari eta Basajaun zituzten zain. Harri preziatua jaso eta galtzagorriek eman zieten hirugarren leizera iristeko beharrezko mapa. Lezeren ondoan dagoen aparkalekuan bigarren eta azken anoa puntua zegoen. Lau ordu eta erdian igaro ziren bertatik Garcia eta Echevarria. Bikote horrek hamabost minutura zuen Aritz Ugarte.

Ibilbidean baten bat galdu bazen ere, nahiko garbi zeukaten guztiek Aratz aldean zegoela hirugarren eta azken haitzuloa. Pilatutako elurrarengatik aurreko asistentzia puntuan kaskoa hartu behar izan zuten eta Elurzulo kobarako bidea hartu ere bai. Bertan, segurtasun arrazoiak medio, Akerbeltz eta Galtzagorri zeuden haitzuloaren sarreran eta «Akerrak adarrak okerrak ditu» esan ondoren eman zieten azken harria parte kirolariei.

Hiru leizeetako harriak hartu ondoren, Zegamako enparantzan lehena Garcia izan zen 6 ordu eta 57 minutuko kronoarekin. Hamabi minutura Echevarria helmugaratu zen bigarren postuan. Ugarte gipuzkoarra, berriz, hirugarrena izan zen baina denbora muga gaindituta. Ugartek bezala, beste zortzi korrikalarik lasterketa amaitu zuten, baina 7 ordu eta erdiko denboratik gora.

Garcia irabazleak onartu zuen buruan zuela zazpi ordutik jaistea eta helburua beteta oso gustura zegoela: «Aurtengo prestakuntza korrikalari azkar bat izaten zentratu dut, besteak beste, lasterketa esplosiboagoa izango zela iragarrita. Lasterketa berezia da, benetako abentura, ez dakizu inoiz zer aurkituko duzun. Antolatzaileek harritzen zaituzte hartutako erabakiekin, eta lasterketa ikusgarria izatea lortzen dute. Ibilbidean bizi izan dugun giroa ere bikaina izan zen: taldetxoan kilometro asko egin genituen zortzi korrikalarik».