NAIZ

Txomin Letamendi omendu dute Ondarroan, bere semea tartean zela eta tronpeta doinuekin

Hil zuten egunetik 75 urte betetzen diren egun hauetan, Txomin Letamendi Murua omendu du ostiral honetan Ondarroako Udalak, eta gauza bera egingo du Lakuako Gobernuak astelehenean Bilbon, Imanol Pradales lehendakari bertan izango delarik.

Txomin Letamendi semea eta Urtza Alkorta, Ondarroan gaur eginiko omenaldian.
Txomin Letamendi semea eta Urtza Alkorta, Ondarroan gaur eginiko omenaldian. (Aritz Loiola | Foku)

Emozioz beteriko omenaldi instituzionala egin dio Ondarroako Udalak Txomin Letamendi Muruari zenari, ostiral honetan. Zenbait hamarkadatan oihartzunik gabe izan den kasua argitara atera da azken boladan, jakinmin handia piztuz, familiak GEBehatokiaren eskutik egindako ekimen ondorioz. Hortik abiatzen dira aitortza hauek.

Gaurko ekitaldian Txomin Letamendi Urrestik, Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren semeak, hartu du hitza. GAUR8ko erreportaje honetan eman zuen hamarkada hauetan jazotakoaren berri. Tronpeta doinuak entzun dira ere batzar aretoan Letamendiren omenez, hori baitzen maisuki jotzen zuen musika tresna.

Urtza Alkorta herriko alkateak ere goraipatu du Letamendiren borroka, frankismoaren aurka, larrutik ordaindu zuena. Udalak gogoratu duenez, «Madrilen hil zen, 1950eko abenduaren 20an, frankismoaren errepresio-agenteek eragindako tortura handien ondorioz. EAJ/PNVko militantea zen. Espainiako Gerra Zibilean parte hartu zuen (gudarien komandante karguan). Ondorioz, Parisera (Frantzia) erbesteratu zen eta Euskal Informazio Zerbitzuari laguntzen hasi zen bertatik. Parisen bertan ezagutu zuen Karmele Urresti ondarrutarra, bere emaztea izango zena».

Geroko historia oso ezaguna da orain, lehenik Kirmen Uribek idatzitako ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ liburuaren bitartez eta gero Asier Altunak zuzendutako ‘Karmele’ filmaren bidez. Parisetik Venezuelara erbesteratu ziren biak. Hiru urteren ondoren itzuli ziren Euskal Herria, Jose Antonio Agirre lehendakariak hala eskatuta; Euskal Informazio Zerbitzuan egin zuen lan Letamendik. Baina 1947an atxilotu egin zuten, eta espetxeratu egin zuen bost urterako Gerra Kontseiluak. Madrilen hil zen, «jasandako tortura fisiko eta psikiko basatien ondorioz», nabarmendu du Udalak.

GEBehatokiaren ustez, «Letamendi-Urresti familiaren kasua Estatuko biktimek jasandako sufrimenduaren kasu paradigmatikoa da: gerra, gosea, erbestea, espoliazioa, jazarpena, erbestea, atxiloketak, torturak, gizateriaren aurkako krimena, espetxeratzeak, espetxearen ondorioak barne, oinarrizko eskubideen urraketaren agente gisa. Estatuaren ankerkeriak ez zuen mugarik izan familia horrekin, eta gerratik, gerraostetik, frankismo garaitik, tardofrankismo deiturikotik, demokrazia garaira arteko jarraitutasun- ildo argia marrazten du. Kasu hori ez da isolatua, dozenaka euskal familia ordezkatzen baititu».