
‘Txori bat naiz. Alderik alde zeharkatzen ditut mugak, lur orotako doinuak mokoratuz. Nire habiek ez dute banderarik, neure hegaldia dut mintzo bakar, neure musika nonahikoa’. Azken poemak eman dio izenburua liburuari.
‘Nonahi musika’ da Juan Kruz Igerabideren (Aduna, 1956) azken literatura lana. Ostegun honetan aurkeztu du Donostian Felipe Juaristi editorea alboan zuela.
Liburuaren edizio zaindua eman du argitara Balea Zuriak. Eskerrak eman dizkie argitaletxeko kideei egileak «gero eta mundu robotizatuagoa» dugun honetan eurengan «konplizitatea eta humanismoa» aurkitu dituelako. Justizia, giza eskubideak, artea, maitasuna eta musika ikusten ditu humanismoaren ardatz. Zazpi ataletan banatuta, artearen eta maitasunaren bidez argirantz eginiko bidea kontatu du idazleak liburuan. Juaristik atera berri duen ‘Idia mihian’ liburuarekin «koinzidentzia ikaragarriak» ikusi ditu adunarrak.
‘Noraezean, jo klasikoetara; norabidea topatzean, jo klasikoetara’, luzatzen du gomendioa Igerabidek pasarte batean. Bide horri jarraiki ondu du liburua berak ere. Argitalpen berriaren sorburura jo du egileak. «Doktoregoa egiten ari nintzela maitasunaren ideiaren garapenaren gaineko lana egitea egokitu zitzaidan. Platonengandik hasi, Errenazimendua, Erdi Aroa, eta Erromantizismoan amaituz. Gaiarekin liluratuta geratu nintzen. Hor eduki dut», esan du.
Saiakera txikiz, apuntez eta aforismoz osatu du Francesco Petrarcaren eragin nabaria duen liburua. Mendebaldeko tradiziotik aldendu eta India, Txina eta Japonia bezalako herrialdeetara egin du jauzi Igerabidek, bertako kulturatan amodioa nola ikusten duten ikertzeko.
Feminismoak ekarri duen begirada berriari ere erreparatu dio prentsaurrekoan. «Aldaketa izugarria izan da amodioari zein gorputzari begiratzerakoan», aitortu du. Clarissa Pinkola Estes-en ‘Women Who Run with the Wolves: Myths and Stories of the Wild Woman Archetype’ (Otsoekin korrika egiten duten emakumeak: emakume basatiaren arketipoaren mitoak eta istorioak) lana irakurri zuenekoa eta irakurrialdiak sortu zion eragina ere ekarri ditu gogora.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Denuncian que Soto Ivars presentará en Bilbo su libro «que niega la violencia machista»

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

Robe Iniesta, el poder del arte

