
Euskararen erabilera handitzeko asmoz, Nafarroako Gobernua proiektu pilotuak egiten ari da eremu euskalduneko osasun zentroetan. Haien hizkuntza-ezaugarriak eta beharrak berariaz aztertu, euskararen erabilera hobetzeko jarduera zehatzak planteatu, eta herritarrei ematen zaien arreta elebiduna hobetzea da helburua. Ekintzak Euskarabidearekin batera egin dira, Osasun Sailaren Hizkuntza Planaren barnean.
Doneztebeko osasun etxean egin zen lehendabiziko pilotajea, 2022an, eta 2023ko abendutik aurrera Leitzakoan lan egin dute. Proiektuak euskararen erabilera handitzen eta zabaltzen lagundu duela erakutsi dute emaitzek bi kasuetan, bai lantaldearen barrenean eta bai pazienteekin jarduterakoan.
Doneztebeko osasun zentroan, dinamika hasi aitzinetik euskaldunen %53 baino ez ziren euskaraz mintzatzen. Esperientzia bukatu eta segidan, %72k egiten zuten euskaraz, eta handik denbora batera, %66an mantendu da erabilera.
Leitzari dagokionez, %22 igo da euskararen erabilera. %64k hitz egiten zuten lehen; orain, berriz, %86k.
Mintzasarea proiektua
Mintzasarea deitzen da gauzatu duten proiektua edo ariketa. Talde dinamika bat da; parte hartzea borondatezkoa da eta horretarako gutxieneko euskara ezagutza bat behar da. Taldearen hizkuntza ohituretan eragitea du helburu. Horretarako, euskara mantenduko duten pertsonak izendatzen dira: eusleak. Leitzako osasun zentroko 14 langilek parte hartu dute eta hizkuntzaren erabilera neurtu da taldearen eguneroko lan naturalean.
Oinarri horretatik abiatuta, eta Elhuyarrek emandako aholkularitzarekin, lantalde bat eratu da proba pilotua diseinatu eta garatzeko. Hainbat lanpostutako profesionalek osatu dute taldea (erizainak, medikuak, administrariak, psikologoak…), zentroan sortzen diren ahozko harremanetan eragiteko helburu nagusiarekin.
Partaideek modu positiboan baloratu dute Mintzasarea proiektua, besteak beste, kanpoko harremanetan ez ezik, langileen arteko harremanetan ere euskararen erabilera areagotzeko, euskararen erabilera datuetara ekartzeko eta modu objektiboan aztertzeko balio izan duelako.
Hizkuntza plangintza
Hizkuntza plangintzarekin lehentasunak ezarri, eta administrazioan euskararen normalizazioan aurrera egin nahi duela adierazi du Nafarroako Gobernuak. Beste helburu batzuen artean, beharrezko neurriak hartzea aurreikusten du arreta euskaraz jaso nahi duten pertsonek ahal egin ahal izan dezaten.
Herritarrei idatzizko informazio elebiduna (digitala eta paperezkoa) eskaintzea planteatu dute, baita herritarrei arreta emateko gune fisikoetan (bulegoak, harrera-guneak eta beste) hizkuntza-paisaiaren errotulazioa eta informazio-elementuak elebitan jartzea ere.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
