Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

ARO BERRIA
Euskal Herria, 2025. 110’. Zuzendaritza eta gidoia: Irati Gorostidi. Aktoreak: Maite Muguerza Ronse, Óscar Pascual López, Aimar Uribesalgo Urzlai, Edurne Azkarate. Argazkia: Ion de Sosa.

‘Aro Berria’ filmeko fotograma bat.
‘Aro Berria’ filmeko fotograma bat. (Apellaniz y de Sosa, Señor & Señora)

Ur kontagailuen lantegi bateko langileek batzarra egin dute, azkenean aurrera egingo ez duen greba eztabaidatzeko. Etsipenak jota, inkonformistenek eremu intimoagoetara bideratzen dute eraldaketa erradikalerako nahia. Batzuek lantegia utzi eta mendietan isolatutako komunitate batean murgilduko dira, Arco Iris edo Ostadar Familia deritzona. Irati Gorostidiren gurasoak bertatik igaro ziren, eta, haiei galdetuta, artxiboko irudiak eta dokumentuak deskubritu zituen. Hortik hasi zen ‘Aro Berria’ filmaren sorkuntza prozesua. 

Gorostidik NAIZi eginiko adierazpenetan aipatu du filmaren ideia gurasoei ni jaio baino lehen bizitzen egon ziren komunitateari buruz galdetu nienean sortu zela. «Filma, neurri batean, beraien ibilbidean edo bizitzako pasarte horretan inspiratuta dago. Pelikulak militante talde bati jarraitzen dio, frankismoaren amaieraren ondoren langile borrokan oso murgilduta egon zirenak. Trantsizioa tarteko, eta etorri ziren aldaketak atzean utzi ostean, mendietan isolatutako komunitate batera gerturatzen den gazte talde bat. Komunitate horretan esperientzia katartiko batean murgilduko dira. Bildutako dokumentazioari esker, pelikularen abiapuntua horren inguruko ikerketa izan zen, kuriositateak bultzatuta hasi zena, eta horrek Arco Iris komunitatean murgiltzea ekarri zuen».

Pelikularen hasierako zatia fabrikan zentratzen da, eta ondoren ‘Aro Berria’ izenburua ageri ostean, haustura narratibo eta formala gertatzen da eta hor hasten da benetan filmaren muina. «Oso argi izan dut hasieratik bi sekuentzia horiek egin nahi nituela, langileen batzarra eta ostean datorren karpa gorrian gertatzen den guztia. Egia esan oso intuitiboa izan zen, asko erakartzen ninduen bi egoera horiek kontrajartzea; hainbeste jende, hainbeste gorputz, baina aldi berean hain desberdinak. Gerora, prozesu honetan, asko pentsatu dut bi egoera horien batuketa, bata bestearen jarraian jartzea, ze potentzialtasun duen: alde batetik, desengainu politikoarena, gizarte eta bizimodu antolaketa berrien bilaketak markatutako trantsizio horretan sakontzeko aukera ematen du, eta aldi berean trantsizioaren testuinguru historiko, kolektibo, sozial horri buruz, eraldaketa subjektiborako borondateari buruz alegia», gehitu du zuzendariak.