NAIZ

Kontseiluak oldarraldi judizialari aurre egiteko abenduaren 27an Miribilla betetzera deitu du

Kontseiluak «oldarraldi judizialaren azken gordintzeari etena jartzeko» abenduaren 27an Miribilla euskaltzalez betetzeko deia egin du. Horrela, Auzitegien azken mugimendu «atzerakoien» aurrean erantzuteko antolatu beharra azpimarratu du.

Agerraldia egin du Kontseiluak Andoainen.
Agerraldia egin du Kontseiluak Andoainen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kontseiluko zuzendaritza batzordeak «euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi judizialaren gordintzea» salatu du, Auzitegien azken mugimendu «atzerakoien» aurrean. Sententzien atzetik gaztelaniaren nagusitasuna eta euskara bigarren maila batean mantentzea bilatzen duen hizkuntza-ideologia «supremazista» dagoela kritikatu dute eta euskaltzaleei mobilizatzeko deia egin diete, abenduaren 27an Miribilla «oldarraldiaren aurkako hesi bat» bilakatzeko.

Jakitera eman dutenez, ekitaldiaren inguruko informazio guztia www.pizkundea.eus webgunean ikus daiteke. Adierazpen bateratua Idurre Eskisabel idazkari nagusiak eta Manex Mantxola koordinatzaileak irakurri dute.

Salatu dute euskararen normalizazioa «blokeatu» dutela, eta jada arazoa ez dela aurrera egin ezina, «baizik eta atzeraka goazela». Larriena, Kontseiluaren arabera, da «atzerapausoei konponbidea jarri asmoz eztabaida epaitegietatik legebiltzarrera eramaten bada, botere judiziala eztabaida legegileaz jabetzen dela epaitegietara bueltan eramanez».

Gaineratu dutenez, «ez da joera berria»: «Bi urte eskaseko epean 100 sententziatik gora izan dira euskararen normalizazioaren aurka emandakoak». Hau da, astero sententzia bat izan da eta Kontseiluaren aburuz, ez da hartizekoa, «epaileen artean dagoen euskararen ezagutza eta sentsibilitate murritza aintzat hartzen badugu».

Legez elebiduna den lurralde honetan, epaileen % 6ak soilik du egiaztatuta euskara gaitasuna, eta epaiketen % 0,1 ere ez da euskaraz egiten. «Justiziarena administrazio elebakarra da, ezagutzan eta jardunean», adierazi dute.

«Hori ere bada oldarraldi judizialaren ezinbesteko osagai bat», azaldu dute, «Europako Kontseiluak eta Hizkuntza Gutxituen Gutunaren aditu batzordeak sarritan salatu duten bezala».

Era berean, Kontseiluak azaldu du ez dela kasualitatea oldarraldia «heldu den unean heldu izana», hain zuzen ere, «euskararen normalizazioaren aldeko bulkada berri bat indartzen ari denean».

Horregatik, eta «mende erdi honetan aurreratu dugun bidetik atzera ez egiteko, euskararen normalizazioak behar duen eta euskaraz bizitzea posible egingo duen hizkuntza politika berria erabakitzeko burujabetza berreskuratu» behar dela eta, mobilizatzera deitu dute.

Asmo horrekin jarrita duten hitzordua gogorarazi dute, hots, abenduaren 27an Bilbon, Miribillan. «Elkartu gaitezen euskaltzale guztiok oldarraldiari erantzuteko, atzeraldia indarraldi bihurtzeko», aldarrikatu dute.