
Joan den apirilean, Iñigo Martinez de Albornozek amets baten inguruan hitz egin zigun. Eskiatzaile donostiarrak balorazioa egin zigun ere Mendiko Eskiko Nazioarteko Federazioak (ISMF) antolatutako erregulartasunaren zirkuituan eginiko lanaren inguruan. Aurreko denboraldiko Munduko Kopan, esprint modalitatean, lortutako emaitzak onak izan zirela onartu zuen. Hortaz gain, gehitu zuen bi hilabete barru Milano-Cortina d´Ampezzon (Italia) jokatuko diren Neguko Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratzeko oso motibatuta zegoela. Hain zuzen ere, rankingean zortzigarren postuan amaitu zuen iazko denboraldia. Martinez de Albornozek aurreratu zigun bezala, denboraldi berriko Munduko Kopako lehen proban sailkapen handi bat lortu behar zuen txartel preziatu hori erdiesteko.
Zoritxarrez, amets hori ezin izan du egia bihurtu. Izan ere, Munduko Kopako lehen hitzorduan finalerdietan geratu zen; hain zuzen ere, sailkapen nagusiko hamabigarren postuan. Aurreratu behar dugu Mendiko Kiroletako eta Eskaladako Espainiako Federazioaren (Fedme) selekzioarekin lehiatu dela. Talde horretan, esprint modalitatean, Oriol Cardona olinpiadetarako sailkatuta zegoen; katalanak ere errelebo mistoetarako txartela eskuratu zuen. Baina oraindik selekzio horrek bazuen gizonezkoetan beste aukera bat eskiatzaile bat Italiako hitzordu handi horretan sartzeko; selekzio bakoitzak bi ordezkari izango ditu. Eta “lehia” hori Ot Ferrer eta Martinez de Albornozen artean zegoen. Katalana bosgarren postuan zegoen rankinean; euskal eskiatzailea, berriz, zortzigarrenean. Munduko Kopako lehen proba horretan Ferrer seigarrena izan zen finalean, eta horri esker Olinpiar Jokoetan izango da. Aurreratu dugun bezala, gipuzkoarrak hamabigarren postua sinatu zuen.
Lehen proba
Solitude Mountain Resortek (Utah, AEB) jaso zuen 2025/26ko Munduko Koparen lehen hitzordua. Aurreratu dugunez, esprint modalitateko lehia horrek «pisu» handia zuen Olinpiar Jokoetarako azken txartelak banatu zituelako. Hogeita lau herrialdetako ordezkariak bildu ziren oso azkarra zen ibilbidean. Lehen zatia oso laua zen, eta, ondoren, erronboetara zeraman igoera batean sartu ziren. Puntu garaienera heldu eta jaitsiera azkar bati ekin zioten. Azken metroak, berriz, abiadura handian patinatzen iritsi ziren helmugara.
Emakumezkoen kategorian, Margot Ravinelek txanda guztiak menderatu zituen; hots, final-laurdenak, finalerdia eta finala. Frantziarrak azken fase horretako ibilbidea 3 minutu eta 14 segundoan sinatu zuen. 13 segundora Giulia Murada sailkatu zen, eta italiarrak soilik ehunen bat atera zion hirugarren postuan amaitu zuen Katia Mascherona herrikideari. Fedmeko ordezkari Maria Costa katalana seigarrena izan zen eta Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratu zuen.
Jon Kistler suitzarra azkarrena izan zen mutilen artean 2 minutu eta 40 segundoko kronoarekin. Bigarren sailkatuari, Arno Lietha herrikideari, bi segundoko aldea atera zion, eta hamaika, hirugarren sailkatuari, Maximilien Drion du Chapois belgikarrari. Biel Pujol eta Ferrer katalanak finalean sartu ziren; bosgarren eta seigarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren.

Mutualistas vizcainos percibirán mayor importe en su pensión al ajustarse sus retenciones

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba

Mikel Zabalzaren omenaldia Endarlatsan: «Guk badakigu egia eta ondorengoek ere jakingo dute»

Denuncian que Soto Ivars presentará en Bilbo su libro «que niega la violencia machista»
