
Berdintasunaren aldeko 2025eko Emakunde Saria Mentxu Ramilo Araujo politologo, ikertzaile eta dibulgatzaile gasteiztarrak jasoko du. Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak ostegun honetan iragarri du aukeraketa Emakundeko egoitzan egindako agerraldian. Sariduna bera bertan izan da.
Zuzendariak «berdintasunaren eta feminismoaren alde bi hamarkada baino gehiagotan egin duen ekarpena» adierazi du, eta azpimarratu du sari horren balioak gorpuzten dituela «bere konpromisoagatik, berrikuntzagatik, inpaktu sozialagatik eta emakumeen eskubideen defentsagatik».
Emakunde Sariaren epaimahaiak nabarmendu duenez, «Mentxu Ramiloren ibilbideak erakusten du ezagutza librea emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean aurrera egiteko tresna indartsua izan daitekeela».
Horrela, 10 urte bete berri dituen WikiEmakumeok lankidetza-proiektuan eta sarean duen inplikazioa goraipatu da. Ekimen honen bidez, Wikipedia emakume erreferentzialez eta editoreez hornitzea lortu du, bai eta ikuspegi feministadun edukiez ere; «horrela, genero-arrakalak murriztea lortu du, ezagutza askearen bidez eta kultura digitalean emakumeen ikusezintasuna zuzenduz».
Mentxu Ramilok aktibista eta dibulgatzaile feminista gisa proiektu asko egin ditu, eta epaimahaiak aitortu du «kontzientzia eraldatzailea» sortzen duela, «hezkuntza, ikusgarritasuna eta ekintza kolektiboa uztartzen dituelako».
Izan ere, emakumeen alfabetatzearen eta ahalduntze digitalaren aldeko prestakuntza-ekintza nabarmentzen da, genero-arrakala digitalak murrizteko eta informaziorako sarbidea ekintza-ahalmen bihurtzeko.
Bere ikerketa-lanean, epaimahaiak politologoak emakumeen parte-hartze politikoari buruz egindako lana baloratu du; erakundeek genero-ikuspegidun politikak diseinatzeko eta tokiko erabakiak hartzeko modua eraldatzeko balio izan dutelako.
WikiEmakumeok lankidetza-proiektua
Bestalde, saridunak 2025eko Emakunde Saria eskertu du, gordailu libreetan irekitako lizentziekin ezagutza sortu, askatu eta partekatzera pertsona gehiago animatuko dituelakoan. «Sari honek historian zehar ikusezin bihurtu diren hainbat emakumeren ekarpenak dokumentatzeak duen garrantziari buruzko kontzientzia sortzeko balioko ahal du», esani du.
Ramilok Wikipedian boluntariotza proiektuetan laguntzen dioten pertsonak eta kolektiboak gogoratu ditu, Zehar-Errefuxiatuak eta Komuneroen Iberiar Sarea. «Guztion onerako eta justizia sozialerako lan egitera bultzatzen gaituzten eta inspiratzen gaituzten bizi-istorioak deskubritzen jarraituko dugu».

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
