Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Edorta Lamoren ‘Arrea!’, mendiko sukaldea, mendiko bizimodua

Hamarkada bat baino gehiagoan hiri giroko abangoardiako sukaldaritzan jardun ondoren, sustraietara itzuli zen Edorta Lamo Arrea! jatetxeko sukaldaria, familia eta bizi proiektu batek hartaratuta. Horren deskribapena da ostiral honetan aurkeztu duen liburua.

Edorta Lamo, liburuaren aurkezpenean.
Edorta Lamo, liburuaren aurkezpenean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Egunero umeak ikastolan utzi eta mendira joaten da Edorta Lamo. Arabako Mendialdea, lurra, lasaitasuna ere lanbide baititu. Izan ere, hamarkada bat baino gehiagoan hiri giroko abangoardiako sukaldaritzan jardun ondoren, jaioterrira, Kanpezura, itzultzea erabaki zuen, neurri batean behartuta, familia proiektua ere bai baita. Hala, sukaldaritza, kultura eta lurraldea lotzen dituen proiektuari ekin zion emazte Leirerekin eta arreba Amaiarekin batera.

Ostiral goiz honetan Gasteizko Zuloa liburudendan, etapa hau deskribitzen duen ‘Arrea!’ liburua aurkeztu dute berak eta Amaia arrebak, izen bereko jatetxea zuzentzen duenak. «Herriak osatzen zaitu», dio Lamok. Erabateko aldaketa izan da, taberna batetik –Donostiako A Fuego Negro-tik, «eta harro esaten dut, nire bizitzako etapa on bat izan da»– Arabako Mendialdeko jatetxe batera. Edo, haren arrebak dioenez, hiriko zurrunbilotik lasaitasunera.

Hori da liburu honetan Edorta Lamok eta haren arreba Amaiak transmititu nahi dutena. Lurra, herriko lasaitasuna, herriko bizimodua ekarri nahi izan dute liburura. «Behar bat sentitu zuen». Arreba Amaiak dio testu guztiak Edortak idatziak direla: «Pasioa ere transmititzen du, lurrarekiko, arbasoekiko lotura hori...».

Neba-arrebok 20 urteko ibilbidea egin dute elkarrekin lanean. ‘Arrea!’ laugarren liburua dute, baina aurrekoen oso desberdina da: «Beste proiektu bat da, eta beste erritmo bat»; izan ere, azken urteetako hiriko erritmo bizitik herriko lasaitasunera egin duten bezala, liburu hau beste patxada batean egina da.

Bertako kulturarekin harreman etengabean

Liburuaren ardatza ez da, sukaldaritzako literaturan ohi den moduan, chefa, baizik eta mendialdeko bizimodua islatzea. Sukaldaritzaren inguruan, kultura eta lurraldea, landa-inguruneko produktuak, ofizioak eta paisaiak nabarmentzeko. Lamoren bizimodua ere halakoa baita, lurrarekin, tokiko ekoizleekin, artisauekin... bertako kulturarekin harreman etengabean. Argazkiak ere modu berezian zaindu dituzte. 
 
Gastronomia pertsonala da, bertakoa eta Arabako Mendialdeari omenaldia. Ez da publiko gastronomikoarentzat propio egina, edo ez publiko horrentzat bakarrik. «Batez ere arteak erakartzen dituenentzat, lur hau maite dutenentzat» egina dela dio Lamok. Liburuak 100 errezeta inguru eskaintzen ditu, lau urtaroen arabera antolatuta. Eta nolabaiteko gida ere bada, urtaro bakoitzean zer bildu, noiz prestatu jakiteko, interesak eta kezkak jaso ditu... Beraz, publiko zabal batentzat idatzia da.

Hala dio Lamok, liburuaren sarreran azaltzen du bere proiektuaren filosofia, liburuan zehar islatzen dena: «Kanpezun gosearen kultura ezarri zen, eta, beraz, esfortzuarena, borrokarena eta buruargitasunarena, aitortu eta balioetsi beharrekoa». Eta haren oinarriak, lurraldearekiko harremana, jakintza tradizionalen berreskuratzea, ehiza eta bilketa. Baita «oroimeneko sukaldaritza» ere, Lamok modu sortzailean interpretatzen duena eta produktuaren ezagutza sakonaren eta gastronomiarekiko bere begirada antropologikoaren ondorio dena. 

Atzean geratu dira beste etapa batzuk, beti ere emankorrak, Arzak eta Mugaritz etxeetan trebatu zenekoa; Donostiako A Fuego Negro pintxo taberna, tradizioari begirada irudimentsu eta iraultzailea eman zionekoa; Fermin Muguruzarekin ‘Pintxatu’ disko-liburua, abestiek iradokitako pintxo errezetak bildu zituena... Baina etapa berrian ere ez da oharkabean joan, 2022an bere Michelin izarra jaso baitzuen, baita Repsol gidaren bi eguzki ere.

Lan honetan emakumeek izan duten paper ezinbestekoa nabarmendu nahi du Lamok. Bere arrebarenaz gainera, ‘Su paregabeak’ bildumako zuzendari Lashmi Agirrerena, bilduma horretako lehen alea ‘Arrea!’ izatea proposatu baitzion, eta Sara Castaño argazkilariarena.