
«Puntu oso baliotsua», modu honetan baloratu dute larunbat honetako garaipena Unai Lasok zein Jon Ander Albisuk, elkarri laudorioak eskaintzen zioten bitartean. «Pilota zailak kentzen ditu Unaik, satzen denean beste erritmo bat jartzen du, min egitera pasatzen da», esan du atzelariak. «Hasieratik Jon Anderrek sekulako partida egin du, txokoa ondo kubritu du eta dominatu egin du», esan du, bestalde, aurrelariak.
Bikote bezala ederki konpontzen direnaren argigarri dira adierazpenak, bai eta Nafarroa Arenan jokatu duten partida ere. Hein handi batean, bada baita ere sentsazioen jarraipena, Peio Etxeberria eta Rezustak, maila handiko pilotariak izanagatik ere, Binakako txapelketa honetan sentsazio onenak bilatzeko bidean jarraitzen baitute oraindik. Multzoen fase honetan, lau partida jokatu ostean, punturik gabe jarraitzen duen bikote bakarra da Aspekoa, Lau eta Erdiko eta Binakako egungo txapeldunek osatutakoa, alajaina.
Bigarren erdian, urdinen akatsak
Gerra handia egon da hasierako txanpan, partidaren aginte makila nork hartu borrokan. Lehen tanto ikaragarri luzea jokatu dute eta 10eko berdinketara arte, bost berdinketa erregistratu dira markagailuan. Tartean, bi bikoteek izan dute abantailarako tartea, lau puntistek lanerako trajea jantzita zutela. Atzelariak oso jotzaile aritu dira –akaso Albisu erosoago– eta aurrean ere mokoka aritu dira Unai Laso eta Peio Etxeberria.
Albisuk hanka freskoak erakutsi ditu zenbait tantotan. 8-6koan, esaterako, Zenozkoak txokoan utzitakora iritsi da eta jokoa erabat zoratu du ataundarraren erreakzioak. Eta zoramen horretan Laso bada artistagoa.
Hala eta guztiz ere, 8-6ko abantailaren ostean, akats batzuk tarteko –4 galdutako pilatu ditu Baikoko aurrelariak urdinen lehen zazpi tantotan–, urdinek markagailua irauli dute (8-10) eta kontrako partziala hautsi asmoz, jokoa eten du ataundarrak. Garaiz hartutako erabakia, ordutik 9-1eko partziala ezarri baitute gorriek, une horretan, egindako lanari distira ere jarrita.
Laso gehiago sartu da airez, Rezusta atzean ongi behartu, Albisuk ongi eutsi eta Peio Etxeberriari plan guztiak aztoratuta. Zenozkoak horma bikoetan huts egin du –kasik 6ko lerrotik bidali nahi izan du bat– eta Rezustari lagundu nahiak, erabaki eskasen bat hartzera ere eraman du.
Lasok bere artista sena ere atera du 20-14koan, garaipena erabat bideratzeko. Gorriak ere ez dira libratu nekearen ondorioez eta urdinei nolabaiteko hauspoa eman die (21-17), baina ordurako, gorrien nagusitasuna ezerezean uzteko beranduegi zen. Bizkarreta Gerediaingoak gantxo eder batez jarri dio zigilua demari.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Robe Iniesta, el poder del arte

‘Xiberutikan Mendebaldera’ ZETAKen abestiak jarriko dio doinua 24. Korrikari
