
Gabonen atarian garen honetan, Gernika-Palestina Herri Ekimenak elkartasun aktibora batzeko deia luzatu die Euskal Herriko eragile zein norbanakoei. Horretarako, besteak beste, zapi solidarioak erabiltzeko gonbita luzatu dute, aferari ikusgarritasuna ematen jarraitzeko, eta oraindik zapirik eskuratu ez duenari erositeko deia egin diote, laguntza ekonomikoa Palestinara heltzeko modua delako.
Ibon Meñika eta Eneko Gerrikabeitia Gernika-Palestina Herri Ekimeneko kideek Bilbon egin dute agerraldia. Meñikak zehaztu duenez, datozen egunetan esango dute non eta noiz izango den Gabonetan zehar zapiak erosteko aukera.
Mundubat Fundazioko presidente ere baden Gerrikabeitiak eman du testuinguruaren berri. Azaldu duenez, su etena indarrean badago ere, azken astean aire erasoak, bonbardaketak eta tiroketak egon dira Gazan eta bortxazko desplazamenduak 793.700 baino gehiago dira ordutik.
Gainera, negua gogorra da Palestinan eta denboraleak 14 pertsona hil ditu dagoeneko. Egoera ekonomikoa ere latza da, langabezi tasa %80tik gorakoa baita eta, ondorioz, etxe gehienetan ez dute oinarrizko beharrak asetzeko baliabiderik. Berez, etxerik ere ez daukate askok, kanpin dendetan bizi dira, nola edo hala, euriteetatik babesteko. Hain zuzen, Meñikak adierazi duenez, 300.000 kanpin denda falta zaizkie.
Gerrikabeitiak adierazi du Palestinatik heltzen ari zaien informazioaren arabera «premiazkoa» dela «elikadura- eta nutrizio-segurtasun mailak handitzea, eta bizirauteko larrialdi-jarduerak nabarmen handitzea». Izan ere, Israelek 230 arrantzale hil ditu, palestinarren biziraupena are gehiago oztopatuz.
Mundubateko buruak bake plana abian egonda ere Gazan egoera latza dela azaldu du. Besteak beste, «ez dago Gazako zerrendaren blokeoa edo UNRWAri ezarritako murrizketak amaitzeko deirik», ez eta «Palestinako biztanleriaren beharrei erantzuteko plan humanitariorik» ere, are gehiago, Israeli ez zaio eskatzen «mugako pasabide guztiak laguntza humanitariorako irekitzea edo elektrizitatea, ura eta arreta medikoa bezalako funtsezko zerbitzuak guztiz berrezartzea».
Gainera, Gerrikabeitiaren hitzetan, «planak ez du jorratzen Israelek ezarritako genozidioa, okupazio ilegala eta apartheid sistema amaitzea». Era berean, azpimarratu du planak Bake Kontseilu baten eraketa aurreikusten badu ere, ez duela bertan palestinarren parte hartzea bermatzeko modurik ezartzen.
Errefuxiatuen etorrera
Meñikak azaldu du Palestinan egoera hori izanik, 200 bat direla Euskal Herrira etorri diren palestinar errefuxiatuak. Bereziki azken hilabeteetan iritsi dira eta aurreikusten dute aurrerantzean gehaigo izango direla. Horregatik, adierazi du Herri Ekimenak zubi lana egiteko eta datozenekiko elkartasuna antolatzeko determinazioa duela eta hasi direla, dagoeneko, eragile desberdinekin batzen.
«Nola daude? Zer behar dute? Zein berme dute bizitza proiektua aurrera ateratzeko?», planteatu du Meñikak. Erantzuna ematea herritarrei ez ezik agintariei ere badagokiela nabarmendu du.

Ikasle etorkinei euskara ikastea errazten dien Eusle programaren arrakasta

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina

