NAIZ

Kubarako osasun materiala biltzeko LABen kanpainak aurreikuspen guztiak gainditu ditu

LABen Kubarekiko elkartasun kanpainak arrakasta itzela izan du. Iraun duen bi hilabeteetan, sei tona osasun material baino gehiago bildu dira, eta 185 kilo sendagai, denera 36.000 euroko balioa dutenak. Gainera, 12.366,40 euro jaso dira ekarpen ekonomikoen bidez, taupada-markagailuak erosteko.

LABen Kubarekiko elkartasun kanpaina benetan arrakastatsua izan da.
LABen Kubarekiko elkartasun kanpaina benetan arrakastatsua izan da. (LAB SINDIKATUA)

Kubako herriak jasaten dituen erasoak salatzeko eta osasun publikorako duen eskubidea aldarrikatzeko, irailaren 1ean LABek ‘Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi!’ kanpaina abiatu zuen, Kubarekiko elkartasun eta Kubako emigratuen elkarteen eskaerekin bat eginez, Kubara bidaltzeko sendagaiak, osasun materiala eta taupada-markagailuak erosi ahal izateko ekarpen ekonomikoak jasotzeko. Sindikatuko osasun ordezkarien elkartasunari eta afiliazio osoaren lan militanteari esker, emaitzek aurreikuspenak gainditu dituzte, eta «mugarri» izan dira Kubako langileenganako elkartasunean.

Donald Trumpen Gobernuak Kubaren aurka onartutako azken neurri hertsatzaileek, azken bost urteetan aplikatutako 243 neurriei gehituta, Kubari hornidurak ukatzera behartzen dituzte enpresa farmazeutikoak eta nazioarteko hornitzaileak, AEBen errepresalia ekonomikoen beldur. Gainera, AEBek uhartea «terrorismoaren babesle» diren herrialdeen zerrendan sartzeak finantza zigorrak dakartza, eta horrek eragotzi egiten dio Kubari osasun materiala erosteko nazioarteko kredituak eskuratzea.

Gaur egun, Kubako ospitaleek eta farmaziek oinarrizko sendagaien koadroaren %30 baino ez dute.

Emaitza ikaragarriak

Bi hilabeteko kanpaina aktiboaren ondoren, lan handia egin da, Euskadi-Cuba, Sierra Maestra eta Desembarco del Granma taldeetako kideekin batera, Hego Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsi diren dohaintzak zentralizatzeko, erregistratzeko, pisatzeko eta kuantifikatzeko.

Kanpainaren emaitzak «ikaragarriak» izan direla azaldu du LABek: sei tona osasun-material baino gehiago jaso da. Horien artean 305 kaxa pixoihal helduentzat, 2139 kilo; 238 kutxa ekipamenduekin eta babes arroparekin, 2477 kilo; 83 kutxa material higieniko, 669 kilo; 108 kutxa intsumo mediko-sanitario, 812 kilo; 30 sendagai-kaxa, 185 kilo, 36.034,53 euro sendagaietan.

Honako material hauek ere bildu dira kanpainan: etxeko sei taka-taka; kalerako aulkidun hiru taka-taka; gurpil-aulki bat; sei bizikleta pedal ariketak egiteko; hamabi makulu; eta zazpi makila.

Gainera, 12.366,40 euro bildu dituzte Medicuba Europa GKEaren ‘Con la mano en el corazón’ kanpainaren barruan, eta horiekin hogei taupada-markagailu inguru erosiko dira, ganbera bakarrekoak.

Hasiera batean urriaren 15erako aurreikusita zegoen kanpainaren amaiera, baina LABeko komunitatearen inplikazioa eskualdeetan ikaragarria izan da, eta azken unera arte dohaintza garrantzitsuak biltzen ari zirela eta, kanpainaren itxiera urriaren 31ra arte luzatu zen.

Kanpainaren itxieraren bezperan, prentsaurrekoa egin zuen LABek Bilbon, NBEk Kubari buruz bozkatu zuen egun berean, nazioarteko komunitateari konpromisoa eskatzeko AEBek Kubari ezarritako blokeo kriminala amaitzeko.

Esker ona

Materiala biltzeko gaitutako LABen 22 egoitzetan eta LABek ordezkaritza sindikala duen osasun zentroetan elkartasun oldea bizi izan dute. Dohaintza kaxekin kolapsatutako korridoreak, kanpainaren lehen asteetan Iruñeko egoitzan kamioi oso bat kargatu izana eta Bilboko Errondabide bete zuen solasaldia, Kubako diasporaren eta LABeko sindikalisten artean antolatutakoa, dira uholde internazionalista horren zenbait adibide.

LABeko osasungintza arloko lan militantea aitortu du sindikatuak, batez ere Osakidetzakoena eta Osasunbidekoena. Egunero bideratu dira deiak Basurtuko eta Txagorritxuko eta Santiagoko ospitaleetatik materialez betetako kutxak bideratzeko.

«Elkartasuna herrien samurtasuna da, eta, horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkiegu langile guztiei, osasun materialaz gain, denbora, jakintza eta internazionalismoarekiko konpromisoa erakutsi dutelako, beste mundu posible batzuen eraikuntzarako balio ukaezinak direnak», nabarmendu du.

CTC Kubako Langileen Zentral Historikoari ere eskertu dio egindako bidea, baita Kubako herriak eta herritarrek uhartean eta hemen Euskal Herrian emandako konfiantza ere.