Arnaitz Gorriti

Masa Jankovic azaldu da azken orduan Lointek Gernikak Europan aurrera egin dezan

Kanporaketa berdintzea lortu du azken segunduetan Universitas Pecs taldeak Reisingerovaren eskutik, aurrez Joy Adams eta Olaetaren erresistentziak eragotzi ondoren. Luzapena jokatzea saihestezina zirudienean, serbiarraren ausardiak garaipenaren saskiratzea ekarri du.

Masa Jankovic kanporaketako heroia bihurtu da azken orduko saskiratze bati esker.
Masa Jankovic kanporaketako heroia bihurtu da azken orduko saskiratze bati esker. (@FIBABASKETBALL)

UNIVERSITAS PECS 78 (131) - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 61 (133)

Mundua ausartentzat dela dio atsotitzak. bada, nor da mundu honetan ausartagorik Masa Jankovic Lointek Gernika Bizkaia taldeko hegalekoa baino? Partida 78-59 ezartzea lortu du Julia Reisingerova Universitas Pecs taldeko izarrak; hau da, gernikarren aurkako kanporaketa 131na berdintzea erdietsi duela. Luzapena jokatu beharra ezin saihestu, itxura baten, bost segundoren faltan jabetza bizkaitarrentzat izanda. Aurrez ane Olaetak eta Joy Adamsen tinko eutsi diote Gernikaren errentari, baina Reisingerovak ia bere kabuz erabaki du kanporaketa.

Ez ordea! Jankovic erosoago sentitzen da barneraldietan kanpotik jaurtitzen baino eta barneraldi «suizida» bati esker ikusi du iluntasunaren amaieran ei dagoen argia. Eta ez zen gauerdiko expresoa Jankovic aurretik noiz eramango, final-zortzirenetako ate zabala baino. Beldurrik gabe sartu da saskipera eta bikain utzi du baloia uztaian barrura. Kirolean «mendekua» eta «errebantxa» hitzetik hortzera erabiltzen den arren, egiaz, ez da existitzen, baina ikusita talde hungariarraren aurka birritan azken orduko saskiratzeen erruz burumakur joan behar izan direla bizkaitarrak, onar diezaiogun Jankovicen saskiratze honi nolabaiteko «errebantxa» tankera. Bere arerioa Estatu frantseseko Veiieneuve d'Asq izango da, urtarrilaren erdialdera.

Partida oso izan da luzea, ia amaiezina. Hirukoetan tematuta eta punteriarik gabe ekin diete gernikarrek demari. Aldiz, Malosteko belarrondokoa ahaztu nahian edo, gogotsu eta abiada bizian hasi dira hungariarrak, 19 puntuko aldea minutu erdian irauli nahiko balute bazala, beren zaleek hauspotuta.

Punteriarik gabe eta defentsara korrika jaisteko arazoekin, baina erasoko errebotean fin hasi dira bizkaitarrak eta gaitzerdi, errebote horiei esker lortu baitituzte aurreneko puntuak. Hirukoak ere iritsi dira, tantaka bada ere, Ane Olaetaren bitartez.

Asteazken honetako Reisingerova ez da Malosten ezinean aritu zen hura izan, ordea. Zortzi puntu sartu ditu pibot txekiarrak aurreneko laurdenean eta Pecs 21-16 aurretik iritsi bada, berari esker izan da batik bat, Torok eta Toth ere bikain aritu diren arren. Gernikarrek duin jokatu badute ere, ez dute askorik asmatu, eta tarte batzuetan barneraldiak bilatzea ere ahaztu zaie.

Joaneko dema jokatzerik izan ez zuen Sarah Pollerosen hiruko batekin ekin zaio bigarren laurdenari. Arnasaldi aparta izan da alemaniarraren saskiratze hori, tarteka hungariarren presioaren aurrean Lucas Fernandezek gutxi baino gehiago sufritu dute-eta.

Jarraitutasunik ez

Defentsarako, berriz, «zutabe hirukoitza» bilatu du Lucas Fernadezek, Polleros, Bessoir eta Krnjic elkartuz, Reisingerova eta enparauak geratzeko itxaropenaz. Alabaina, Joy Adams eta Jankovic aulkian direla, erreboteko ahalmena galdu du talde bizkaitarrak eta Pecs-ek markagailuan zortzi puntuko aldea ezartzeko baliatu du: 27-19. Ondorioz, hutsartea eskatu behar izan du gernikarren entrenatzaileak, irtenbideren baten bila.

Jaurtiketak segidan asmatzeko zailtasun handia izan dute bizkaitarrek, eta puntuak jaurtiketa libreen bidez bilatzen saiatu dira. Era berean, Jankovic hegal-pibot postura ere pasa da, bere abiadura baliatzeko erasoan.

Konponbidea ez da txarra izan, baina saskira begira jarraitutasun eskasa izaten segi dute bizkaitarrek. Ondorioz, Pecs taldea hamar puntutik gorako tartea zabaltzeko gai izan da une batzuetan. Torok eta Reisingerova oso zital aritu dira, egiari zor, eta atsedenaldira emaitza oso arriskutsua lortuta iritsi dira: 41-29. Malosten lorturiko 19 puntuak, ia akabo.

Heroien ordua

Laurden guztiak galdu ditu Lointek Gernika Bizkaiak, baina paradoxikoa bada ere, uneoro aurretik izan da kanporaketan; atzetik ez bederen. Zentzu horretan Masa Jankivic eta Ane Olaetaren ekarpena itzela izan da. Bessoir eta Westerikek ez dute beren egunik onena izan jaurtiketetan eta Esther Castedo eta Matarranz gazteek eskarmentu faltaren pisua nozitu dute.

Zorionez, Olaetak eta Jankovicek, eta Joy Adamsek defentsan eta errebotean ergindako ekarpenak, Pecs taldearen etorria nolabait eustea lortu dute. Eta hori bigarren erdian Varga eta Panka Dul gehitu zaizkiola Resingerovaren emariari.

Akatsak akats eta heroiak heroi, neurketa eta kanporaketa ezin berdinduago iritsi dira azken segundoetara. Bessoir oso bigun aritu da Resingerovaren defentsan eta pibot txekiarrak –25 puntu, alajaina!– «bi gehi bateko» jokaldia osatu du kanporaketa berdintzeko. Kale egin dute hurrengo erasoetan nola Gernikak hala Unversitas Pecs berak ere. Bost segundoren faltan, alboko sakea Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Bessoirren blokeoa Jankovicek baloia hartzeko, eta honek, kale edo bale, saskirantz jo du zuzenean. Baloia barrura eta Lucas Fernandezenak final-zortzirenetara. Bejondeiela!

PARTIDAKO FITXA:

UNIVERSITAS PECS: Varga (8), Ratkai (7), Torok (15), Panka Dul (14) eta Reisingerova (25) –hasierako bostekoa– Olawuyi (4), Josepovits (1) eta Toth (4).

LOINTEK GERNIKA: Ane Olaeta (18), Laura Westerik (5), Masa Jankovic (20), Joy Adams (8) eta Emily Bessoir (4) –hasierako bostekoa–, Sarah Polleros (6), Esther Castedo, Esther Matarranz eta Sara Krnjic.

Epaileak: Krajnc, Blahout eta Brekalo. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 21-16, 20-13, 18-15, 19-17.

Gorabeherak: Emakumeen Eurocup-eko final-hamaseirenetako bueltako partida. Kanporaketaren azken emaitza 131-133 izan da, gernikarren alde.