
Ziurtagabetasuna eta azelerazio historikoa lege den sasoi hauetan, berezkoa duen misioari jarraiki, Arantzazulab-ek liburu berri batean baliabideak jarri ditu, datuak eta hipotesiak, demokraziak gure herrian dituen erronkak identifikatu eta eraldaketarako tresnak eskaintzeko. Andoni Eizagirrek eta Leyre Arrietak koordinatu duten liburuan –‘Democracia y cultura política. Legitimidad, satisfacción y vinculación afectiva en la Comunidad Autónoma Vasca’, Editorial Catarata, 2025–, demokraziari buruzko iritziak ulertu eta argitzeko ahalegina egin du.
Berriki argitaratu den eta hainbat egileren arteko lan kolektiboa den liburu hau ahalegin bikoitz baten fruitua da: Alde batetik, iritzi-galdetegi bat, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 2.173 pertsonak osaturiko laginarekin. Bestetik, 150 lagunek hainbat eztabaida taldetan parte hartu zuten, eta aditu eta politikariei ere 25 elkarrizketa egin zitzaizkien. Eta emaitza orokorra dezente argia eta argigarria da: demokraziari buruzko iritzi sozialetan ondo bereizi behar dira babesa, poztasuna eta lotura afektiboa. Hiru dimentsiotan herritarren iritzi eta jarrerak ezberdindu egiten baitira.
Demokraziek erronka ugari dituzte. Hitzarmen soziala berregiteko premia agerikoa da, baita herri erakundeak sendotu eta hauen kalitatea hobetzekoa ere. Horiei gaineratzen zaie herritarrekin loturak indartzea. Azken zeregin horrek aparteko garrantzia du. Izan ere, herritarren iritzi sozialetan urruntze politikoa eta beste hainbat sentimendu negatibo igarri daitezke.
Babes altua
EAEn demokraziaren babesa oso altua da. Hamar pertsonatik bederatzik demokrazia gobernu forma modura lehenetsi eta legitimatzen du. Joera orokorra da, nahiz eta gizonezko gazteenen artean hainbatek indiferentzia adierazi gobernu forma aukerakoenari buruzko lehentasunean. Era berean, babes hori iraunkorra da eta unean uneko gertakariek ez dute legitimitatean eraginik. Guztiarekin, instituzio demokratikoei buruzko konfiantzan aldeak badaude eta euskal jatorrikoak bezala hautematen direnek onarpen handiagoa dute.
Besterik da funtzionamendu demokratikoari eta honen errendimenduari buruzko poztasuna. Kasu honetan, liburuan jasotako analisiek egiaztatu dute efikazia instituzionalari buruzko iritziak ziklo ekonomikoei eta gertakari politikoen menpekoagoak direla. Iritzi giroa polarizatzen duten diskurtsoak azaleratzen direnean, partidismoaren efektua nabarmendu eta poztasunari buruzko balorazioak banatu egiten dira. Gainontzean, datuen analisiak erakutsi du poztasun demokratikoari buruzko tasak egoera politiko eta ekonomikoari buruzkoak baino txikiagoak direla.
Hirugarren jarrerazko dimentsioa politikarekiko lotura afektiboa da. Emaitzek berretsi dute desafekzioa orokorra dela, eta politikarekiko urruntze sentimendua handia dela, guztion gaietan parte hartzeko joera txikia, eta politikariek herritarren eskaerei ez dietela kontu egiten adierazten du gehiengo zabalak. Iritzi horietan gizarteko talde demografiko eta politiko ezberdinek bat egiten dute.
Halere, gizartean badago segmentu bat interes politikoa adierazi eta auzi politikoak ulertu eta interpretatzeko gai dela sentitzen duena. Baina sentimendu positibo horiek euskaldun sentitu eta ezkerreko posizioetan autoubikatzen direnen artean nabarmentzen dira.
Solasaldiak 2026 hasieran
Liburuan ahalegin berezia egin da demokrazia indartzeko aukerak identifikatzeko. Neurri horretan, liburuko kapituluetako batean Arantzazulabek gobernantzari eta demokraziari buruzko ikuspegi berritzaileetatik abiatuta herritarren lotura afektiboak nola hobetu daitezkeen hausnarketa egiten du, laborategi horrek azken urteotan egindako ibilbidea abiapuntu hartuta.
2026. urtearen hasieran, Arantzazulabek liburuari buruzko solasaldi ezberdinak antolatuko ditu hiru unibertsitateekin batera, edukietan sakontzeko eta liburuko ikerketaren emaitzen berri emateko. Liburuaren egileek –Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitateko ikerlariak– ikerketa lanari jarraipena emango diote Arantzazulaben iker-lerro berriekin, laborategiaren Ikerketa Elkargunean.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
