NAIZ

Arabako egoitzetako lehen hitzarmenean %32,5eko soldata igoerak iragarri ditu ELAk

ELAko Arabako adinekoen egoitzen eta etxebizitza komunitarioen langileek ontzat eman dute lehen hitzarmenerako aurreakordioa, estatalizazioaren bidezko prekarizazioa gainditzeko bidean. Akordioak soldata igoera handiak eta lan baldintzen hobekuntza nabarmenak jasotzen ditu.

Arabako zahar etxeetako langileen manifestazioa, artxiboko irudi batean.
Arabako zahar etxeetako langileen manifestazioa, artxiboko irudi batean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Arabako Erresidentzien eta Etxebizitza Komunitarioen sektoreko langileek ELAk lortutako lehen hitzarmenerako aurreakordiori onespena eman diote ostiral honetan. % 60ko ordezkaritza du sindikatuak sektorean. Horrela «lan baldintzak prekarizatzen zituen estatalizazioarekin» amaituko da. Hobekuntzen artean, lau urteko indarraldia (2025-2028) eta %32,5eko soldata igoerak daude, hau da, 2028an hilean 1.500 euroko soldata izango dute. Beraz, orduko prezioa %40,5 igoko da, sindikatuaren arabera.

Era berean, sindikatuak jakinarazi duenez, akordioak honako hobekuntza hauek jaso ditu: lau urtean 100 orduko lanaldi murrizketa eta norberaren aukerako lau egunei eustea, eta asteburuetan atsedenaldiak ugaritzea; ordu osagarriak finkatzeko klausula; hitzarmena blindatzea (ultraaktibitatea eta inaplikazioa); azterketa psikosozialak egiteko betebeharra; berdintasun neurriak, LGTB eta euskara.

ELAk informazio batzarra egingo du bere ordezkari eta militante guztiekin, akordioa baloratzeko ostiral honetan. Aurreikuspenen arabera, abenduaren 16an sinatuko da ituna Lan Harremanen Kontseiluaren Gasteizko egoitzan.

Sektoreko langileenk sei urte baino gehiagoko «borroka nekaezinaren emaitza» da akordio hau. «Ia 60 greba egunekin, borroka lan hobekuntzak lortzeko bidea dela erakutsi dute, eta konpromiso solidario eta sindikalaren eredu dira», nabarmendu du ELAk.

Bestalde, gogoratu du Arabako zaharren egoitzen arazoa «kudeaketa dela, pribatizatzeko grina batekin: zaintza ez dago ereduaren erdigunean. Zaintzaren arloan, errentagarritasun ekonomikoak ezin du lehentasuna izan». ELAk ohartarazi du akordio hori aurrerapausoa dela, baina ez dela nahikoa eredua aldatzeko: «Patronalak dira errudunak, baina Arabako Aldundia da azken erantzulea». Bide horretan, ELAk lan baldintzak eta egoiliarren arreta hobetuko dituen publifikazioa lortzeko borrokak bultzatzen jarraituko duela aipatu du.

Gatazka konpontzeko beste gakoetako bat gizartearen inplikazioa izan dela azpimarratu du sindikatuak. Ildo horretan, ELAk eskerrak eman dizkie sei urte hauetan langileen borroka lagundu duten pertsona eta erakunde guztiei, eta EH Bilduren eta Elkarrekin-Podemosen inplikazioa nabarmendu du, gatazkaren konponbidea agenda politikoetan sartu dutelako.

LABek proposamena aztertuko du

Bestalde, LAB sindikatuak iragarri du gaurko delegatu asanblada deitu duela Arabako adinduen egoitzetako hitzarmenaren inguruan jasotako proposamenaren «balorazio egoki bat» egin ahal izateko.

«LAB sindikatua sektoreko langileekin batera azken sei urteetan kalean eta lan zentroetan borrokan egon da, borroka luze eta nekeza izan da, eta horregatik jaso berri dugun proposamen berri honen inguruan, gure oinarri militanteekin batzarra egingo dugu gaur», jakinarazi du sindikatuak ohar batean.

«LABek aldarrikapen asko mahai negoziatzailean zein kaleetan defendatu ditu, eta ezinbesteko agentea izan da borroka hau aurrera eramateko. Horregatik, borroka honek merezi duen itxiera bermatu behar dugu eta jasotako eskaintza hau nahikoa den baloratu behar dugu», azaldu du.

Era berean, LABek gogoratu du «jasotako proposamena sektoreko langileek egindako borroka eredugarriaren ondorioa dela, beraz garaipena beraiena da», eta «harrituta» agertu da ELAk iragartzeagatik, «langileekin eta LABekin duen elkarlana errespetatu gabe».