Andoni Arabaolaza

Malen Osak bikain hasi du Skimoko Espainiako Kopa

Joan den asteburuan, Espoteko eski-estazioan jokatutako bertikaleko lehen proban, eskiatzaile oñatiarra aise gailendu zen. Fedmeren lehen hitzordu horretako esprinteko modalitatean Ane Rubiok eta Nagore Azanza gazteek podiumak erdietsi zituzten.

Malen Osak garaipena lortu du Bertikaleko Espainiako Kopako lehen proban.
Malen Osak garaipena lortu du Bertikaleko Espainiako Kopako lehen proban. (@claudiaendurence)

Elurraren lehen bisitak ateak ireki dizkio skimoko edo mendi eskiko lehien denboraldi berriari. Mendiko Kiroletako eta Eskaladako Espainiako Federazioak (Fedme) joan den asteburuan ‘txupinazoa’ bota zuen Espoteko Espot eski-estazioan (Lleida). Hain zuzen ere, Espainiako Kopari hasiera eman zion bi modalitatetan: esprint eta bertikala. 

Ohi den bezala, erregulartasunaren zirkuituak euskal ordezkariak jaso zituen; hots, Euskal Mendizale Federazioarenak eta Mendiko Kiroletako eta Eskaladako Nafarroako Federazioarenak. Emaitzei dagokienez, seniorretan soilik podium bat lortu zuten; Malen Osak bertikalean sinatutakoa. Gazte maila ezberdinetan eta beteranoetan, berriz, lau euskal podium ikusi ziren. Protagonistak: Ane Rubio, Nagore Azanza eta Loic Thevin.

Lehenak lehiatzen esprinteko eskiatzaileak izan ziren. Espoteko eski-estazioan bertan 70 metroko desnibela zuen ohiko ibilbidea prestatu zuten: erronboekin, oinezko igoera batekin eta azkeneko jaitsierarekin.

Seniorren kategorian, Anna Huguet katalana garaipenarekin egin zen. Andrea Zarranzek aukera izan zuen bere burua finalean sartzeko eta seigarren postua egiteko. Andorrako Oriol Olm azkarrena izan zen ibilbide horretan, eta Aitor Ugarte goi-mailako laugarren postuan sailkatu zen.

16 urtez azpikoen mailan, Ane Rubio podiumaren bigarren kutxara igo zen eta Nagore Azanza hirugarrenera. Euskal podium bakarra izan ziren esprintean. Ibai Hernani laugarrena izan zen 18 urtez azpikoen kategorian.

Osa, aise

Fedmeren Skimoko Koparen bigarren lehia eguna igandean izan zen. Eta proba horretan bertikaleko eskiatzaile zailduenek protagonismoa izan zuten. Irteera puntura hurbildutako seniorrak 700 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean nor baino nor aritu ziren. Malen Osak trail running-eko denboraldia atzean utzi, eskiak hartu eta indartsu hasi du skimoko erregulartasunaren zirkuitu espainiarra.

Oñatiarra oso sasoiko heldu zen hitzordu horretara, eta hori diogu aise irabazi zuelako Espoteko proba. Osaren kronoa: 26 minutu eta 57 segundo. Bigarren sailkatuari, Anna Hugueti, minutu bat eta 31 segundoko aldea atera zion, eta Claudia Trempsi (hirugarrena) hiru minutu. Podiumetik kanpo Igone Campos geratu zen. Zumarragarra laugarren postuanhelmugaratu zen irabazlearengandik 4 minutu eta 24 segundora.

Bestalde, mutilen mailan, Antonio Alcalde madrildarrak ere nagusitasun osoa erakutsi zuen. Albert Perez bigarrena izan zen, eta Daniel Izquierdo hirugarrena. Euskal ordezkariei dagokienez, bi top-10 izan ziren: Aitor Ugarte laugarrena eta Asier Labairu bederatzigarrena.

Ane Rubiok beste domina bat erdietsi zuen 16 urtez azpikoetan; nafarra bigarrena izan zen. Nagore Azanzak laugarren postuan bukatu zuen. Azken postu hori baina 14 urtez azpikoen mailan Kai Lopezek sinatu zuen. Markel Barrio hamargarrena izan zen 20 urtez azpikoetan. 23 urtez azpikoetan: Jon Razkin bosgarrena eta Oier Moreno seigarrena. Eta amaitzeko, Loic Thevinek azken euskal domina lortu zuen; hain zuzen ere, zilarra 40 urtez azpikoetan.