
Irudek Bidasoa-Irunek azkenera arte sufritu du, baina Tubos Aranda Villa de Aranda mendean hartu du Asobal Nexus Energia Ligako hamabigarren jardunaldiko partidan. Norgehiagoka azken minutuetan erabaki da, eta, ia amaierara arte, bi lehiakideetako edozeinek eraman ahal izan du. Gorka Nieto, zazpi golekin, izan da golegile nagusia gipuzkoarren artean, eta sei egin dituzte Nevado, Dariel Garcia eta Esteban Salinasek.
Ia zazpi minutu igaro behar izan dira etxekoak, Rogonovs pibotearen eskutik, markagailuan aurretik jartzeko, baina 4-3 eskas batekin izan da eta minutu erdian berdindu dute norgehiagoka Irungoek. Berdintasuna izan da protagonista hurrengo minutuetan.
Irundarrek ez diote Villa de Arandari markagailuan alde egiten utzi, zenbait fasetan aurretik izan den arren; are, behin baino gehiagotan berdinduta ere izan dira. Aldiz, 23. minutuan Dalmau Huixek gola sartu eta hiru goleko aldea lortu du etxekoentzat (16-13). Izatez, partida gaztelarren aldeko hiru goleko abantaila horrekin iritsi da atsedenaldira (19-16).
Bigarren zatira indartsu atera da Bidasoa, eta 33. minutuan markagailuko aldea gol bakarrera murriztea eta 36.ean berdintzea lortu du, Dariel Garciaren eskutik (22-22); segundo batzuk geroago aurretik jarri da, Esteban Salinasek gola egin ondoren.
Dueroko erriberakoek ez dute etsi, eta 40. minutuan Bidasoa bi goleko abantailarekin aurretik jarri den arren Rodrigo Salinasen gol bati esker (24-26), Rogonovsen gol batekin partida berdindu dute lehendabizi (26-26), eta, ondoren, 44. minutuan, baloi bat lapurtu ostean Mateo Ariasek sartutako gol bati esker (27-26), Javi Marquezen mutilak berriro aurreratu dira.
Eta hor iritsi da partiduaren inflexio puntua. Zaleen haserrea eragin duen Ariasen kanporaketa bat baliatuta, partidua irauli eta markagailuan alde egitea lortu dute gipuzkoarrek, hiru erasotan jarraian gola eginda: 28-33, 60 minutuetan markagailuan egondako abantailarik handiena.
Villa de Arandakoak ez dira partidatik irten, baina batetik etxekoek egin dituzten akatsen ondorioz eta bestetik Alex Mozasek entrenatutako jokalariek atearen aurrean asmatu dutelako, partidako azken minutuetako partziala 4-8koa izan da, eta Bidasoak 32-36 irabaztea lortu du.
Fitxa teknikoa
32 Villa de Aranda (19+13): Pedro Benito, Mateo Arias (1), Alberto G. Pinillos (4, 2 p), Pau Guitart, Dalmau Huix (2), Vasco Teixeira, Víctor Megías, Pedro Martínez Ayres, Jevgenijs Rogonovs (2), Asier Iribar (5, 2 p), Vicente Poveda (1), Juan Tamayo (1), Francisco C. Pereira (8), Hugo Esteban, Hugo Domínguez, David López (5), Álex Berbel (2), Jakub E. Sladkowski, Tamás Janosi (1).
36 Irudek Bidasoa-Irun (16+20): David Faílde, Iñaki Cavero (1), Xavi Tua (1), Ignacio Peciña, Endika Wamba, Javier Gastaminza, Xavier González (3), Eneko Furundarena, Esteban Salinas (6), Rodrigo Salinas (5, 1 p), Piotr Mielczarski (1), Mario Nevado (6), Matheus da Silva, Gorka Nieto (7), Dariel García (6, 1 p), Jakub Skrzyniarz, Nacho Valles, Leo Maciel.
Partzialak bost minutuero: 2-2, 7-6, 9-8, 13-11, 16-14, 19-16 (atsedenaldia), 22-21, 23-25, 27-27, 28-31, 31-32.
Epaileak: Jesús Escudero Santiuste eta Jorge Escudero Santiuste (Kantabriako Federazioa). Tubos Aranda Villa de Aranda taldeko Daniel Martin (1. m) eta Mateo Arias (46. m) eta Irudek Bidasoa-Irunekoa Marko Jevtic (3. m) bota zituzten bi minuturako.
Gorabeherak: Asobal Ligako hamabigarren jardunaldiko partida, Aranda de Dueroko (Burgos) Santiago Manguan kiroldegian jokatutakoa, ia 2.000 pertsonaren aurrean.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
