
Euskarazko Wikipedia ‘Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendan’ lehen postuan kokatu dute, artikulu guzti-guztiak 30.000 byte baino gehiagoko luzerara eguneratuta dituen hizkuntza bakarra delako. Gainera, 24 urte bete zituen abenduaren 6an.
Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak ohar batean azaldu duenez, zerrenda hori «estrategikoa» da Wikipedian eta helburua hizkuntza guztiek oinarrizko ezagutza orokorra osatzen duten artikuluak izatea da, geografiaz, historiaz, zientziaz, arteaz, giza eskubideez edo pertsonaia esanguratsuez.
Artikulu horiek nazioarteko komunitateak aukeratzen ditu eta luzera eta sakonera neurtzeko, hizkuntzaren araberako byte kopuru bat maneiatzen dute. Oro har, artikulu luzea 30.000 byteko baino gehiagokoak dira eta helburua da kopuru hori gainditzea 1.000 artikulutan.
Gaur egun, 340 hizkuntzetatik 23 hizkuntzek soilik lortu dute artikulu guztiak izatea; baina, une honetan, euskara da artikulu guztiak 30.000 bytetik gora dituen hizkuntza bakarra munduan. Neurketa hori automatikoki eguneratzen da hilero, eta abenduko emaitzetan euskarak lortu du lehen postua.
Lorpen hau euskal wikilariek azken urteotan egindako lanari eta hartutako ikuspegi sistematiko eta antolatuari esker izan dela nabarmendu dute. ‘Wikiproiektu: 1.000 artikuluen zerrenda’ lanean koordinatuta egon dira azken hiru urteotan.
Hurrengo erronka Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak lortzea da. Zerrenda honetan euskara 17. postuan dago eta hurrengo urteetan lehentasuna izango da zerrenda horretako artikuluak sakontzea. Horrela, helburu nagusirantz lan egiten jarraituko dute: «euskarazko ezagutza librearen kalitatea handitzen jarraitzea, edukien irisgarritasuna eta fidagarritasuna bermatuz».

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba
