Gaur egun bideojokoek duten hedapena izugarria dela inork ez du zalantzan jartzen. Askotariko gaiak dituzte, eta, kirolari dagokionez, «erregeek» dute protagonismo nagusia. Alabaina, noizean behin, kirol txikienei tartetxo bat egiten zaie, eta duela gutxi eskaladak txoko berezia jaso du.
Furi eta Haven jokoen sortzaile The Game Bakers enpresak ‘Cairn’ jarri du zaleen eskura. Eskalada barru-barrutik bizitzera daraman bideojokoa al da? Bada, neurri handi batean, bai. Biziraupenean oinarritutako eskalada du oinarri, eta dagoeneko PC eta PS5-erako eskuragarri dago. Aava da protagonista, eta haren bizipenak baino ez dira jarraitu behar. Eskalatzaile horren helburu nagusia igo gabe dagoen mendi bat eskalatzea da. Laguntzarik eta bidezidorrik hartu gabe, helduleku, arnasketa eta bibak bakoitzak berebiziko garrantzia du.
Kami mendia da Aavaren erronka nagusia; bere gailurra inork ukitu ez duena. Igoera hori ez da batere automatikoa; izan ere, harkaitzean egiten den eskaladan bezala, mugimendu bakoitza ondo neurtu behar da. Hots, eskuen eta oinen kokapena, gorputzaren oreka eta nekearen gestioa dira kontuan hartu beharreko eiteak.
Hortaz gain, horma bakoitzari arreta jarri behar zaio. Borroka horretan akats txikiena eroriko batean bihurtzen da. Laburbilduta, trailerrean ikusten den bezala, bideojoko horrek gogorarazten du eskaladak duen exijentzia maila.
Biziraupena
‘Cairn’-ek duen unibertso bisuala Mathieu Babletek biribildu du. Eta lasai asko esan daiteke emaitza bikaina erdietsi duela. Horrekin esan nahi dugu mendia ez dela solik eszenatoki bat. Oro har, indar asko duen istorio bat kontatzen du. Adibidez, zeruak gorabeherak izaten ditu; hain zuzen ere, baretasunaren eta mehatxuaren artekoa. Eskalatzen den pareta ere badirudi bizirik dagoela. Estetika horrek bidaia emozionalean zein fisikoan murgiltzen du jokalaria.
Martin Stig Andersen eta Lukas Julian Lentzen soinu-banda ere ez da atzean geratzen. Mendien, harkaitzaren, haizearen eta isiltasunaren soinuak jokalariarentzat erreferentziak dira. Horrek guztiak, gainera, tentsioa eta inmertsioa sendotzen ditu. Osagai horiekin guztiekin eskalada bakoitza dantza batean eraldatzen da. Hortaz, ikusmenak eta eskuek bezala, entzumenak gidatzen du.
Jokalaria ez da zerotik hasiko; ez du Kami mendia inolako prestakuntzarik gabe eskalatuko. Lehenik eta behin, rokodromo batean eskaladaren hastapenetan jarriko du. Beroketa lanak baino ez dira. Ondoren, Tenzen mendiak dituen horma tenteei ekin beharko zaie. Eta trantsizio horrek, azkenik, helburu nagusira, Kami mendira, eramango du. Bitarteko mugatuak, akats txikienak, mugimenduaren askatasunak, planifikazioak… den-denek berebiziko garrantzia dute xede nagusi hori erdietsi ahal izateko.
Eskalada birtual horretan biziraupena giltza da. Igoerak eskatzen dituen arlo guztiak bikain kudeatu behar dira: eskaladaren erritmoa, elikadura, hidratazioa, iltzeen kokapena, soka, bibaka… Arrakasta lortzeko estrategia egokiena eraman behar da aurrera: planifikazioa eta teknika dira giltzarri nagusiak.
Eskalatzaile sutsuei zuzenduta dago ‘Cairn’. Jokalariak disfrutatuko du aurrean dituen erronkekin, baina horretako pazientzia, aurreikuspena eta bizkortasuna kontuan hartu beharko ditu. Biziko duen eskarmentua nahasketa bat da: artearen, borrokaren eta kirol atal baten artekoa. Edozein bideojoko batean lortzen den arrakastan bezala, Kami mendia igotzeak erabat betetzen du. ‘Cairn’ bideojokoak emaitza ugari eman ditzake, eta, agian, garrantzitsuena da eskalada pantaila batean birdefinitu dezakeela.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
