NAIZ

Europako Irrati-Telebisten Batasunak Israel onartu eta lau katek uko egin diote Eurovisioni

Europako Irrati-Telebisten Batasuna osatzen duten kateek Israel lehiaketatik baztertzeko bozketa egitea saihestu dute, eta, azkenean, parte hartuko du. Espainiako, Herbehereetako, Irlandako eta Esloveniako kateek, iragarri bezala, egiaztatu dute jaialdia utziko dutela Israelek parte hartuko duelako.

Gizon batek bandera israeldar bat eusten du aurtengo Eurovision jaialdian, joan den maiatzean.
Gizon batek bandera israeldar bat eusten du aurtengo Eurovision jaialdian, joan den maiatzean. (Maya LEVIN | AFP)

Europako Irrati-Telebisten Batasuna osatzen duten kate publikoek antolaketak proposatutako Eurovisionen erreformak onartu dituzte ostegun honetan egindako batzar nagusian, eta, hala, Israel lehiaketatik kanpo uzteko bozketa baztertu dute. Horrenbestez, Israelek jaialdian parte hartuko du.

Erreforma horiek aplikatzeko mozioa gehiengoz onartu da; 738 aldeko boto, aurkako 264 boto eta 120 abstentzio izan dira.

Europako Irrati-Telebisten Batasunak erreformei buruzko mozio bat bozkatzeko eskatu die kideei (56 herrialdetako 68 kate, gehienak europarrak), eta, bide batez, Israelen parte hartzea bozkatzea beharrezko zen galdetu die.

Aldaketa horiek honako hauek dira: ikus-entzuleen boto kopurua murriztea (20tik 10era), finalaurrekoetan adituen epaimahaiak berriz ezartzea eta, iruzur eta manipulazio saiakeren aurrean, hobekuntza teknikoak egitea segurtasuna indartzeko.

Kideei proposatutako aldaketekin pozik zeuden ala ez galdetuta, Israelen parte hartzeari buruzko auzia bozketa horrekin lotu da.

Botoa sekretua izan da, Esloveniak, Estatu espainolak, Montenegrok, Herbehereek, Turkiak, Aljeriak eta Islandiak horrela eskatuta.

Estatu espainiarreko, Irlandako, Esloveniako, Herbehereetako eta Islandiako kate publikoek argi utzia zuten aldez aurretik ez zutela lehiaketan parte hartuko Israel baztertu ezean Gazako gerran palestinarren giza eskubideak urratzeagatik.

Lau katek lehiaketa utzi dute

Bozketaren emaitza ezagutu ondoren, Estatu espainiarreko (RTVE), Herbehereetako (AVROTRÓS), Irlandako (RTÉ) eta Esloveniako (RTV Slovenija) kateek lehiaketa utziko dutela azaldu dute, aurretik iragarri bezala. RÚV kate islandiarrak asteazkenean erabakiko du neurri horrekin bat egin ala ez.

Jaialditik irteteak esan nahi du RTVEk ez duela emango Eurovisioneko 2026ko finala, datorren maiatzaren 16an Vienan egingo dena, ezta lehiaketaren aurreko finalerdiak ere, hilaren 12an eta 14an egingo direnak.

RTVEk batzarrean azaldu duenez, «Gazako egoerak, su-etena eta bake prozesua onartu arren, eta Israelek jaialdia helburu politikoetarako erabiltzeak, gero eta zailagoa egiten du Eurovision kultur ekitaldi neutral gisa mantentzea».

RTE irlandarrak argudiatu duenez, erabakia hartu du ikusita «Gazako hildako kopuru izugarria eta oraindik ere hainbeste zibilen bizitza arriskuan jartzen jarraitzen duen egungo krisi humanitarioa». Era berean, «oso kezkatuta» agertu da «Gazako kazetarien hilketa selektiboengatik (...) eta (Israelgo agintariek) etengabe uko egiten diotelako nazioarteko kazetariei lurraldera sartzen uzteari».

Bestalde, Isaac Herzog Israelgo presidenteak berehala erantzun du: «Israelek munduko agertoki guztietan ordezkatuta egotea merezi du, eta kausa horrekin erabat eta aktiboki konprometituta nago».