NAIZ

Martutenera iritsi berrientzako ongietorria antolatzeko Martu Harrera Taldea sortu dute

Martu Harrera Taldea sortu berri dute Donostiako Martutene auzoan, institutu zaharrean bizi ziren ehun pertsonak irtenarazi eta astebetera. Auzora iritsi berrientzako ongietorria egiteko baliabidea da. Informazio gunea eta Baliabideen Gida ere aurkeztu dituzte asteazken honetan.

Martu Harrera Taldea aurkeztu dute asteazken honetan.
Martu Harrera Taldea aurkeztu dute asteazken honetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Martuteneko institutu zaharrean bizi ziren 111 pertsonak irtenarazi zituztenetik aste bat igaro denean, Donostiako auzoan Martu Harrera Taldea aurkeztu dute. Helburua auzora etorri berrientzako ongietorria eta informazioa eskaintzea da.

Aurkezpenean azaldu dutenez, hainbat eragilek osatzen dute taldea. Zehazki, Sarroeta Auzo Elkartea, Arantzazuko Ama Ikastola eta Guraso Elkartea, Etxarriene Auzo Elkartea, Ongi Etorri Eskolara, Hazi Berri Elkartea, Harrera Donostia, Martuteneko Herri Eskola, Martu Jaiak, Martuko Gazteak, Aizkorri Scout Taldea, Caritas eta Martuteneko bizilagunak.

Auzoan harrera komunitarioa bermatzearen beharra Haur eta Nerabeentzako Tratu on Martutene taldetik abiatu zen 2021ean, aurkezpenean azaldu dutenez. Bi urteko aldizkako lanaren ondoren, auzoaren beharrei buruzko diagnostiko bat egin zen eta Martutene harrera auzoa izan zedin lanean hasi ziren, baina gidak sortu ondoren baliabide ekonomiko publikoen lankidetza eta erakunde publikoen laguntza amaitu ziren.

Aurtengo otsailean boluntarioen talde berritua sortu zen auzora iritsi berri diren pertsonak detektatzeko eta informazio-gunera gonbidatzeko. Hemen, astean behin, beste kide batzuek gida azalduko diete. Gida euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz eskuratu ahal izango da.

Ongietorri eta informazio guneak zenbait zerbitzu eta baliabide eskainiko ditu, horien artean pertsonei komunitatean bizitzen laguntzeko aholkularitza, orientazioa eta laguntza. Azaldu dutenez, helburua da «ingurune atsegin eta seguru bat sortzea, Martutenera iristen diren pertsonek beren bizi-kalitatea hobetzeko behar dituzten oinarrizko baliabideak eskura ditzaten».

«Gaur aurkezten dugun baliabide-gida tresna baliotsua izango da gure komunitatean laguntza eta baliabideei buruzko informazioa bilatzen duten pertsonentzat. ‘Ongi etorri Martutenera!’ gidan informazio erabilgarria aurkituko duzu auzoan dauden baliabide eta zerbitzuei buruz, baita bere bizitza sozial eta kultural aberatsari buruz ere», adierazi dute.