
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren atarian elkartu dira zortzi finalistak Bilboko Casillan: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi, Txaber Altube Sarrionandia eta Xabat Galletebeitia Abaroa.
Abenduaren 20an jokatuko da 17.00etatik aurrera. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai. Belate Olabarriak, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakariak, txapelketa behar handiaren emaitza dela azaldu du eta, horregatik, eskerrak eman dizkie txapelketan beharrean ibili diren guztiei, baita «astero areto eta frontoiak bete dituzten bertsozale guztiei ere, eurak barik ezingo litzatekelako Txapelketarik egin».
Ohikoa den bezala, bi ataletan jokatuko da finala. Lehenengoan hauek izango dira egin beharreko lanak: Hiruna bertso ofiziotan, zortziko nagusian; hiruna bertso ofiziotan, zortziko txikian; bakarkako lana, puntua emanda hiru bertso zortziko txikian; hiruna bertso ofiziotan, hamarreko txikian; bakarkako lana: gaia emanda hiru bertso, doinu eta neurri librean.
Lehen atalean puntuazio gehien lortu duten biak pasatuko dira bigarren atalera, eta lan hauek izango dira: launa bertso ofiziotan, zortziko txikian; hiruna bertso ofiziotan, sei puntuko motzean; eta ganbarako lana, gaia emanda hiru bertso doinu eta neurri librean. Saio guztiko puntuazioak, hau da, bi ataletakoak, batuko dira txapelduna erabakitzeko.
Finalistak
Finalera heltzeko hiru saiotan izan da Aitor Bizkarra, eta «nahiko lasai» hasi bazen ere, txapelkek aurrera egin ahala «tentsioak eta sufrimenduak gorantz egin dutela» adierazi du. «Ez dakit finalaz gozatuko dudan, beharrera eta jokora joateko eta neure onena emateko asmoa daukat», nabarmendu du.
Hirugarren finala izango da Aitor Etxebarriazarragarentzat. Urte «apur bat gorabeheratsuagoa» izan duela aitortu du, baina final erdiko bi saioetan «gorputzaldi oso onarekin» sentitu dela eta finalari begira horri eutsi nahi diola adierazi du.
Gorka Pagonabarragak aurtengo txapelketak «hotz» eta «ondo mentalizaturik gabe» harrapatu duela adierazi du: «Aurrera jarraitzeko nire buruaren kontra egin behar izan dut, baina gaur Casillan sartzerakoan ilusioa piztu zait eta finalera gogotsu heltzea lortuko dudala uste dut».

Haurdunaldian heldu da Jone Uria finalera, eta txapelketan zehar «bizipen asko eta desberdinak» izan dituela adierazi du. «Beldur puntu batekin heldu nintzen txapelketara. Ez hainbeste bertsotan nola nenbilenagatik, baizik eta fisikoki nola erantzungo nion. Bietan ondo sentitu naiz eta pozik nago. Orain arteko zapore on horri eutsi nahi nioke finalari begira», azaldu du.
Oihana Bartrak hasiera batean ez zuela txapelketan parte hartu nahi aitortu du. «Baina negazio fase hori pasa eta gero, bidean, motibatzea lortu dut eta aurrefinaletan gustora ibili naiz eta behin finalera helduta oso gogotsu eta lasai samar nago», esan du.
Onintza Enbeita: «Txapelketa askoz leku habitableagoa eta gozagarriagoa da orain dela 25 urte baino»
Finaleko beteranoena da Onintza Enbeita. 2018an txapela lortu duen lehen emakumezkoa bihurtu zen. Aurtengo finalera gogotsu heltzen dela argi utzi du: «Hemen egon nahi dut esateko eta demostratzeko nire buruari eta Bizkaiari txapelketa askoz leku habitableagoa eta gozagarriagoa dela orain dela 25 urte baino. Oso pozik nago urte hauetan eman diren aldaketengatik, diskurso eta kantatzeko modu diferenteengatik... eta abenduaren 20an horrek denak nire gorputza zeharkatzea nahi dut».
Lehenengo finala izango da Txaber Altuberentzat. Aurtengo txapelketan bere burua «gutxiago egurtzea» lortu duela adierazi du. «Finalerako oso gogotsu nago, momentu on batean heldu naizela uste dut eta dena emateko prest nago», gehitu du.
Urte askotan bere buruarengan konfiantza izateko arazoak izan dituela aipatu du Xabat Galletebeitiak. Erronka hori izan du txapelketan zehar, eta finalera prest heltzen dela azpimarratu du.
Txapel jartzailea: Arantza Plaza
Aurten Arantza Plazak Zamorak (Gizaburuaga, 1958) jantziko dio txapela irabazleari. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren transmisioan egiten den beharrari egin nahi izan dio gorazarrea. 2004an hasi zen lehen eskoletan bertsolaritza irakasten Arantza eta 2022ra arte behar horretan aritu da. Bizkaiko elkartean laneko erretiroa hartu duen lehenengo langilea izan da.

Plazak adierazi du bulkada bat sentitu zuela txapela jartzea proposatutakoan, eta segituan eman zuela baiezkoa. Txapela jartzea «ohorea» dela azpimarratu du, eta «opari ederra» izan dela aitortu du.
Protagonista horiez gain, Idoia Anzorandia Kareaga eta Igor Menika Bengoetxea ariko dira gai-jartzaile beharretan zapatuan. Epaileak, ostera, hurrengoak izango dira: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Garazi Mendoza Agirre, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Marta Ortiz Mateo, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga eta Itxaro Juaristi Olaetxea arituko dira.

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba

Mikel Zabalzaren omenaldia Endarlatsan: «Guk badakigu egia eta ondorengoek ere jakingo dute»

Denuncian que Soto Ivars presentará en Bilbo su libro «que niega la violencia machista»

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

