
Duela zortzi ikasturte Eusko Jaurlaritzak programa pilotu bat jarri zuen martxan sare publikoko lau eskoletan, kanpotik iristen diren ikasle berriei laguntza berezi bat eskaintzeko asmoz. Eusle programa bere baitan hartu zuen ikastetxeetako bat izan zen Eibarko Urkizu eskola. Programan hain emaitza onak lortu ziren, ezen pixkanaka gero eta zentro gehiago sartzen joan diren eta egun 133 dira Eusle gelak dituzten eskolak.
Urkizuko Eusle gelako irakaslea da Ehari Ulazia, programa «ezinbestekoa» dela uste duena. Izan ere, Urkizun ikasle gehienak guraso etorkinen seme-alabak dira. «Gero eta etorkin gehiago ditugu, orduan ikusi da umeak eskolaratu eta zuzenean gela batean sartzen badituzu, beraientzat arrotza den hizkuntza batekin, arrotza den kultura batekin, arrotza den ingurune batekin, asko deskonektatzen direla eta motibazioa galtzen dutela. Hezkuntza Sailak ikasle horiek eskola arrakasta izatea eta motibatuta egotea bermatu nahi zuen», azaldu digu Ulazik.
Bere hitzetan, Eusle geletan harrera eta integrazioa, eta euskara bermatzen dira. «Eskola orduetan izaten da, normalean lehen bi orduetan. Hainbat dinamika egiten ditugu eta gero bakoitza bere erreferentziazko gelara doa. Eusle irakasleak geletan sartzen gara ikasle horiei laguntzera eta jarraipen bat egitera», dio. Urkizun, une honetan Eusle geletara doazen 14 ikasle dituzte, bi taldetan banatuta; 3-4. mailakoa 6sei dira, eta 5-6. mailakoak, berriz, zortzi. Adinaren arabera banatzen dira gauzak desberdin lantzen dituztelako.
«Gelan espazio goxoa eta polita izateari garrantzi handia ematen diogu, beraientzat erakargarria izan dadin. Gelara doaz, baina baita ere euren espaziora, eta hor lantzen da beraien ongizate emozionala, eta dituzten ‘motxilak’ arintzen saiatzen gara. Bestetik, hizkuntza lantzen da, gehienentzako hori delako muga nagusia. Gure hizkuntza euskara da eta hori pixkanaka ikasten doaz, baina ez beste ikaskideek duten martxa berean, hori ezinezkoa delako. Errutinen eta jolasen bidez, hizkuntzarekin jolastuz, lexikoa eta euskararen egitura lantzen da», adierazi du irakasleak.
Sare publikoko hezkuntzako hizkuntza euskara bada, euskara ondo irakatsiz bakarrik bermatuko da ikasleek materia ikastea, eta hori posible da Eusleri esker. Lehen Hezkuntzako ikasleekin bi ikasturtetan A2 euskarazko perfila lortzea da helburua, eta behar izanez gero, hirugarren ikasturtera luzatu daiteke. DBHn, berriz, programa pilotu bat abian da hiru ikasturtetan B1 lortzeko xedea duena.
Euskara ikasi eta maitatu
Euskara ikasteaz gain, euskara maitatzen ere erakusten zaie; saiatzen dira euskararekiko sentimendu afektibo positibo bat eraikitzen, eta «batzuetan Eusle gelatik euskara maila altuagoarekin ateratzen dira bi urtetik eskolan hasi direnekin alderatuta, hizkuntza mimoz eta bere dimentsio guztietan tratatzen delako». Azken finean, Urkizuko ikasle gehienen familietan ez dute euskara erabiltzen, baina Eusle gelaren bidez hizkuntza gertutasunez lantzerakoan, atxikimendu bat sortzen dute.
«Ezinbestekoa da programa hau, bestela bidean galdu egiten dira, motibazioa galtzen dute eta ikasketak uzten dituzte»
Hala ere, «ikaslearen egoera emozionala eta gaitasunak asko baldintzatzen dute» euskara ikastea, haur bakoitzaren arabera oso desberdina da. Ulazik kontatu digu Pakistanetik neska bat iritsi dela, «azkarra eta langilea», eta segituan hasi dela euskara ikasten. «Beste batzuei gehiago kostatzen zaie –gehitu du irakasleak–. Izan dugu Kolonbiako beste ikasle bat zeinek bazuen blokeo emozional hain handia, ezen ez zitzaion ezer sartzen». Kasuak kasu, Ulazik honelako programen existentzia eskertu nahi du. Batzuetan alfabetizatu gabeko haurrak iristen dira, edo irakurtzen eta idazten ez dakiten haurrak ere bai. Eusle programari esker hori kudeatzea posible da, ikasleei zein familiei laguntza eskainiz.
«Gure gizartea aldatzen doa eta horrelako ekimenak behar ditugu, beraz, eskerrak figura hau sartu den eskolan. Bestela salduta egongo ginateke eskoletan. Oso zaila da erantzun egoki bat ematea dugun errealitateari. Honelako programa bat gabe, eskola porrota asko handituko litzateke ikasle hauengan. Imajinatu, Pakistandik iristen zara, bakarrik urduz hitz egiten duzu, zure kultura, zure erlijioa, zure baloreak dituzu, eta hona iristen zara, eta beste 22 haurrekin sartzen zaituzte gela batean, irakasleak ezagutzen ez duzun hizkuntza batean hitz egiten du eta mimikaz komunikatzen da zurekin, akademikoki ez zoaz aurrera, galtzen dituzu abilezia sozialak... ezinbestekoa da programa hau, bestela bidean galdu egiten dira, motibazioa galtzen dute eta ikasketak uzten dituzte. Eusleri esker bultzada bat ematen diegu eta asko engantxatzen dira eskolara», dio baikor Ulaziak.
Eusle programarekin bat egitea derrigorrezkoa ez bada ere, Urkizun ez du familia bakar batek ere laguntza hori ukatu. Izan ere, «kriston aukera da beraientzat». «Familia batzuk ez dakite Euskal Herrian gaudela, ez dakite euskara dugula hemen, ez dakite zein errealitate dugun, eta esaten zaienean beraien seme-alabek aparteko gela bat izango dutela hizkuntza eta integrazioa lantzeko, harrera egingo zaiela eta euren ongizate emozionala zainduko duen espazio eta talde bat egongo dela, denek oso erantzun ona izaten dute», baieztatu du Eusle gelako irakasleak.
Irakasleen aldetik, aholkulari batek jarraipena egiten die, eta lurraldeka formakuntzak egiten dituzte gela berezi eta eder hauetan eskaintzen den irakaskuntza beti egokiena dela ziurtatzeko.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»
