NAIZ

Gizon bat atxilotu dute Azkoitian, emakume bati sexu-erasoa egiten saiatzeagatik

60 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Azkoitian, sexu-askatasunaren aurkako delitu bat egotzita, kalean zihoan emakume bati eraso egiten saiatu ondoren. Bizikletaz ihes egin ostean, hainbat lekukok geldiarazi zuten. Biktima ospitale batera eraman dute zauriak artatzera.

Eraso matxisten aurkako mobilizazio baten artxiboko irudia.
Eraso matxisten aurkako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du sexu-askatasunaren aurkako ustezko delitu batengatik, Azkoitian kalean zihoan emakume bati eraso egin ondoren. Bizikletaz ihes egin ostean, hainbat lekukok geldiarazi zuten erasotzailea Loiolako basilikatik gertu.

Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak asteazken gaueko 22:50ak aldera izan dira, biktima, 49 urteko emakume bat, GI-631 errepidearen ondoan oinez zihoala, Azkoitia parean. Bizikletan zihoan eta buru-berokia zeraman gizon bat emakumearen ondoan gelditu da, eta lurrera bota du, sexu-erasoa egiteko asmoz.

Biktimak oihu egin eta laguntza eskatu ahal izan du, eta berehala bertaratu dira handik gertu zeuden hainbat pertsona. Erasotzaileak bizikletan ihes egin du, eta bi lekuko atzetik joan zaizkio bere ibilgailu partikularretan, Loiolako basilikatik gertu harrapatu arte. Inplikatua atxiki egin dute Ertzaintza iritsi arte, eta atxilotu egin dute, sexu-askatasunaren aurkako ustezko delitu bat egotzita.

Lakuak adierazi duenez, atxilotua, 60 urtekoa, ertzain-etxera eraman dute, eta han egongo da epailearen esku utzi arte.

Biktima, berriz, ospitale batera eraman dute zauriak artatzera.