NAIZ

Gernika Palestina elkartearen aldeko partida solidarioa antolatu du Gernika Saskibaloiak

Larunbat honetan, hilaren 27an, 18.30ean jokatuko da Gernika Bizkaia Kirol Elkartearen bi kluben arteko dema: Fenomenos taldea, egokitutako kiroleko taldea eta Beteranoena. Bertan biltzen den diru guztia Gernika Palestina herri ekimenarentzat bideratuko da.

Partida solidarioa jokatuko dute Gernika Bizkaia Klubeko bi taldek.
Partida solidarioa jokatuko dute Gernika Bizkaia Klubeko bi taldek. (@LOINTEK GERNIKA BIZKAIA)

Gernika Bizkaia Kirol Elkarteak partida solidarioa antolatu du larunbat honetarako, hilaren 27an. Ekimen honen helburua da bildutako diru guztia Gernika Palestina elkartearen lan humanitarioa babestera bideratzea.

Maloste pabiloian 18.30ean hasiko den partida klubeko harrobiko bi taldek parte hartuko dute: Fenomenos taldea, egokitutako kiroleko taldea eta Beteranoena. Partidaren aurretik, hainbat ekitaldi egingo dira klubeko neska-mutilen eta Gernikako Ross Dantza Akademiaren parte-hartzearekin.

Gernika Bizkaia Saskibaloi Klubak azpimarratu du «kirolak balio unibertsalak transmititzeko duen garrantzia, hala nola berdintasuna, errespetua, integrazioa, talde lana, zintzotasuna eta elkartasuna». Balio horiek kirolaren esparrua gainditzen dute eta gizarte justuago eta kohesionatuago baten eraikuntzan laguntzen dute.

«Indarkeriaz eta biztanleria zibilaren sufrimenduz markatutako nazioarteko testuinguru batean, bereziki palestinar herriaren kasuan, ekimen honek kirolaren konpromisoa berretsi nahi du bakearekin eta oinarrizko eskubideen defentsarekin», gaineratu du.

Klubetik gogorarazi dute ekitaldi hau ez dela soilik «kirol hitzordu bat, baizik eta konpromiso etiko eta sozialeko ekintza bat ere badela, kirola justizia, elkartasuna eta giza duintasunaren defentsa sustatzeko tresna».

«Partida solidario honetan bildutako dirua osorik bideratuko da Gernika Palestina elkartearen lana babestera, muturreko zaurgarritasun egoeran eta etorkizun zalantzagarrian dagoen biztanleriari laguntzeko», berretsi du klubak.

Gogoan izan behar da Gernika Bizkaiak bere gogoz kontra Israelgo Elitzur Ramla taldearen aurka jokatu behar izan duela Emakumeen Eurocupean, jokatzeari uko eginez gero jasoko zituzkeen zigorrek eta isunek «klubaren etorkizuna zalantzan» jarriko zuketelako. Zentzu horretan, talde israeldarraren aurkako partida biak Bulgarian jokatu ziren, nahiz eta hasiera baten Malosten jokatzekoak izan. Gernika Palestina herri ekimenaren bitartez manifestaldi ezberdinak antolatu ziren partida horiek jokatzearen aurka Gazan Palestinako herria nozitzen ari den genozidioa salatuz.

Sarrerek hiru euroko prezio bakarra izango dute, eta abenduaren 26ra arte eskuragarri egongo dira klubeko laguntzaileen artean: Ipar Taberna, Ladis Design, Forum Sport, Zallo Barri jatetxea eta Adela Garteiz moda-denda, guztiak Gernikakoak.

Partidaren egunean bertan, klubeko leihatila 17.30ean irekiko da.