
Yosemiteko udazkeneko denboraldian jarduera bikainak egin dira, ia denak eskalada librearekin lotutakoak. Sasha DiGiulian izan da protagonista horietako batean. Estatubatuarrak erronka handi bati ekin zion: ‘Platinum’-i (8b, 900 m). Ibilbide hori Kapitain hormatzarreko zailenetako bat da, eta 33 urteko estatubatuarra gai izan da hori era askean igotzeko. Norbaitek ibilbidea igotzen duen laugarren aldia da, eta DiGiulianek beste ohore bat ere badu: estilo horretan marra hori librean eskalatu duen lehen emakumezkoa da.
‘Platinum’ testuinguruan jartzeko, esan behar da 2009 eta 2017. urteen artean sortu zutela Kapitainen. Horren sortzaile nagusia Rob Miller izan zen, eta, besteak beste, lan horietan Elliot Faber eta Jay Selvidge izan zituen ondoan. Millerrek berak lehen igoera sinatu zuen, baina ez zuen aukerarik izan puntu gorria jartzeko; hots, luze guztiak ez zituen era askean igo. Duela zortzi urte, berriz, Roby Rudolph suitzarrak eta Millerrek berak 40 luzeak librean eskalatu zituzten. 2018an, berriz, Tobias Wolf eta Thomas Hering alemanek bigarren igoera erdietsi zuten. Udazkeneko lehen egunetan, Alex Honnolden eta Tommy Caldwellen eskutik iritsi zen hirugarrena. Eta, orain, DiGiulianena laugarrena izan da.
Datu horiek eman eta gero, esan behar da ‘Platinum’, Kapitaineko bide luzeena izateaz gain, zailtasunean gogorrenetarikoa dela. DiGiulinanek lan bikaina egin du helburu horretan. 23 egun eman zituen murru horretan jo eta ke, luze guztiak askatzeko eginahaletan. Hala ere, bederatzi egunez ia erabat geldirik egon zen hamaka barruan. Ekaitz gogor batek bisitatu zuen Yosemite; bertakoek diotenez, azken urteotako latzena izan zen: eurite errekorra, elurra eta haizete bortitzak.
Alabaina, eskalatzaile estatubatuarrak ez zuen etsi eta azaroaren 2an hasitako jarduera 26an biribiltzea lortu zuen. Ibilbide horrek dituen 40 luzeetatik 27tan sokaburu joan zen; tartean, giltza diren luze guztietan ardura hori hartu zuen. Protagonistak adierazi du oro har ‘Platinum’-ek asko eskatu diola, baina bide batez azpimarra jarri dio ekaitzak sortutako egoerari: «Bederatzi egun hamakan sartuta egotea ez da batere atsegina. Nire bizitzan bizi izan dudan unerik beldurgarriena izan da. Haizeteek gau osoan gogor astintzen zuten hamaka; bazirudien hagaxkak puskatuko zituela. Erabat isolatuta, nekatuta eta beldurtuta sentitzen nintzen».
«Jaisteko aukera aztertu nuen, baina buruari gogor egin eta eustea erabaki nuen. Hormaren goiko zatia erabat bustita zegoen, eta horrek progresioan eragin handia izan zuen. Luze gogor batera heldu eta ikusten nuen giltzak diren pausoak bustita zeudela. Atzera egin eta noiz lehortuko ziren zain geratzen nintzen. Halere, ez nuen etsi eta baldintzak egokiagoak zirenean nire helburua lortu nuen», kontatu zuen.
«Zalantzarik gabe, harroen sentiarazten nauen eskalada da ‘Platinum’. Jakina, ez da erraza izan; denera, ibilbide horri hiru bisita egin dizkiot. Ederra da oso. Kapitaineko marra gehienek artesi sistemak dituzte. ‘Platinum’-ek, berriz, plaka tekniko eta zeharkaldi gogor asko ditu. Hitz batean esanda, ibilbide hori Kapitaineko zorrotzenetarikoa da», adierazi zuen.
Oso sasoiko
Zorionez, ekaitza baretu eta eguraldi egonkorra heldu zen. 21. egunean, DiGiulianek luze zailena zuen aurrean. Elliot Faber sokakideak ondo ezagutzen zuen mentalki eta fisikoki asko eskatzen duen tarte hori. Aholku batzuk eman ondoren, 33 urteko eskalatzaileak aurreneko metroei ekin zien: «Sabai handian dagoen luzea bustita zegoen eta ni oso nekatuta nengoen; izan ere, eskuak, oinak eta arropa blai eginda nituen. Eroriko baten ondoren, bilerara jaitsi nintzen. Gorputza dardarka nuen, batez ere oso urduri nengoelako eta adrenalinak gainezka egin zidalako. Arnasa hartu eta pixka bat lasaitu nintzen. Beste ekinaldi bat hasi nuen. Luze hori erorikorik gabe igo eta bilerara heldu nintzenean oihu egin eta negar batean hasi nintzen. Ez zen gailurra, baina luze zail guztiak era askean igo nituenez, arrakastatzat hartu nuen. Une jakin horretan ohartu nintzen gai izango nintzela ‘Platinum’ era librean biribiltzeko».

Ibilbidean 23 egun igaro eta gero, DiGiulian azaroaren 26an iritsi zen Kapitaineko tontorrera; ekarpen berri hau burutu zuen horrela. Aipatu bezala, bidearen laugarren igoera egiteaz gain, lehen emakumea izan da ‘Platinum’ era librean eskalatzen. Faberrek, aldiz, ezin izan zituen luze zailenak era askean igo. Helburu hori baztertu eta gero, bere sokakidea laguntzen jardun zuen. Arestian aipatu bezala, 40 luzeetatik estatubatuarra 27tan sokaburu joan zen. Teknikoki zailenak gainditu zituen: White Hazard (8a+), sabaiaren artesia (8a+), 8b mailako diedroa…
Kapitaineko ‘Platinum’-en izaniko esperientziaren inguruan, DiGiulianek adierazi du helburu hori amets ero bat bezala hasi zela: «Oso ausarta zen hartutako erabakia, eta horrek lehen minututik beldurtu ninduen. Hiru bisita izan dira, eta une askotan oso ahul sentitu nintzen. Alabaina, gogor borrokatzen jarraitu nuen, eta saialdi bakoitzean neure buruari erakutsi nion gai nintzela erronka handi hori sinatzeko. Hasieran, bazirudien eskuetatik ihes egingo zidala, ezinezkoa izango zela era askean igotzea, baina motibazioak erronka hori lortzen lagundu zidan. Ibilbidearen giltza era librean eta erorikorik gabe igo nuenean, beldur guztiak uxatu ziren. Onartu behar dut oso nekatuta nengoela. Eskuak puztuta nituen, baina buruak berriro egundoko lana egin zuen. Bestalde, ekaitz bortitz horrek sortu zuen egoera kudeatzea oso-oso zaila izan zen».
Kapitaineko ‘Platinum’-en erakutsi duen gaitasunak DiGiulian hormatzarretako lehen lerrora eraman du. Kirol eskaladan espezialista handia da, baina murru luzeetan ere ez da atzean geratzen. Azken urteotan, adibidez, zailtasun handiko marrak era askean igo ditu. Euskal Herritik gertu, adibidez, ‘Rayu’ (8c, 600 m, Europako Mendiak) librean igo zuen orain dela hiru urte. Madagaskarren, Mexikon, Kanadako Mendi Harritsuetan eta Yosemiten bertan ere goi-mailako jarduerak egin ditu.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Identifican los restos de Bengaray, líder del Frente Popular navarro y directivo de Osasuna

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
