
Epaitegietan euskaraz ezin dela deklaratu salatu du Euskal Herrian Euskarazek asteazken honetan Baionan: «Azken hilabeteetan Baionan izandako zonbait auzitan, epaileek 17 pertsonari euskaraz hitz egitea debekatu digute». «Epaileek euskaraz hitz egitea debekatzen badigute, epaiketek ez dute inolako zilegitasunik», ohartarazi dute, eta urtarrilaren 31n EHEk Baionan antolatu duen mobilizazioan parte hartzeko deia egin. Era berean, otsailaren 5eko epaiketan auziperatuei euskaraz hitz egiten uzteko eskatu diete epaileei.
Azken hilabeteetako gertakariak eta epaiketak gogoratu dituzte Baionako epaitegiaren aurrean EHEko kideek: Pasa den urteko martxoan Ostiako kideen epaiketa Bouygues-en maketa lurrez estaltzeagatik; apirilaren 11n EHEko bi kideren aurkako epaiketa auzitegiaren paretan ‘Justizia euskararentzat’ idazteagatik; irailaren 30ean Arberoako Lurra eta Etxebizitza taldeko eta Ostiako kideen aurkako epaiketan higiezin agentzia bat okupatzeagatik; urriaren 7an zazpi militanteren epaiketa Korrikan etorkinei muga pasatzen laguntzeagatik; eta urriaren 14an hiru militanteren aurkako epaiketa Marienia eraikuntzaren aurka mobilizatzeagatik. Horietan guztietan frantsesez egin beharra salatu dute: «Frantses Konstituzioaren arabera epaitegian ezin dugula euskaraz hitz egin diote epaileek».
Hori «bidegabekeria» dela salatu dute, arrazoi ezberdinengatik: Euskara Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza delako; «euskaldunak euskara garelako»; euskaldunen duintasuna zapaltzea delako; beharrizan horrek bigarren mailako herritar egiten gaituelako; eta frantsesez bizi nahi dutenak pribilegiatzen dituelako, EHEren arabera. «Euskaldunentzat ez da justiziarik, zeren justizia gizakien duintasuna errespetatzea da, justizia pertsona guztiak berdintasunez tratatzea da», ohartarazi dute.
Horregatik, frantziar zein espainiar Konstituzioak «bidegabeak, gizatasunik gabekoak, zapaltzaileak eta linguizidak» direla salatu dute. Gogoratu dute 1984ko ekainaren 7an lau militante abertzalek, Joanes Borda, Betti Bidar, Xan Koskarat eta Alain Mateok Baionako auzitegian euskaraz hitz egin ahal izan zutela, eta haien adierazpenak itzultzaile batek itzuli zituela frantsesera; «beraz, posible da», egin dute aldarri.
Urtarrilaren 31n mobilizazioa Baionan
EHEko lau kidek Pirinio Atlantikoen Departamenduaren Baionako egoitzan «euskaraz bizi nahi dugu» margotu zuten irailaren 27an. Ekintza horregatik, otsailaren 5ean Baionan epaituko dituzte. «Euskal Herrian euskaldunak bigarren mailako herritarrak bezala tratatuak garela salatzeagatik epaituko dituzte», adierazi dute. Eta epaileek, euskaraz ez bada, ezin dituztela «zuzentasunez epaitu» gaineratu dute. Horregatik, euskaraz deklaratzea galdegin dute, urtarrilaren 31n Baionan egingo den mobilizaziora deitzearekin batera.

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
