
«Euri gutxi egingo du goizean. Eguerdian, mendebaldetik fronte bat iritsiko da eta euria ekarriko du; lurralde osoan bustiko du». Iker Ibarluzeak hala iragarri du gaurko NAIZen atari berezian, eta bai asmatu ere! Goizean giro politarekin esnatu da eguna, baina 12:00etatik aurrera hori da bota beharra hori! Euria, haizea... Bilbora eta Donostiara hurbildu diren milaka herritarrak, behintzat, ederki busti dira.
Gu Donostian izan gara eta, ikusi dugunaren arabera, horrek erabat baldintzatu du festa. Jendetza hurbildu da goizean goizetik; horietako asko baserritar jantziekin apropos jantzita, abarka eta guzti. Euri jasa hasi orduko, ordea, denek aterki artean murgildu behar izan dute, aterkiak buelta eman ez zekien gogor eutsiz. Soluziorik onena aterpe on bat aurkitzea izaten da eta dozenaka lagunek halaxe egin dute.
Horren ifrentzua jakina da: azokako postuak nahi baino hutsago zeuden. Bergarako nekazari Carmen Etxeberriaren hitzetan, «goizean ondo hasi gara, baina orain zeharo zapuztu da. Euria hasi denetik jendea ezkutatu egin da eta ‘de florero’ gaude hemen». Maider Uriarte mallabiarrak ere antzeko sentsazioa zuen. Hala ere, «baratzerako behar da, ura falta da eta». «Egin beharrekoa da, negua da», gogorarazi du han bueltan zebilen beste jakintsu batek.
Anabasa horretan, Konstituzio plazaren erdi-erdian pausatuta, ‘Poxpolo’ txerria da lasaien zegoena. Inguruko argazki eta selfiek tarteka esnarazten bazuen ere, 370 kilo inguruko animali puska lo seko zegoen gu hurbildu garenean. San Martin eguna oraindik urrun baitago...
Beste hainbat animalien postuak ere izan dira Okendo plazan: behiak, ardiak eta ahuntzak izan dira, besteak beste. Hegazti-gripea dela medio, aurten ez da hegaztirik egon.
Elkarte ugari
«... Ez nekea, ez da bide txarra... Gora, gora!...». Animoak goratu nahian, hala abesten zuten soinujole eta trikitilariek. Horietako talde bat zen Donostiako auzo ezberdinetako kideek osatutako musika-talde «inprobisatua». Donostiako piratek eta «auzolanak» elkartuta, kalez kale ibili dira giroa pizten. Estanga eta bere banda eta beste hainbat ere hantxe ibili da, batetik bestera kalejiran.
Talo, txistorra, sagardo eta bestelako produktu lokalen 163 postu zeuden eta horien bueltan jende ugari bildu da. Argi eta garbi, talo postuak ziren nagusi, ilara luzeak baitzeuden ia guztietan. Esaterako, han zeuden Segurako talogileak, jo eta su, 1982tik egin bezala; Lazkaoko Jo Ta Ke taldeko talogileak, haien dirua euskalgintzara eta presoen sostengura bideratzeko prestu; Arabako talogileak; Leitzako Saralegitarrak, 1960an martxan jarritako tradizioari segida emanez... Talogileen artean azpimarratzekoa iruditu zaigu belaunaldi-artekotasuna.
Euriaren ezkortasunari borondatearen baikortasunarekin erantzuten zioten beste hainbat elkarte ere bazeuden. Zaporeak elkartekoek, esaterako, postu bat jarri dute aurten ere eta lortutako diru guztia Gazara bideratuko dute; Gero Axular dantza taldekoek, berriz, bokata eta pintxoak saltzen ari ziren, ikuskizunetarako dirua lortzeko peskizan; ikas-bidaietarako dirua lortzeko postuak ere nonahi zeuden...
Donostiako Asanblada TransBolloMarikak ‘BolloTomas’ antolatu du aurten ere. «Komunitate ez heteroarentzat batzeko espazio eta erritual propioak sortzeko» asmoz, egitarau oparoa antolatu dute: Maurizia koroaren emanaldia, trikipoteoa, bertso saioa, saltxa batxata kuirra...
Lehiaketak
Lagun giroan bada ere, lehiaketarako tartea ere izaten da San Tomasetan. Donostiako kasuan, honako hauek dira irabazleak: barazkietan, Carmen Etxeberria bergararra; fruituetan, Maddi Iradi hernaniarra; Euskal Herriko XXIX. Txistor lehiaketan, Mikel Perez, Embutidos etxekoa; Donostialdeko ezti-lehiaketan, Markox Pagola hernaniarra; Txorimalo lehiaketan, Jai Toki kultur elkartea; azkenik, Txistorra gastronomian lehiaketan, Beti Lagunak elkarte irundarra.
Pare bat kirol ekitaldi ere izan dira. Emakumezko aizkolarien VIII. Urrezko Kopan Oihana Fernandez de Barrena izan da txapeldun. Emakumezkoen VII. esku pilota txapelketan, berriz, Sorondo eta Iparragirre 22 eta 18 gailendu zaizkie Esnal eta Reyri.
Parranda
Oraindik eguna ez da bukatu. Arratsaldean giroa atertu da, eta azokako postuak desmontatu ahala, Ikatz kalea eta bestelako parranda-guneak jendez betetzen hasi dira. Gu, badaezpada, ez gara sartu, behin sartuta ez baita erraza izaten irteera aurkitzea.
Bilbon ere giro ederra
Bilbon San Tomas Azokako 76. edizioa egin dute eta ez dira atzera geratu: 243 kaseta, produktu lokalen 166 postu, 12 txozna... Goizean goizetik sekulako zaparradak egin baditu ere, jendetza izan da Bizkaiko hiriburuan ere. Guztira 10.000 bat pertsona aurreikusten dira.
Bizkaiko sukaldarien Bisubi elkarteak aurten ere ekimen solidarioa bultzatu du. Zehazki, bolondres eta kolaboratzaileen artean 4.500 babarruna errazio prestatu dituzte, sakramentu eta guzti. Bildutako euro bakoitza Bizkaian ongizatearen eta inklusio sozialaren alde egiten duten elkarteetara bideratuko da.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek















