NAIZ

Bilbon «egoitzaz mozorrotutako hotelik» ez eraikitzeko eskatu dute

Hotel Gehiago EZ plataformak agerraldia egin du Bilbon, Hijas de La Cruz ikastetxea egon zen eraikinean ikasle egoitza bat ezartzeko asmoen atzean interes turistikoak daudela salatzeko. Eskolarik gabeko garaietan %70a hotel bilakatzen dela ohartarazi dute.

Larunbat honetako agerraldiko irudia.
Larunbat honetako agerraldiko irudia. (HOTEL GEHIAGO EZ)

Hotel Gehiago EZ plataformak agerraldia egin du larunbat honetan Bilbon, Hijas de La Cruz ikastetxea egon zen eraikinean gauzatu nahi den proiektuaren atzean interes turistikoak daudela salatzeko. Azaldu dutenez, eraikinean ikasle egoitza bat ezarri nahi du Egorova Company Timek, Miribilla eta Ibarrekolandan dagoen Bilboko ikasle egoitza handienaren jabeak hain zuzen ere. «Udalak hala nahi duen arren, ez dugu gatazka ikasleen egoitza baten premian kokatu nahi», argitu dute, eta nabarmendu dute erresidentzia horiek eskola sasoiz kanpo plazen %70 turistei eskaini ahal izango dizkietela. «Hau da, egoitzek ezkutuko hotel gisa funtzionatuko dute», ohartarazi dute.

Euren hitzetan, etxebizitza turistikoetarako moratoria eta baldintzen gogortzea lortu zenetik, Udalaren estrategiak «ostatu turistikoen modalitate berriak bilatzea» izan du helburu. «Dena turismoaren industria geldi ez dadin. Nahiz eta hori ukatzen tematzen diren. Eta adibideak ez zaizkigu falta».

Gogora ekarri dute Udalak etxebizitza turistikoen hazkundea geldiarazteko HAPOa aldatzeko konpromisoa hartu zuela, «baina urtebete beranduago, oraindik ez da aldaketa hori egin; eta etxebizitza turistikoek, hotelek, hazten jarraitzen dute. Horrela, gaur egun oraindik ez dakigu noiz onartuko den plan berria eta noiz sartuko diren indarrean agindu eta onartu zituzten neurriak», gaitzetsi dute.

Bilboko Udalak orain urtebete aurkeztu zuen etxebizitza eta ostatu turistikoen errealitatea aztertzeko txostena, tartean coliving etxebizitzei eta egoitzei atal bat eskainiz. Hotel Gehiago EZetik salatu dute horrek atea irekitzen duela ikasleen egoitzak beren plazen %70 osrtatu turistiko gisa erabiltzeko eskolarik gabeko garaietan, «hotel bat bezala». «Argi geratzen da beste behin ere, HAPOren aldaketak, turistifikazio prozesuaren aukerak itxi beharrean, arrakalak irekitzen dituela azpiegitura turistiko berriak sortzeko», ohartarazi dute plataformatik.

Ikasleen egoitzak baliabide turistiko gisa erabiltzearen aurka agertu dira. Izan ere, Udaletik Bilbo «unibertsitate hiri» izan dadin nahi dutela esan dietela eta horren aitzakian «egoitzaz mozorrotutako hotek azpiegiturak» eraikitzen ari direla argitu dute: «Turismora bideratutako ezkutuko hotelak dira. Beste behin ere, udalak hiri eredu bat bultzatzen du, non interes pribatuak eta turistifikazioari lotutako lobbyak lehenesten diren, auzoen beharrei bizkarra emanez eta gutxi batzuen onura ekonomikoetan soilik zentratuz».

Era berean, ikasle egoitzak hiriarentzat «hain beharrezkoak» badira plan orokorraren bidez ostatu turistikoak izateko aukera eragozteko eskatu diote Udalari, «esplizituki adierazi dezala», baita eraikinaren erabileraren birkalifikazioa geldiarazi dezala ere. «Gaur egun ditugun 29 hotel, ehunka etxebizitza eta apartamentu turistiko gehiegi dira gure auzoentzat», adierazi dute, eta Zabalbide kalean funts putre batek apartamentu turistikoak eraiki nahi dituela ere ekarri dute gogora.