
‘Orantzaroa, ilunbetik argitara’ ipuineko Olentzeroa ez da ikusten ohituta gauden gizon bizarduna, baizik eta kapusaidun izaki magiko bat, ardi larru bat gainean duena, begi gorriak dir-dir. Anbiguo samarra da: emakume eta gizon izan daiteke, edo ez bata eta ez bertzea. Herio, Maimur edo Mari, galtzagorriak, otsoa eta bertze pertsonaiak ere ezberdin irudikatu ditu Mikel Alkoz Zabaleta ilustratzaileak Altzadi Leitzako Kultur Elkarteak (ALKE) kaleratu duen liburu eder honetan.
«Gau Beltza, Orantzaroa eta inauteriak lotuz, haurrei naturaren zikloaren aldaketa azaltzea izan da gure nahia, egunik ilunenetan izaten dugun larritasun eta itxaropen hori, argi bila. Oinarrietara joan gara horretarako», adierazi du Juan Mari Barriola Gogortzak, Eñaut Lasarte Agirre eta Saioa Mendia Usabiagarekin batera testua egin duen ALKEko kideak.
Aipatutako laurak dira egile nagusiak, baina jende gehiagok egin du ekarpena.
Denok bizitzen dugu Eguberrien etorrera, baina intentsitate handienez umeek bizi dute eta horiei zuzenduta dago lana. Kontaketa bidez aurkeztu dute, ostiral iluntze honetan, Leitzako Kornieta elkartean. Gero, goxo-goxo denen artean txokolatea hartuz solasean aritu dira.
Leitzako liburu dendetan ez ezik, liburua Durangoko Azokan ere eskura daiteke, Nabarralderen postuan.
2007an hasitako lanketa
Barriolak oroitu duenez, Leitzan, 2007an hasi zuten Orantzaroaren lanketa. Ikerketa horretan frogatu zuten Orantzaroa edo Olentzeroa ez dela beti gizona eta emakume ere izan daitekeela, ez bata eta ez bertzea, edo biak. Geroztik, hainbat kultur talde emakumezkoaren irudi hori lantzen ari dira; adibidez, Iruñean auzo batzuetan ateratzen dute. Aste honetan Lesakan ere aurkitu dituzte argazki batzuk hagitz zaharrak emakumezkoaren irudiarekin. Ez zen gauza isolatua, nahiko orokorra zen.
Tenore honetan ez bakarrik Leitzan edo Euskal Herrian, kultura ugaritan dago zabaldua naturaren zikloaren larritasun hori, antzinatik gainera: gero eta ilunago dago, ea argitzen duen berriz ere. Kultura bakoitzak bere ukitua eman dio eta euskaldunaren azken emaitza Orantzaroa edo Olentzeroa izan daiteke. Ikuspegi horretatik, testigantzak jaso dituzte Leitzan urteetan, ospakizun honekin eta su berriarekin lotutakoak.
Kosmo ikuskera sakon bat
Oinarri hori berreskuratzea merezi duela uste du Altzadi Leitzako Kultur Elkarteak. «Kosmo ikuskera bat da oso sakona. Orain urrunduta bizi gara naturatik, baina zenbat eta gehiago hurbildu naturara ohartzen gara zer garrantzi duten zikloek. Iluntasunari diogun beldurra, errespetua eta argitzeko esperantza nahasten dira», azaldu du Barriolak.
Gaueko indar horiei forma eman zitzaien eta hala hasi ziren ez dakigu duela zenbat denbora Orantzaroa leiho eta balkoietan panpin batekin irudikatzen.
«Azken urteetan Olentzero Papa Noel txapeldun gisa orokortu da, baina gu ez gara eroso sentitzen irudikapen horrekin eta sustraietara itzultzea lantzen ari gara. Orantzaroa hortik harago doa: sua da, mamua, gizona, emakumea, dena. Naturaren indarra».
Leitzan erabiltzen den Orantzaro hitzak erranahi nabarmena du: ‘Orantza’ legamia da eta aroa, garaia.
Begi-gorri
Hitzez ari garela, erramolde bat hartu dute abiapuntu: ‘Herio begi-gorri, Orantzaroa begi-gorri eta otsoa begi-gorri’. Leitzan usadioa izan da ‘begi-gorri’ errateko misterio ezaugarri bezala. Animaliei gauez begiak ikusten zaizkie, distira berezi batekin. «Testigantzak jaso genituen nola jartzen zituzten kalabazak gauez barruan argizari bat piztuta, bi begi-gorriren itxura emanez. Mezua hori da: gaueko mamuak hor dabiltza, kontuz».
Galdu dugun bizimodu baten aztarna da. Orain elektrizitatea daukagu, baina garai batean eskuargi eta lastargiekin ibiltzen ziren; bi metrora argi egiten zuten, eta harago zer zegoen ez zuten ikusten.
«Beldurra baino, errespetua da. Bizimodua. Mundua gordinago ikusten duzu, hotza gehiago sumatzen duzu, iluna luzeagoa da. Naturaren indar hori da, orain disimulatuta daukaguna».
Itzulpenak
Paperezko liburua euskaraz egin badute ere, digitala Leitzan mintzatzen diren hizkuntza ugaritan irakur daiteke: espainolez, frantsesez, ingelesez, baita kitxuaz, arabieraz, errumanieraz eta urduraz ere. Liburuko QR kodetik sar daiteke bertsio digitalera. Hagitz harrera ona izan dute itzulpenek.
Euskarazko bertsioa hitanoz egin dute. «Leitzan sustrai oso errotua zuen hitanoak familietan, baina galtzen ari zen, eta lanketa bat egiten ari garenez horren inguruan, polita iruditu zaigu hala idaztea», agertu du ALKEko kideak.
Argi-ilunekin jostatuz
Liburua tapa gogorrekoa da eta azalak berak arreta ematen du koloreengatik. Lan hagitz bisuala da. Mikel Alkoz Zabaleta ilustratzaileak kontatu du ilunbetik argitarako bidea irudikatzen saiatu dela. «Orantzaroa agertzen da atzean, eskuetan lastargia duela (Leitzan lastabala edo lasto bala erraten zaio). Kolore beroa eman diot. Kontrazalean, berriz, kolore hotzagoak jarri ditut, kontrastatuz, beti naturari protagonismoa emanez, baso zaharrak, zuhaitz handiak, enbor zabalak... Amona ere agertzen da dezentetan, adineko emakumeak izan baitira kontakizun hauek kontatu dituztenak».
Gauari protagonismoa eman dio Alkozek. Baserri inguruari ere bai, euskal ohitura edo sinesmen zaharren transmisio gune garrantzitsu izan delako. «Gaur egun gero eta baserri zahar autentiko gutxiago daude, eta irudikatzen ahalegindu naiz, omentzeko».
Herio, Maimur, galtzagorriak...
Argi-ilunekin intriga puntu bat duten pertsonaiak eta atmosfera misteriotsuak sortu ditu. Are, elementu batzuk ilunbean jarri ditu irakurleak bilatzeko. Herio, adibidez. «Segarekin ibiltzen den kalabera hori egin beharrean erdi putre itxurako bat egitea bururatu zitzaidan, beleak inguruan dituena».
Mari ere buruan imajinatzen duen bezala interpretatu du, ile luzearekin, erdi biluzik eta igitai batekin. Galtzagorriak, berdin, bihurri aurpegiarekin.
Orantzaroa irudikatzeko bazuen abiapuntu bat, kartel batzuk egiten dituelako herriko Orantzaroaren berri emanez.
Konposaketa dinamikoa
Azaldu digunez, tokiak eta ikuspuntuak aukeratzen saiatu da bereziki, konposaketa erabakitzen, dinamikoa izan zedin. «Adibidez, plazan inauterietako irudi bat egin dut pertsonaia askorekin eta hori kostatu zait gehien: konposaketa nahasia baina aldi berean ulergarria egitea».
Arkatzez egin ditu bozetoak, nahiko tamaina txikian. Lantaldean aurkeztu ondoren, xehetasun gehiagorekin landu ditu, A3 tamainan. Teknika mistoa erabili du; marrazki guztiak eskuz eginak daude oinarrian, arkatza, akuarela eta akrilikoekin, baina batzuek koloreak indartuak dituzte ordenagailuarekin.
Nahiko libre ibili da ilustratzailea eta estimatu du hori. «Gaia ere gustatzen zait eta gozatu dut», aitortu du.
Negutik udaberrirako trantsizioa modu eder eta berezian jasotzen duen ipuina osatu dute denen artean, inondik ere.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

