Bikaintasunaren bidetik ekarpen berriak Karakorumeko esplorazioan
Blake Berghoff, Cody Winckler eta Dane Steadmanek konpromiso eta zailtasun handiko bi bide berri sortu dituzte 6.082 metroko garaiera duen orratz batean (M6, AI4, A2+, 500 m) eta 6.300 metroko izenik gabeko mendi batean (M7, AI4+, C1, 1.450 m).

Cody Winckler eta Dane Steadman estatubatuarrak bitan igaro dira orriotatik. Lehenbiziko bisita iazko azaroan egin ziguten Yashuk Sar mendiaren (6.688 m, Karakorum) iparraldeko kontrahorman goi-mailako ibilbide berria aurkezteko. Bigarrena, berriz, joan den azaroko kontua da. Hain zuzen ere, aipatu genuen Yashuk Sar-en eginiko jarduerarengatik aurtengo Urrezko Pioleten sarietan protagonismoa izango zutela. Bai, aitortza jaso dute.
Bada, orain bikote honek Blake Berghoff kidearekin Karakorumen eginiko espedizioaren berri emango digu. Esplorazioan oinarritutako bidaia horrek, berez, Dansam (6.568 m, Pakistan) helburu zuen. Baimena eskuratu ondoren, iparraldeko zutoina eskalatzeko xede zuten. Zoritxarrez, oso baldintza kaskarretan zegoen. Granitoaren kalitatea oso txarra zen eta aztertutako jaitsiera oso arriskutsua ere.
Burumakur geratzeko asmorik ez zutenez, egoera irauli eta ingurumari horretan bi eskalada egin zituzten. Ming Ling izeneko glaziarraren ondoan dagoen 6.052 metroko orratz batean 500 metroko marra bat sortu zuten: M6, AI4 eta A2+. Ondoren, Dansam mendiaren ipar-mendebaldera dagoen izenik gabeko mendi batean (6.300 m) beste bide bat zabaldu zuten: M7, AI4+, C1, 1.450 m. Laburbilduta: esplorazioan oinarritutako bi proposamen gogor. Teknikoki zein konpromisoaren aldetik.

Hurrengo lerrootan, Steadmanek berak Winckler eta Berghoffekin Karakorumeko alderdi horretan eginiko espedizioaren eta lortutako emaitzen inguruan luze eta zabal hitz egin digu.
Karakorum
«Dansameko lehen argazkiak duela lau urte lehen aldiz ikusi nituen, eta duen iparraldeko zutoinak lehen momentutik harrapatu ninduen. Urrutiko amets bezala nuen, baina bat-batean nire iparrorratza bihurtu zen. Hots, hurrengo urteetako nire eskaladak bideratu zituen. Yashuk Sar-eko iazko eskarmentuaren ondoren, prest nengoen beste espedizio bat egiteko. Dansam mendi mitiko hori eskalatzeko baimena eskuratu genuen, eta irailaren hasieran Pakistanera abiatu ginen.
«Kanpaleku nagusia antolatu eta biharamunean zerua garbitu zen. Dansam ikusi eta ametsen lehen zatia bete zen: harritu eta inspiratu ninduen. Baina hurbildu ginenean inspirazio horrek beldur kutsua hartu zuen. Erdiko kontrahorman zegoen bide seguru bakarra izugarria zirudien. Bederen, seracak saihesten zituen. Argazkietako granitoak 'iruzur' egin zigun. Irudietan trinkoa zirudien; han aurrean, aldiz, ohartu ginen oso puskatuta zegoela. Hortaz gain, ibilbide hortik jaistea ia ezinezkoa zirudien; oso-oso arriskutsua zen.
«Espedizioaren helburu nagusi hori baztertu eta gero, gure inspirazioa berriro indartzen joan zen. Ming Ling izeneko glaziar baten alboan, ertz batetik altxatzen zen granitozko letagin edo orratz bat ikusi genuen. Jakina, gure arreta piztu zuen. Mapa topografikoetan ez zen azaltzen, baina, hurbildu eta gero, argi geratu zen helburu bat esku artean genuela.
«Motxilak prestatu eta biharamunean dorrea zaintzen zuen azken ertzan kanpaleku aurreratua altxatu genuen. Denera, bi gau egin genituen horma horretan, eta beste bat gailurraren azpian zegon erlaitz batean. Hirurok ala hirurok ezusteko handia hartu genuen eskaladak izan zuen kalitate handiarekin eta estilo ezberdinekin. Izotzarekin estalitako tximiniak, mistoa, katu-oinekin eginiko luzeak, artesiak… Denera, zortzi seguru finko, sei aingura eta beste bi progresiorako jarri genituen. Uste dugu orratz misteriotsu horren lehen igoera izan zela.
«Dorre horretan eginiko eskaladaren ondoren, girora egokitzeko fasea erabat beteta zegoen. Bigarren helburuarekin amets egiten hasi ginen: igoera estetikoa, segurua, teknikoki zorrotza eta mendi hotz handi bat esploratuz. Kanpaleku nagusian geundela konturatu ginen gure begiak izenik ez zuen eta igo gabe zegoen 6.300 metroko mendi batera bideratzen zirela.
«Mendi horrek duen iparraldeko kontrahormak gure asmoekin bat egiten zuen. Arazo bakarra zen mendiarren oinarriak izotz-jauzi arriskutsu bat zuela. Erabat birrinduta zegoen. Mapa satelitalak aztertu eta agerikoa zen ibilbide bat aurkitu genuen. Eguraldiarekin zalantzak genituen. Izan ere, hiru astez oso ona egin zigun eta, normala zenez, aldatu behar zen. Sei egun genituen aurretik eta iragarpenek zioten ekaitz bortitz bat inguratzen ari zela eta haran guztia elurrarekin estaliko zuela.
«Udaberrian Alaskan eginiko irteeran Blakek izan zituen izozketengatik erabaki zuen helburu berrira ez zela joango. Irailaren amaieran glaziarraren bidegurutzera abiatu ginen. Lepoa zeharkatu, glaziarraren aldats xume batzuk igo eta kontrahormaren oinarrira heldu ginen. Eguzkia ezkutatzen ari zen bitartean, mistoan, arrokazko lehen hiru zerrendak igo genituen. Zorionez, bibak eroso bat aurkitu genuen.

«Harkaitzezko bigarren sekzioa, adibidez, berezia izan zen. Kranpoiekin hainbat plaka gainditu nituen eta hortik aurrera hurrengo zerrendara eraman ziguten elurrezko aldatsak jarraitu genituen. Ibilbide hori ez zen batere atsegina izan. Gogor borrokatu behar genuen azukre moduko elurrarekin. Arrokazko azken zerrenda banatzen duen izotzezko tximinia handira iritsi ginen. Ilunabarra gainean genuen, eta izotzezko azken zelaietan sartu ginen. Bezperan bezala, zorte handia izan genuen granitozko orratz baten atzean bibak eroso bat aurkitzeagatik.
«Hirugarren egunean izotz tentean hasi ginen eskalatzen, eta, ondoren, beste tximinia bat zain genuen. Seraca saihestu, pixka bat deseskalatu eta izotzezko beste aldapa batzuek gailurraren azpian dagoen glaziarrera eraman ziguten. Azken metroak eskalatu eta tontorrean geunden. Jaitsi eta azken glaziar horretan bertan denda altxatu genuen. Biharamunean eguraldia okertu zen: laino lodiak eta elurtea.
«Ibilbidea jaisten ari ginela, eguraldiak hobera egin zuen. 25 rappel egin ondoren, kontrahormara eraman zigun lepoan geunden. Glaziarraren oinarrian Blake zain genuen. Lau egun mendi horretan gogor borrokatu eta gero, gauez, oinarrizko kanpalekura heldu ginen. Biharamunean elurrak bisitatu zigun, eta sei egunez atertu gabe egon zen. Eskalatutako orratzarekin geratu zen bezala, uste dugu mendi horren tontorra zapaltzen lehen alpinistak izan ginela.
«Amaitzeko, Codyrentzat esker oneko hitzak aipatu behar ditut derrigorrez. Espedizio honetan egundoko indarra eta ausardia erakutsi ditu. Uztailaren hasieran erietxean zegoen pronostiko larri batekin. Ni oso baikorra naiz, baina uste nuen nire kideak ez zuela indarrik izango eskalada hauek egiteko. Erietxeko ohe batetik gailur horietara soilik hiru hilabete igaro ziren! Badakit fisikoki eta mentalki esfortzu handia egin zuela, eta horregatik eskertuta eta harrituta nago».

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik
