Laborantza eta Elikadura Kontseilua, Euskal Elkargoak gehiengoz onartua

Luze itxaron eta sutsu eztabaidatu behar izan den bozketa estu batean, larunbat honetan bildu da Euskal Hirigune Elkargoko herriarteko kontseiluak Euskal Herriko Laborantza eta Elikadura Kontseilua erakundea sortzea erabaki du.

Elkagoaren bilera, Baionan.
Elkagoaren bilera, Baionan. (Nahia GARAT)

kolektiboki laborantza jorratzea ardatz, Ipar Euskal Herrian erakunde berria jaio da larunbat honetan. Euskal Hirigune Elkargoko herriarteko kontseiluaren bileran lehendakari Jean-René Etchegarayk aitortu du «zatitzen» du gaia izan dela, bileraren beraren aurretik kontrakotasun dezente sortu dituela. Besteak beste, Jean-Marie Girier, Pirinio Atlantikoetako prefetarena. Hala ere, Etchegarayren hitzetan erakundeak «aholkularitza izaera» izango du eta «laborariak, sindikatuak, kolektibitateak, kontsumitzaileak eta gizarte zibila proiektu komunen inguruan biltzea» izanen du xede.

Ipar Euskal Herriko hautetsiak bat datoz laborantza aurrekaririk gabeko krisi batean dagoen ustean. Adostasun handia dago diagnosi horretan: hegazti gripe eta bestelako osasun arazoak, muturreko fenomeno meteorologikoak, estutasun ekonomikoak, sektorean errelebo falta, etorkizun zalantzagarria dudarik gabe. «Erritmo honetan 2050. urterako 100 esplotazio baino gehiago desagertuko dira, segur aski gehiago» aipatzen du Jean-Louis Prebendek, Gabadiko alkateak, Bil Gaiten taldearen ordezkari gisa.

Egoera kezkagarri honen aurrean, Ipar Euskal Herriko hautetsien %54ak herrialdeari egokitutako eztabaida eta hausnarketarako gune bat antolatzea proposatu eta %46ak kontra bozkatu zuen. Bil Gaiten taldeko ordezkaria den Peio Quihillalt Ligi-Athereiko alkatearen hitzetan, «laborarien komunitateak ezin duelako gehiago itxoin».

Bestelako lehentasunak Lekorneko alkate Hervé Damestoy, Elgarrekin Herriarentzat zentroeskuineko taldearen ordezkaria dena, aldiz, ez dator bat erabakiarekin: «Gure instituziotik kanpo zertarako behar dugu egitura berri bat batzorde indartu eta zabal batek funtzio berbera bete ahal badu?». Landibarreko alkate Patrick Etchegaray bat dator erakunde berriaren erabilgarritasunaren inguruko kezkarekin. «Jada martxan dugun instituzio publiko honetan (Euskal Elkargoan) eztabaidatu behar dira gaiok. Egiturak bikoiztu dira gaur, zertarako? Hauteslegoa kontentatzeko».

Berezko erakundea

Urte bat bete da Euskal Elkargoko lehendakariak Laborantza eta Elikadura Kontseiluaren promesa egin zuenetik. Jean-René Etchegarayk «lurraldean errotutako erantzun bat» ematea espero du eta, hartara, laborantza sektoreko aktore denak batzera deitu ditu. Parisek eta Departamenduak erreparoak adierazi dituzten arren, Erregio Kontseiluaren jarrera ez da batere ziurra. Hautetsiei azaroaren 24ean bere aurkakotasuna «bai muinean baita formetan ere» jakinarazi zien gutun bidez.

Proiektuaren aurkakoek aurkako, Jean-René Etchegarayren arabera «Departamendua ez da laborantza kontutan autoritate gorena». Eta behin eta berriz dio: «Zeren beldur gara?», erakunde berria berez ez dela «iraultailea» azpimarratuz, «egungo erakundearen eskuduntzen barnean» arituko dela esanez, anbizio handiagoko laborantza politika baten beste «zutabe» bat lez.

Batera plataformak Laborantza eta Elikadura Kontseilua sortzeko egitasmoa babestuz plazaratu agirian ildo berean aritu zen: «gure lurraldeko laborantza eragileek, kontsumitzaileek eta hautetsiek urrunago joateko borondatea erakutsi dute, ekintza publikoa hobetzeko beste tresna bat landuz: Laborantza eta Elikadura Kontseilua. Tresna horrek erabakiak herritar eta eragile sozioekonomikoengana hurbiltzen lagunduko du», adierazi du plataformak.