NAIZ

Ander Mintegui eskiatzaileak ezingo du Olinpiar Jokoetan lehiatu belauneko lesio baten erruz

Pasa den larunbatean, Val Gardenako Munduko Kopako jaitsiera proban parte hartzen ari zela, erori eta eskuin belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen 22 urteko bilbotarrak. Asteartean pasa beharko du ebakuntza-gelatik eta, tamalez, ezingo du Milano-Cortinako Neguko Olinpiar Jokoetan egon.

Ander Mintegui Olinpiar Jokoetatik at geratu da lesio baten erruz.
Ander Mintegui Olinpiar Jokoetatik at geratu da lesio baten erruz. (@BATbasqueteam)

Otsailaren 6an hasiko dira 2026ko Milano-Cortinako Neguko Olinpiar Jokoak eta, tamalez, Euskal Herriko kirolarien presentzia apur bat murritzagoa izango da, Iker Mintegui eskiatzailea ez baita bertan izango. Larunbatean, Val Gardenako Munduko Kopako jaitsiera proban parte hartzen ari zela, 22 urteko bilbotarra erori eta min hartu zuen.

Tamalez, erresonantzia magnetikoak eskuin belauneko lotailu gurutzatua apurtu duela erakutsi du. Eskiatzaile bizkaitarra asteartean pasako da ebakuntza-gelatik eta ostean hasi beharko ditu errehabilitazio lanak. Esan gabe doa Milano-Cortinako Jokoak hasi aurretik amaitu direla berarentzat.

«Egun gogorra izan da, baina gauzak horrela dira», adierazi du Minteguik berak bere sare sozialen bitartez. «Pena handia da, azken aldian maila oso altuan ari nintzelako eskiatzen. Hala ere ez, dut amore emango eta lanean buru belarri jarriko naiz txikitako nire ametsa gauzatu asmoz. Nire buruarengan eta nire ondokoengan uste osoa jarri dut horretarako. Nolanahi, milesker egunotan elkartasun mezuak igorri dizkidazuenoi», gaineratu du.

«Erorketa itsusia izan da, bistan da. Baina ez da konpondu ezinezko ezer. Val Gardenarekin zorra kitatzeko geratu zait, baina dagoela lasai, itzuliko naiz-eta», amaitu du eskiatzaile bilbotarrak.